Datorren asteko estreinaldiak

Aktore beterano baten erronka berria

Nicole Kidman akzio rol batean murgildu da 'Destroyer' filmean, bere ibilbide luzean lehenengo aldiz
Nicole Kidman aktoreak Erin Bellen rola antzezten du <em>Destroyer</em> filmean.
Nicole Kidman aktoreak Erin Bellen rola antzezten du Destroyer filmean. BERRIA

Gontzal Agote -

2019ko otsailak 16
Ia berrogei urteko ibilbide artistikoa egin du Nicole Kidmanek, eta, egindakoari arretaz erreparatuta, ikus daiteke oso filmografia sendoa osatzen jakin duela. Gorabeherak izan ditu, jakina; baina urte horietan guztietan asmatu du kalitatearen eta komertzialtasunaren arteko oreka hauskorrarekin dantzatzen.

1980ko hamarkadaren hasieran, australiarra sorterriko telesailetan hasi zen trebatzen. Gero, pantaila handira egin zuen salto; eta 1989an, Philip Noycek zuzendutako Dead Calm filmaren oihartzuna baliatu zuen Hollywoodera egiteko.

Han, Tom Cruisekin egin zituen lehenengo filmak —Days of Thunder, Far and Away—, baina berehala beste lankide batzuk aukeratu zituen Kidmanek. Gus van Sant zuzendariaren eskutik, lehen aukera handia etorri zitzaion: To Die For-eko protagonista ahaztezina izan zen, telebista aurkezlea izan nahi zuen gazte baten rolean. Matt Dillon eta Joaquin Phoenix izan zituen ondoan.

Porrot komertzialak

Hortik aurrera, aktoreak zuzendari inportanteekin lan egiteko aukera izan zuen: Jane Campion eta Stanley Kubrick, besteak beste. Mende berriaren hasiera urrezko aro moduko bat izan zen Kidmanentzat, bata bestearen segidan arrakasta handiko filmak kateatu baitzituen: Moulin Rouge, Los otros, The Hours, Cold Mountain...

Horien ostean, 2003an, esperientzia gogorra ailegatu zen, Lars von Trierrekin Dogville filmatzearekin. Film hori egin eta gero, gorabehera handiagoak izan ditu Kidmanek, eta hainbat porrot nabarmen: Birth, Bewitched, Australia, Nine...

Nolanahi ere, Kidmanek beti jakin izan du aurrera jarraitzen eta horren komertzialak ez ziren rol interesgarriak bilatzen, zuzendari prestigiotsuen eskutik. Horren lekuko dira, besteak beste, Noah Baumbachen Margot and the Wedding, Park Chan-wooken Stoker, Sofia Coppolaren The Beguiled eta Yorgos Lanthimosen The Killing of a Sacred Deer.

Horrekin guztiarekin, 2019ra ailegatu da aktorea, eta, lehen aldiz, bete-betean akzio pelikula batean sartu da. Guztiz itxuraldatuta, Erin Bellen rolean jarri da, gaztetan Kaliforniako mafian infiltratu zen polizia baten rolean. Esperientzia horrek arrasto sakona utzi dio, eta, gaindituta dagoela uste duenean, iragana etorriko zaio berriro bila.

Karyn Kusamak egin ditu zuzendari lanak. Girlfight-ekin ezagutarazi zuen bere burua, eta, hainbat telesailetan aritu ostean, orain dela hiru urte The Invitation film durduzagarria egin zuen.

Zinemagileak aitortu du Destroyer egiteko orduan 1970eko hamarkadako hainbat thriller klasiko izan dituela gogoan, hala nola Serpico eta French Connection klasikoak.

'DESTROYER'

Zuzendaria. Karyn Kusama.

Aktoreak. Nicole Kidman, Sebastian Stan, Tatiana Maslany, Toby Kebbell.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2018.

Iraupena. 123 minutu.

Generoa. Thrillerra.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna