Kalabaza tripontziak

Bihar, kalabaza erraldoiak erakutsiko dituzte Valtierran, nazioarteko azokan. Kalabazak pisatuko dituzte, eta handienek saria jasoko dute

Iker Tubia -

2018ko irailak 7
Hala bada edo ez bada, oraingoan kalabazak sartuko dira herriko plazan. Valtierrako herrian, hain zuzen ere (Nafarroa). Bihar, hango eta hemengo kalabaza erraldoiak ikusgai izanen dira Erriberako herri horretan, hamargarrenez ospatuko duten nazioarteko azokan. Erakutsi ez ezik, lehian arituko dira kalabazak, zeinek gehien pisatu.

Kalabazak egunaren erdigunean, baita plazarenean ere; 300 kilokoak izaten dira, baita handiagoak ere. Horregatik, plazan erakusgai paratzeko, garabien laguntza ezinbesteko dute valtierrarrek. 08:00etatik 10:00etara, kalabaza guziak pisatuko dituzte, pisutsuenak irabaziko baitu saria. 13:00etan eginen dute txapelketako sari banaketa. Hiru sari nagusi emanen dituzte, baina, kalabaza batek 1.000 kiloko muga gainditzen badu, sari berezia izanen du: 1.000 euro gehiago. Sariak banatuta, kalabazek plazan jarraituko dute 17:00 arte.

Hori ez da izanen azokak eskainiko duen bakarra. Goizean, azoka izanen da, tren turistikoa eta poney paseoak Valtierrako alde zaharrean. Eguerdian, erraldoiak eta buruhandiak aterako dira kalera, eta kalejiraren bukaeran dantza eginen dute Giza Eskubideen plazan. Baratzeko produktuen dastatzea eta herri bazkaria ere eginen dituzte.

Sukaldean, jendaurrean

Kalabaza erraldoien azoka bihar da, baina gaur ere izanen da zer eginik. 19:00etan, showcooking saioa eginen dute; Javier Perez Mazuque sukaldariak hainbat plater prestatuko ditu jendaurrean. Horretarako, noski, kalabaza erabiliko du.

Kalabaza Erraldoien X. Nazioarteko Azoka

Bihar, egun osoz, Valtierran (Nafarroa).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna