ATZEKOZ AURRERA

Gurpil gainean, analisien ilaran

Ibilgailu askok egiten du ilara Gipuzkoan azterketa teknikoa egiteko, tartean Urnietan. Bospasei asterako ematen dituzte txandak; zentro berriak irekitzeko zain dago jendea.

Uztail amaierara arteko txandak beteta daude Urnietan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Urnieta
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Auto gorria, leiho beltzekin; autobus urdina, hizki berdeekin; autokarabana zuria, gortina grisekin. Bata bestearen atzean, guztiak geldirik eta zain. Urnietako (Gipuzkoa) IAT lantegian daude, euren txanda noiz helduko. Atzo ere ibilgailu ugari eraman zituzten azterketa teknikoa egitera; duela aste asko egindako plana zuten.

Izan ere, Gipuzkoako IAT lantegietan arazoak sortu dira azkenaldian: hainbat hilabeteko tartearekin ematen dituzte txandak. Halaber, azterketetako araudia zorrozteak ilarak areagotu ditu. Horri erantzuteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak iragarri du zentro berriak irekiko dituztela.

Ilaran dago jendea Urnietako bulegoan; dozena bat lagun. Eskuineko ilarakoek paper berdeak dituzte esku artean; ibilgailuen agiriak dira. «Lehenengo edo bigarren ilaran jarri», esan du bulegokoak. Ordua hartzeko zain daude ezkerreko ilarakoak. «Uztailaren 22rako dugu txanda, nahi baduzu», esan dio langileak bezeroari. Baietz erantzun dio, bost aste barrurako hitzordua lotuta. Lantegira joan da, hitzordua Internetez hartzea ezinezkoa baita.

Gero eta zorrotzagoak

Motorra itzali, eta autotik atera da Jon Etxebeste. Hiru toki atzeragoko ibilgailura joan da. Aitaginarreba dago han, leihoa zabalik; Ibarratik (Gipuzkoa) etorri dira. «Batera joaten gara urtero. Normalean Arbizura joaten gara, ez zait gustatzen ordua aurrez hartzeko sistema hau», azaldu du Etxebestek. Alta, han ere ilara luzeak omen daude azkenaldian; horregatik joan dira Urnietakora.

Carmen Mazmela eta haren laguna ere ilaran daude. Donostiatik joan dira. «Martxoan hartu nuen txanda, eta harritu egin nintzen hasieran. Gero jakin nuen nola dagoen egoera». Zain egon beharko dutela ikusita, txakurra hartu eta autotik atera da Mazmela, paseatzera.

Fruitu lehorrak jaten ari da Aritz Martiarena. Trailer baten ondoan dago, Pedro Urrutiarekin kontu-kontari. Lantegiaren sarreran dago ibilgailua. «Ez da sartzen lantegian; teknikoak etortzen dira begiratzera», esan du Martiarenak. Urrutiaren arabera, gero eta zorrotzagoak dira aztertzaileak: «Orain kamioira igotzen dira, argiren bat piztuta ote duen begiratzera».

Argi zuri-horiak eta keinukariak ikusten dira lantegi barruan. Ibilgailuen motor hotsa entzuten da, baita bozinaren bat ere tarteka. Auto beltz bat atera da hiru irteeretako batetik. «Ezin hobeto joan da dena: atoientzako lotura bat jarri diogu autoari; ondo ote dagoen begiratzeko ordua hartzera etorri gara», azaldu du Juan Gereñok. Txaro Gardeazabal dago ondoan: «Begiratu diote, eta ondo dauka. Pozik doazen bakarretakoak izango gara».

Jose Maria Garmendia 2020 jartzen duen eranskailua jartzen ari da autoaren aurreko kristalean. «Duela bi hilabete hartu zidan txanda semeak. Normalean ordubete itxaron izan dut, baina gaur hamar minutuan sartu naiz». Oraingoan Urnietara joan da, baina hurrena gertuago pasatzea espero du: «Orain Beasainen irekiko dute; bertatik bertara geratuko zaigu Legorretatik».

Autoan sartu da Maria Pilar Urretabizkaia. Abiatzera doa, baina berriz itzuli beharko du: «Ordua hartzera etorri naiz, eta arratsalderako eman didate; antza, norbaitek bertan behera utzi du txanda». Otsailetik du IAT iraungita; herenegun ohartu zen horretaz. «Lehen jakinarazpen gutun bat bidaltzen zuten, edo hori uste dut behintzat». Askorik luzatu gabe joan da, hurrengoari tokia utziz. Ordu gutxi barru egokituko zaio ilaran egotea, azterketa gainditzeko esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.