Zigoitian, arte giro

Landa Inguruneko V. Arte Jaialdia egiten ari dira Arabako Gorbeialdean. Antzerkia, zinema, musika eta tailerrak izango dira egun hauetan

Gasteiz
2018ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Festikale Landa Inguruneko V. Arte Jaialdia, Arabako Gorbeialdean. Zigoitiko Udalaren ekimenez, programa «ausart eta berritzailea» osatu dute, eta zirrara eta hausnarketa eragitea du helburu. Hainbat kultur ekintza ikusi ahal izango dira egun hauetan Gopegi eta Ondategi herrietan: kale antzerkia, musika, zinema eta tailerrak daude egitarauaren barruan.

Gaur, Herrialde Katalanetatik etorritako Ponten Pie konpainiak Loo areto ikuskizuna eskainiko du arratsaldeko sei eta erdietan, eta 2 eta 5 urte arteko haurrentzat da. Ikuskizun hori Gorbeia ikastolan izango da, eta sarrera ordaindu egin beharko da. Antzezlana bihar ere egingo dute, ordu berean. Gaueko zortzietan, berriz, Tobacco Road taldearekin blues musikaz gozatu ahal izango da, Artzegi tabernan.

Biharko eguna izango da oparoena: eguerdiko hamabi eta erdietatik hasi eta gaueko hamaikak arte, kontzertuak, tailerrak eta antzerki ikuskizunak izango dira. Eguerdiko hamabi eta erdietan, Noveno In Blues taldeak rock-blues kontzertua joko du Bengolarra parkean. Arratsaldeko bostetan, berriz, Cal y Canto konpainiak gidatuta, haurrentzako kometa lantegia eta horien erakustaldia izango da leku berean.

Arratsaldeko zortzietan, Euskal Herriko Vaiven konpainiaren El último tren a Treblinka antzezlana izango da; lan hori Max antzerki sariketetako irabazlea da. Antzezlana Zigoitiko zentro soziokulturalean eskainiko dute. Bederatziak eta laurdenean, A.T.A.K.A ikuskizun ibiltaria hasiko da leku beretik abiatuta, eta, eguna ondo bukatzeko, gaueko hamarretan, Apodaka Jazz taldeak Gipsy jazz musika kontzertua joko du Bengolarra tabernan.

Festikale

Gaur eta bihar, Zigoitian (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.