Datorren asteko estreinaldiak

Hegaldi maldatsu eta zoro bat

Roseanne Liangen 'Shadow in the Cloud' film berriak fantasia eta beldurra uztartzen ditu. Movistar Plus eta Filmin plataforma digitaletan estreinatuko dute

Maude Garrett (Chloe Grace Moretz) hegaldiko ofiziala, dokumentu sekretuz beteriko fardel garrantzitsu bat eskuetan daramala. SHADOW IN THE CLOUD.
Nagore Arin.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra, B-17 Flying Fortress hegazkin bat, pilotu bat eta beste hainbat kide; besteak beste, Maude Garrett deituriko emakume bat: hegaldiko ofiziala da. Dokumentu sekretu andana darama; txosten garrantzitsu eta arriskutsu ugari ditu, eta gauza guztien gainetik babestu behar ditu. Eta, bat-batean, agerpen maltzur eta ilun bat hegaldian. Hori da, finean, Shadow in The Cloud filmaren funtsa. Roseanne Liang zinemagileak sortu eta zuzendu du, eta Movistar Plus eta Filmin plataforma digitaletan estreinatuko dute, ostiralean.

Ekintzaz beteriko ekoizpen bat da; fantasia eta beldurra uztartzen ditu, eta gerraren testuinguruan girotuta dago. Hegazkin bonbardatzaile bat da lanean agertzen den kokaleku ia bakarra, eta Garrett ofiziala hegaldi horretan joango diren eskifaia kideekin batzean hasten da anabasa. Inork ez zuen hura han espero; are gutxiago sekretu garrantzitsuz beteriko fardel batekin. Hala, galderaz eta hutsunez beterik hasiko dute bidaia, eta, pixkanaka, gertaera bitxiak gailenduko dira Zeelanda Berritik Samoarainoko hegaldi maldatsu eta zoroan.

Gertaera bitxi horiekin batera, presentzia gaizto bat sumatuko du eskifaiak. Gero eta hurbilago duten segada japoniar batekin borrokatu beharko da taldea, eta Garrett ofizialaren jarduna zera izango da, bere ardurapean dituen dokumentu sekretuak zaintzea eta eskifaiako beste kideak babestea.

Originaltasuna oinarri

Hain zuzen, Garrett da filmaren protagonista: Chloe Grace Moretz antzezleak pantailaratu du, eta, oro har, iritzi onak jaso ditu lan hori «dibertigarri» egiteagatik. Askotariko iritziak eta erreakzioak eragin ditu Liangen Shadow in The Cloud lanak, eta, horien guztien artean, mezu positiboak gailendu dira bereziki. Erantzun ona izan du zinemazaleen artean, eta, horietako batzuen iritziz, «guztiz aurreikusezina» da filma.

«Bonbazo absolutu» bat dela ere esan dute, eta eragiten dituen sentimendu kontrajarriak ere azpimarratu dituzte askok. Hain justu ere, ikus-entzule batzuekfilmaren ezaugarri «zentzugabeak» eta, neurri batean, «irrigarriak» goraipatu dituzte. Horien kasuan, azaldu dute ezaugarri horiek direla ekoizpena ikusten jarraitzera eta edukiaz gozatzera eramaten duten bereizgarriak.

Txinako eta Zeelanda Berriko zinemaren industrian egin izan du lan bereziki Roseanne Liang zuzendariak. My Wedding and Other Secrets izan zen bere lehen lana, eta estreinatu zen urtean,herrialdeko lan arrakastatsueneko bat izan zen ekoizpena. Shadow in The Cloud da egin duen azkena lana, eta Torontoko Zinemaldian ikusi ahal izan zen. Harrera ona jaso zuen orduan, eta ikus-entzuleen garaikurra lortu zuen.

'SHADOW IN THE CLOUD'
Zuzendaria. Roseanne Liang.
Aktoreak. Chloe Grace Moretz, Nick Robinson, Callan Mulvey, Taylor John Smith, Beulah Koale, Byron Coll, Benedict Wall, Joe Witkowski.
Urtea. 2020.
Iraupena. 80 minutu.
Generoa. Fantasia eta beldurra uztartzen ditu.

Ostiralean estreinatuko duteMovistar Plus eta Filmin atarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.