ATZEKOZ AURRERA

Etorkizunerako segidarik ez

Zumarragako eta Urretxuko Santa Luziako azokak jendetza biltzen du urtez urte, baina baserritarrek nabarmendu dute gabezia nabaria dagoela belaunaldien arteko transmisioan.

Mikel O. Iribar.
Zumarraga-Urretxu
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Antonio Bolinaga oñatiarrak goizeko zortzietarako jarriak zituen moxalak Beitikuako baserritarrari zegokion postuan, txukun-txukun. «Kostata, baina abereen atoitik ateratzea lortu ditut, haizea indarrez baitzebilen». Bolinagak 50 urte baino gehiago daramatza Zumarragan eta Urretxun (Gipuzkoa) ospatzen den Santa Luziako azokara joaten. 90 urte dituen arren, oraindik gazte sentitzen da. «Halere, gazteak falta dira guri erreleboa hartzeko», esan zuen, etsipen aurpegiarekin.

Aurtengo Santa Luzia azokan, guztira 393 postu jarri zituzten atzo. 258 Zumarragan, eta 135 Urretxun, eta goiz osoan sariketa ugari izan ziren. Ohi denez, Euskal Herritik joandako bisitariak hara eta hona zebiltzan Gipuzkoako bi herrietako kaleetan.

Eguraldiak eusten ziola, abere postuetan bazegoen ikusmina, baina salmentarik apenas zegoen. Egoera horretan zegoen Maider Mazizior Zegamako (Gipuzkoa) Ezpaleoko baserritarra. «Abereak saltzeko ohitura galdu egin da jada. Guk ekarritako zaldiak lehiaketarako aurkeztu ditugu». Maziziorren ondoan zegoen baserritarra, ordea, behorra saltzeko negoziaziotan buru-belarri zebilen aita-seme batzuekin. Aitak erosleari galdera zuzena eta garbia egin zion: «Behorra umeak egiteko pisuan zagok?», baserritarrak, baietz esan, eta txipa ere jarria zeukala gehitu. Sakelakotik dei batzuk egin ostean, 1.800 euroan itxi zuten tratua.

Bitartean, haien aldamenean bi haur zeuden, behorrari so eginez. Aiako (Gipuzkoa) Amaia Irigoienen semeak ziren biak. «Bigarren aldia dugu hona etortzen. Giro oso polita sortzen da, eta, umeak entretenituta baldin badaude, ez gaude kexatzeko».

[Youtube]https://youtu.be/AkM3PpLm-xw[/Youtube]

Abereez gain, barazki, gazta eta opil postuak baziren Euskadi Enparantzan. Hain zuzen ere, Maria Luisa Petralanda Orozkokoa (Bizkaia) ogia eta euskal pastela saltzen ari zen. 30 urte baino gehiago daramatza azokara joaten. «Poliki-poliki, jendea ari da hurbiltzen eta erosten». Opilei begira zegoen Getariako (Gipuzkoa) Arantxa Aranberri. Urtero joaten da azokara, goiz-pasa. «Aurten, ordea, Urretxu ondoko upategi batean egingo dugu hamaiketakoa».

Goizak aurrera egin ahala, bisitarien artean gosea nabari zen, baita zumarragarren artean ere. Nere Egiguren taloa txorizoarekin jaten gozatzen ari zen. «Sagardoa falta zaigu errematea egiteko» esan zuen, barrez. Segurako talogileek fama handia dutenez eta ilara luzeak zeudenez, ondoko talogileei erosi zien Egigurenek. Han zebilen Joanita Agirre legazpiarra. Hitz egiteko gai ez zen, jo eta ke ari baitzen taloak gogor zanpatzen. «Gazteak behar ditugu», esan zuen, umorez. Herriko ikastetxeetara joaten dira ikastaroak ematera. «Gazte asko animatzen zaizkigu, baina, azokara joan behar dugunean, ez da inor animatzen. Pena handia ematen dit horrek».

Gazte bakarren batzuk bazenbiltzan gurasoei laguntzen atzoko egunean. Beñat Telleria Mutiloakoa (Gipuzkoa), esaterako, behi gazta saltzen ari zen, arreba eta amarekin. Salmentekin gustura daude, baina nekazaritzaren etorkizuna beltz ikusten du: «Gazte batzuk ari gara lanean, baina laguntza gehiago behar dugu». Telleriarren aurrean, Zeanuriko (Bizkaia) Alexandra de Dios Iturri ogi ekologikoa saltzen ari zen, Arabako zerealekin egina. Iturriren esanetan, produktu ekologikoak urtez urte gehiago saltzen dira, gazteek ekologia arloan «kontzientzia eta indarra» baitute. Dena den, aitortzen zuen gazteek, helduek ez bezala, ez dutela ohiturarik feriatara joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.