Telesailak

Fikzioa, memoriaren jokaleku

'Rebellion' telesail irlandarrak iraultza, gerra eta independentzia ditu hizpide

Irlandako RTE kate publikoak ekoitzi du telesaila. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
«Gu gara herrialde honetako gobernu legitimoa» esan eta berehala jasoko du erantzuna, «legeak urratzeko eskatzen ari zara niri». Azkenaldiko aktualitate politikoan aski ezagun bilakatu dira halako esaldiak. Oraingo honetan, ordea, ez dute zerikusirik Kataluniarekin, Rebellion telesaileko bi pertsonaiaren arteko elkarrizketaren parte baitira. 1916. urteko Pazko matxinada eta ostera etorri zen Irlandaren Independentziako Gerra biltzen ditu kontakizunak, gatazkaren bihotzean norabide kontrajarriak hartu zituen lagun talde baten begirada oinarri.

Irlandako RTE telebista kate publikoak ekoitzi du saioa, eta estimatzekoa da hori, azken batean entretenimenduzko fikzioa soilik ez, memoria ariketa ere badelako. 1996. urtean, Neil Jordan zinemagileak Veneziako jaialdiaren Urrezko Lehoia irabazi zuen Michael Collins filmari esker; 2006. urtean, aldiz, Ken Loachek Cannesko Urrezko Palma erdietsi zuen, The Wind that Shakes the Barley filmaren eskutik. Irlandarrek aspaldi ekin zioten euren historiako urte gatazkatsuenak fikzioaren bidez lantzeari; horri esker, egun ugaritu egin dira tankera horretako ekoizpenak, eta gai arantzatsuak ez dira norgehiagoka politiko hutsaletarako bazka.

Rebellion telesaila memoria historikoaren belaunaldi arteko transmisioaren eredu ere bada. Azken batean, 1960ko hamarkada amaieran jaiotako Colin Teevan sortzailea zubi eraikitzaile da, garai historiko horiek hezur-haragitan ezagutu zituztenen eta IRAren indarkeria ezagutu ere egin gabe hazi diren belaunaldi gazteen artean.

Askotariko pertsonaiak

Horregatik, nabarmentzekoa da telesailak askotariko pertsonaiekin jantzi izana istorioa. Kontakizunaren parte dira IRAn sartu berri den gerrako beteranoa, Irlandar Errege Poliziako kidea, gatazkako bi aldeen artean mugitzen diren espioiak, administrari publikoak, bankariak, medikuak, kazetariak, mojak... Garai hartako gertakarien mapa soziala osatzen dute, pertsonaia guztiek nahi bezainbesteko sakontasunik izan ez arren.

Irlandako Errepublikaren oinarriak ezarri ziren garai giltzarria kontatzen du telesailak, eta horrek aparteko oihartzuna du egun, Brexitak Irlanda banatzen duen mugaren inguruko eztabaida berpiztu baitu.

Baina ekoizpena mugatua da; horren erakusle da telesaileko errodaje guneen artean barneko kokalekuak nagusitzea eta kontakizunaren nortasuna areagotuko lukeen zinemagintza artistikoak aparteko distirarik ez egitea. Gabezia horiek, dramatismoa eta istorioaren dimentsio politikoa murrizteaz gain, garai historikoaren handitasuna ere itotzen dute maiz. Telesailak zailtasunak ditu eztanda sozial betean zen Irlanda islatzeko, eta, argi-ilunez beteriko narrazioa behar zukeena azaleko kontakizun xume da azkenean.

Dena den, positiboa da telesaila existitze hutsa, batetik iraganaren azterketa kritikoa normaltzen duelako, eta, bestetik, etorkizunean antzerako istorioak lantzen jarraitzeko bidea errazten duelako. Bada non begiratu, Euskal Herrian kontatzeko dauden hamaika istorioei fikzioaren prismatik eusteko.

'REBELLION'

Sortzailea: Colin Teevan.

Aktoreak: Brian Gleeson, Michael Ford-Fitzgerald, Gavin Drea, Simone Kirby, Aoife Duffin.

Herrialdea: Irlanda.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.

Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.