ATZEKOZ AURRERA

Garesek ez du piper egin

Piperrak saltzeko postuek dute apaindua Gares irail hasieratik. Birusak kezka sortu du, baina ez da jaitsi bezero kopurua. Ekoizleen arabera, aurtengoa ez da uzta ona izan, eguraldiagatik.

Bi lagun piperrak garbitzen, Garesko Baratzeen kalean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Gares
2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Pandemiak ez du izutu piperra, ezta piperzaleak ere. Ez batak ez besteek ez dute huts egin urteroko topaketara, eta, beste behin, piper erreen usainak hartu du Gares (Nafarroa). Irail hasieratik, egunero izan da jendea Baratzeen kalean, bertan dauden postuetan piperrak erosteko asmoz. Azaro erdira arte izanen dira kale horretan.

Tradizio handikoa da Garesko piperra, eta, gainera, denboraren joanak ez du ahuldu herrian piperrak erosi eta bertan erretzeko ohitura. Izatez, erosleek erabaki dezakete piperrak gordinik eraman edo postu bakoitzak dituen makinetan erre, etxean egin beharreko lana aurrezte aldera. Bigarren aukera horren alde egiten dute gehienek. Aski nabaria da plazak hartzen duen itxura ikusita: piperrak erosi, eta postuen ertzetara baztertzen da jendea, hantxe bertan kentzeko zurtoina eta haziak piperrei, erre aurretik. Hori da modurik erosoena, erosle gehienen esanetan.

Erosoa bai, baina nekeza ere bada piperrak garbitzea, emaitza goxoa lortu nahi bada. Celia Yarnoz Iruñetik joan da Garesera, urtero bezala. Pikillo piperrak erosi ditu, eta ordu erdi luze darama jadanik haiei zurtoina kentzen. Bakarrik joan da gaurkoan, eta postuko langileek beraiek eman diote beharrezko tresneria. «Nekeza da, bai, baina nahiago dut lana orain eta hemen egin;, bestela, sekulako itxura hartuko luke nire sukaldeak», azaldu du. Dioenez, pozik hartzen du lana. Izan ere, horrela, urte osorako izanen ditu pikillo piperrak hozkailuan, kasik jateko prest.

Eguzkia lagun, garestarrek eta beste txoko batzuetatik etorritakoek atseginez egin dute itzulia postuen inguruan. Hala eta guztiz ere, ekoizleek nabarmendu dute aurten eguraldia ez dela batere ona izan piperraren uztarentzat. «Berehala jaitsi dira tenperaturak, eta, halako hotzarekin, konplikatua izan da heltzea», azaldu du Marisol Eiaralarrek, postuaren barruko aldetik. Dioenez, piper gutxiago bildu dituzte aurten, eta, beraz, gutxiago sal ditzakete.

Edonon sumatu daiteke pandemiak sortutako ezinegona, eta postuetan ere neurri bereziak hartu dituzte langileen zein erosleen segurtasuna bermatzeko. Zinta batzuk daude postu guztien inguruan eskegita, jendeak distantzia gorde dezan. Halere, birusak ez du uxatu jendea, eta bezero asko hartu dute postuek aurten. Are, Eiaralarrek adierazi du «gainezka» daudela. Kontxi Alvarez de Eulate iruindarra gerturatu zaio une batez, kalpisa piperrik gelditzen ote den galdetzera, eta hara saltzailearen erantzuna: «Gaur badago; bihar, ez dakit». Harritua begiratu dio Alvarez de Eulatek, baina segituan ohartu da egoeraren zergatiaz. «Gauden bezala, nork ez du nahiko, bada, etxea ederki hornitua izan?».

Kalitate handiko piperra

Herrikoak bertakoak, Gares ingurukoak edo Nafarroakoak izaten dira Baratzeen kaleko postuetara joaten diren gehienak. Dena dela, urtero, Euskal Herriko beste txoko batzuetako jendea ere erakartzen du piperrak. Mikel Gaztelu donostiarrak hamar bat aldiz egin du bisita kaleko postuetara. Lepo bete du autoaren atzealdea; 25 kilo erosi ditu aurten. Izan ere, Gazteluk bereziki maite ditu Garesko pikillo piperrak. «Ez dute zerikusirik latakoekin; ezin dira konparatu», adierazi du. Erreta eramaten ditu urtero, eta Auritzen (Nafarroan) garbitzen ditu, lagunartean. «Hiruzpalau lagun biltzen gara, eta iji eta aja ibiltzen gara bitartean. Oso gustura». Ahoa goxatzeko baino gehiagorako balio du piperrak, Gazteluren ustez. Bueltatuko da 2021ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.