Musika eta zinema, bat

Hainbat film emanaldi eta kontzertu bat eskainiko dituzte Gasteizen, 'Kortxeak & krispetak' zikloan, gaurtik uztailaren 5era arte

Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da Gasteizen Kortxeak & krispetak zikloa. Uztailaren 5a bitarte, hainbat ikus-entzunezko, emanaldi eta kontzertu bat eskainiko dituzte horren barruan. Hainbat gai jorratuko dituzte musika eta zinemaren bitartez, Falerina tabernaren terrazan.

Zikloa gaur arratsaldean hasiko da, 19:30ean, Lou, jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalarekin. Lou Olangua (Zarautz, 1960) abeslaria da protagonista: 1980ko hamarkadan aritu zen agertokietan, besteak beste, OK Korral taldean. Dokumentalaren ostean, Izotz Barrio proiektuaren zuzendariak solasaldi bat egingo du Ortuño Aretoan.

Bihar, M.I.A. Sri Lankako musikariaren inguruko lan bat proiektatuko dute, 22:00etan. Matangi Maya M.I.A. dokumentalak artistaren bizitzaren gorabeherak azaltzen ditu.

Ostegunean Orion: The Man Who Would Be King filma ikusteko aukera izango dute zaleek. Pelikula horren protagonista Elvis Presley musikariaren imitazioak egiten zituen Jimmy Ellis artista da. Haren erretratua egiten du filmak.

Zikloa amaitzeko, filmak alde batera utziko dituzte, eta musikari ekingo diote, ostiralean. Eskean Kristo talde bizkaitarra arituko da, Falerinako lorategiko oholtzaren gainean, hirugarren diskoa aurkezten.

Bost urte eta hamaika saio

Kortxeak & krispetak-ek bost urte beteko ditu jada. Oihaneder Euskararen Etxeak 2014ko urrian ateak zabaltzearekin batera hasi zuen jaialdia. Geroztik ez da han kultur ekintzarik falta izan, eta euskararen arnasgune bilakatu da Gasteizen.

Kortxeak & krispetak





Gaurtik ostiralera arte,Gasteizen (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.