ATZEKOZ AURRERA

Arantzazuko paisaiei so

Aizkorri-Aratz parke naturaleko paisaiez gozatzeko eta ondare naturalaren eta kulturalaren berri izateko, bisita gidatua egin dute Arantzazun, ibilbide irisgarri batean barrena.

Arantzazuko parketxearen kanpoan elkartu dira parte hartzaileak, azalpenak entzuteko. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Oñati
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hamasei mila hektarea ditu Aizkorri-Aratz parke naturalak, eta ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura islatzen du bertako paisaiak; gaur bertan dagoena aurretik egondakoen eta egindakoen emaitza baita.

Ondare hori ezagutzeko, ibilbide gidatua egin dute hainbat familiak Arantzazuko Parketxetik abiatuta. Guraso taldeak joan dira haurrekin, eta baita batzuk amonarekin ere. Izan ere, ibilbide irisgarria edonork egiteko prestatua dago, eta aldapa gutxi ditu.

Parketxe kanpoan hasi ditu azalpenak gidak, parke naturalak zertarako egiten diren azalduz: «Natur parkeak egiten dira animalia bitxiak babesteko, eta zuhaitzak, basoa eta abar zaintzeko». Pareko mendiak kareharriz eginak daudela azaldu du, Euskal Herriko mendi gehienak bezala. Ondotik, inguru horretan aurki daitezkeen animaliak erakutsi ditu, argazkiekin: igelak, sugeak, putreak, basurdeak, oreinak...

Aurkezpenaren ondoren, lurreko marra beltzari jarraituz hasi dute ibilbidea. Aldapatsuagoak diren guneetan, egurrezko plataformak daude eraikita, gurpil aulkiarekin errazago igotzeko; haurrek bertatik lasterka aurreratu dituzte gurasoak.

Hurrengo geldialdian, berriz, zuhaitzak izan dituzte hizpide. Pago baten parean geratu, eta haren itxurari erreparatzeko eskatu die gidak: ezohiko forma du, adarrak lodiak dira, eta gorantz hazi ordez, alboetarantz hazi dela dirudi. «Horrelako asko ditugu inguruan, eta ez digute atentzioa ematen, baina hau ez da zuhaitzaren forma naturala: gure arbasoen lanaren ondorioz hazi dira horrela», azaldu du.

Punta moztu, indartzeko

Handik metro gutxira, antzeko zuhaitz bati so, eman du azalpena: «Zuhaitzei burua mozten zieten, enborrak indar gehiago har zezan, eta handiagoa egin zedin. Adarrak ere indartu, eta gehiago ateratzen ziren horrela: bost edo sei zuhaitz sortzen ziren enbor beraren gainean». Egur gehiago lortzeko egiten zuten hori, garai hartan ezinbestekoa baitzen etxeak eta sua egiteko, eta itsasontziak eraikitzeko.

Bidean aurrera egin, eta artzaintzaz mintzatu zaie gida: gaur egun uda osoa Urbian igarotzen duten gazte artzainak daudela kontatu die haurrei. Dena den, Urbia lehen basoa zela gogoratu du, eta ez dela beti, orain bezala, zelai erraldoia izan.

Txondorrak nola egiten ziren azaltzeko egin dute azken geldialdia. Egur ikatza egiteko erabiltzen ziren, eta orbelaren gainean lurra jarrita estaltzen zuten egurra. Horren ondoren, zalantzak argitu, eta, amaitutzat eman du bisita gidatua. Parte hartzaileak nor bere bidetik joan dira, batzuk beste ibilbideren bat egitera, eta besteak, inguruaz gozatzen jarraitzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.