Telesailak

Emakumeen iraultza

'The Handmaid's Tale' telesaila hirugarren denboraldira iritsi da, feminismoaren ikur bilakatuta

Saioaren unibertsoan, emakumeak esklaboak dira: haurrez erditzea dute betebehar nagusia. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Margaret Atwood idazle kanadarrak 1985ean plazaratu zuen telesailaren izen bereko nobela distopikoa, baina, egun, inoiz baino lausoagoa bilakatu da errealitatearen eta fikzioaren arteko muga.

Tunika gorriak soinean, emakumeak kalera atera dira protestan AEBetan, Argentinan, Irlandan eta Polonian, izan abortua legeztatzearen alde, izan duintasuna arriskuan ikusi eta hura defendatu nahian. Eskuin muturraren nazioarteko gorakadak alarma guztiak piztu ditu eskubide sozialen alorrean, eta, hein batean, The Handmaid's Tale gizartearen ispilu edota termometro ere bilakatu da.

Telesailak erronka bikoitzari egin behar izan dio aurre lehen bi denboraldietan. Batetik, Atwooden jatorrizko kontakizuna indar osoz pantailaratzeari. Bestetik, telesaila bere egin duen gizarteko zati baten aldarrien bozeramaile izateari. Ez da hori telebistarako fikzioen berezko funtzioa, baina ezin uka Millerrek gidari gisara errealitatera egokitzeko nolabaiteko erantzukizuna sentitu duela, diskurtso eraikitzaile eta iritzi sortzailearen talaiatik.

Izan ere, The Handmaid's Tale saioaren unibertsoan, emakumeak esklabo dira: haurrez erditzea dute betebehar nagusia. Gainerakoan, teokrazia puritanoan oinarrituriko gizarteko gizonen nahi oro asetzea dute xede. Azkenerako, emakume guztiak dira biktima, eta horixe da, hain justu, telesailak adimenez jorratu dituen alor interesgarrienetako bat.

Kontakizunaren hasieran tunika urdina zeramaten emakumeak bilakatu ohi ziren tunika gorriz jantzitakoek edukitako haurren ama. Baina, istorioak aurrera egin ahala, pribilegio horiek samina eta krisi sakona eragin dute urdinezko protagonistarengan, sakralizaturiko sistema zalantzan jarri eta disidentziarekin kolaboratzeagatik zigorrak pairatzeraino.

Alor narratiboa

Hori baita, azken batean, telesailaren beste dilema narratibo mamitsuenetako bat. Behin sistemaren okerrez ohartuta, posible al da horrenbeste erroturiko egitura bat sustraitik irauli eta eraldatzea? Edo akaso sistematik ihes egitea litzateke hauturik zentzudunena? Gileadeko unibertso autoritarioan, erabaki orok du sekulako arriskua.

Eta, arriskuaz hitz eginda, ezin aipatu gabe utzi Bruce Miller sortzaileak hirugarren denboraldi honetan eginiko hautuaren perila. Emanaldi berriko lehen atalak ikusita, kritikari zein zaleen artean kezka nagusitu da, The Handmaid's Tale iparra galtzen hasi ote den kezka.

Alor narratiboari dagokionez, dagoeneko luze eta zabal landuriko ildoak errepikatzen hasi da telesaila, aparteko ekarpen freskorik egin gabe. Alor formalean, aldiz, uko egin dio lehen bi denboraldietan aho batezko gorespena eragin zuen argazki lan itogarriari. Literatura materialik gabe, inoiz baino agerikoagoa da telesailak ez duela jomuga edota norabide argirik.

Haurdunaldi subrogatuaren, gizonek borroka feministan izan beharreko rolaren eta bestelako kontu batzuen inguruko gogoeta sustatzeko ere balio dezake telesailak. Baina, batez ere, The Handmaid's Tale emakumeen ahalduntzearen inguruko istorio bat da. Hirugarren denboraldiak bide horretan sakontzeko nahia adierazi du; ikusteko dago orain gai izango ote den oreka narratibo, zinematografiko eta soziala bermatzeko, fronte asko dituen iraultzan porrot egin gabe.

'THE HANDMAID'S TALE'

Sortzailea: Bruce Miller.

Aktoreak: Elisabeth Moss, Yvonne Strahovski, Joseph Fiennes, Alexis Bledel, Ann Dowd, Max Minghella, Bradley Whitford, O-T Fagbenle.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: HBO.

Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.

Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.