Datorren asteko estreinaldiak

Betikotasunaren aurpegiak

Ostiralean estreinatuko dute Igor Legarreta zinemagilearen 'Ilargi guztiak' filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Hilezkortasunari buruzko hausnarketa egiten du

Hilezkortasunari eta iraupenari buruzko hausnarketa egiten du Legarretaren film luzeak. Irudian, Itziar Ituño eta Haizea Carneros antzezleak. ILARGI GUZTIAK.
Nagore Arin.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Badira pandemiaren eraginez aurrez zehazturiko grabazio plangintza goitik behera aldatu eta errealitate berrietara moldatu behar izan duten film luzeak. Badira, halaber, koronabirusari lotutako testuinguru hori ilundu denean, estreinaldi data atzeratu behar izan duten film luzeak. Eta badira testuinguru horiek biak bizi behar izan duten film luzeak.

Pandemiaren urtean egindako ekoizpen askoren kasua da, eta horietako bat izan da, hain justu ere, Igor Legarreta zuzendariaren Ilargi guztiak filma.

Hasierako asmoen arabera, otsailean estreinatu behar zuten lana, baina, neurri murriztaileak eta zinema areto askoren behin-behineko itxiera direla eta, atzeratu egin behar izan zuten data hori. Zenbait hilabete itxaron ondoren, iristear da egun hori: hurrengo ostiralean estreinatuko dute, eta Hego Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan izango da.

Oinarri sendoak

Jon Sagalarekin elkarlanean egin du gidoia zuzendariak, eta izen handiko antzezleek parte hartu dute filmean. Horien artean dira Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Egileor, Elena Uriz eta Haizea Carneros. Oro har, sona eta oihartzuna duten antzezleak dira, baina bada lehen aldiz fokuen aurrean jarri denik ere. Haizea Carnerosen kasua da hori: hilezkor bihurtuko den haur baten pertsonaia egin du, eta haren lehen esperientzia izan da zinemaren industrian. Nabarmena da harekin zer lanketa egin duten; izan ere, pasioz eta segurtasunez ari dela igartzen zaio Carnerosi, eta sinesgarri suertatzen da fokuen aurrean.

Hala eta guztiz ere, ez da erraza izan grabaketa. Prozesu betean harrapatu zituen pandemiak, eta larrialdi egoera ezartzearekin bat eten behar izan zuten grabaketa. Egun gutxi geroago berrekin zieten filmaketa lanei, baina, lau ustez grabatzen egon ondoren, berriz ere eten behar izan zuten jarduna. Egun gorabeheratsuak izan ziren taldearentzat, baina, azkenean, Euskal Herriko txoko askotan izan ziren ekoizpena grabatzen. Horien artean daude, adibidez, Urbasako inguruak eta Aldatzen eta Leurtzako urtegia, biak ala biak Nafarroan.

Talde teknikoak ere lagunduko zuen testuinguru zail horiei aurre egiten; izan ere, zinemagile esperientziadun eta eskarmentudunak dira horietako asko, eta batzuek, gainera, badute Goyaren bat ere esku artean. Hain zuzen, Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filmean lan egin zuten hiru aritu dira Legarretaren lanean: Laurent Dufreche edizio lanetan, Mikel Serrano arte zuzendaritzan, eta Pascal Gaigne musikaren arloan. Legarreta bera ere ez da atzean gelditzen. Besteak beste, beste film luze bat eta bi labur zuzendu ditu: Cuando dejes de quererme (2018), El gran Zambini (2005) eta Diminutos del Calvario (2001), hurrenez hurren.

'ILARGI GUZTIAK'
Zuzendaria. Igor Legarreta.
Aktoreak. Itziar Ituño, Zorion Egileor, Josean Bengoetxea,Haizea Carneros, Lier Quesada, Elena Uriz.
Herrialdea. Euskal Herria.
Urtea. 2021.
Iraupena. 102 minutu.
Generoa. Beldurra, fantasia.

Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko antzoki eta zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.