Datorren asteko estreinaldiak

Beacky, bataila baten gidari

Mendeku gosez jantzitako thriller bat estreinatuko dute datorren ostiralean Movistar Plus atarian, 'Beacky'. Beacky eta Jeff aita-alabei gertaturiko gauza lazgarri bat du oinarrian

Beacky, ezustean jaso duten preso talde baten agerpenari aurre egiten. Movistar Plus plataforma digitalean ikusi ahal izango da estreinakoz, ostiralean. BEACKY.
Nagore Arin.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Beste hamaika film eta ekoizpen asko ez bezala, zinemako pantailatik pasatu gabe iritsiko da Becky filma. Pandemiaren ondorioak direla eta, areto eta antzoki asko itxita daude oraindik. Hori dela eta, Becky ekoizpena plataforma digital batean ikusi ahal izango da zuzenean, estreinakoz. Movistar Plus atarian ikusi ahal izango da, eta datorren ostiralean estreinatuko dute, 10:00etan.

Bi zinemagileren artean ekoitzi dute filma: Cary Murnionen eta Jonathan Miloten artean. Drama eta thriller kutsua darion lan bat da, eta Becky deituriko gazte baten eta haren aitaren kontakizuna du ardatz. Asteburu bat du oinarri: Beacky eta bere aita laku alboan duten etxera joan dira asteburua pasatzera, baina asteburu pasa polit eta lasai bat izan behar zuena bat-batean aldatuko da. Ama hil ondoren erabaki dute deskonexio egun horiek behar zituztela, eta lasaitasun bila joan dira lakura.

Ezustean, espetxetik ihes egin berri duen preso talde bat joango da aita-alabengana: Dominick buru duen preso talde bat da, eta ez dira, inondik inora, gupida bila joan hara. Etxebizitza inbadituko dute, eta egoera zail horren aurrean, Beacky izango da testuinguruari aurre egingo dion pertsonaia, aitaren aurretik. Hala, nerabearen eta preso taldearen arteko bataila bat bihurtuko da filma.

Nerabe bat gudaren buru

Mehatxu beldurgarriak, kolpe odoltsuak, bahiketa, ihesaldiak... Ekintzarik eta erritmorik ez da falta thrillerrean, eta, hain justu ere, ezaugarri horiek dira filma deskribatzen duten baliabideak. «Emakumeen ahalduntzearen eta mendekuaren erakustaldi» gisa izendatu dute batzuek. Beste batzuek, berriz, entretenimendu zaindu, perbertso eta dibertigarri bat dela adierazi dute. Hala ere, badira hain ongi baloratu ez duen zenbait zinemazale ere. Horien kasuan, kontakizuna nahiko ahula eta pattala dela aitortu dute, eta klixe ugari dituela.

Zinema aretoetatik pasatu ez den arren, jaialdi famatu batean proiektatu zuten lehenengo aldiz: Sitgeseko jaialdian, hain zuzen ere. Sail Ofizialean izan zen, eta jaialdi horretan ere harrera epela izan zuen. Antzezleei dagokienez, Kevin Jamesen eta Lulu Wilsonen lana da nabarmenena. Gainera, berrikuntza bat izan da Jamesen jardun profesionalean; izan ere, orain arte umorearen generoan lan egin izan du nagusiki. Lulu Wilson antzezlearen kasuan, orain arte telesailetan jardun da bereziki. Beacky filmarekin egin dute elkarrekin lan lehen aldiz, eta datorren ostiralean, otsailaren 12an, estreinatuko dute Movistar Plus plataforma digitalean.

'BECKY'
Zuzendaria. Cary Murnion eta Jonathan Milot.
Aktoreak. Kevin James, Lulu Wilson, Joel McHale, Amanda Brugel, Robert Maillet, Ryan McDonald, Gage Graham-Arbuthnot, Mike Dara, Chandra Michaels, James McDougall, Markus Radan, Isaiah Rockcliffe, Charles Boyland, Andrew Siwik, Chelsea Barnes.
Urtea. 2020.
Iraupena. 92 minutu.
Generoa. Drama eta thrillerra uztartzen ditu.

Ostiralean estreinatuko duteMovistar Plus plataforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.