ATZEKOZ AURRERA

Zangoak berotzen hasita

Korrika prestatzeko ekitaldiak egin dituzte Iruñeko zenbait auzotan: kalejirak, bestak eta simulakroak. Iruñeko Udalak ekitaldietan errepidea mozteko baimenak ukatu ditu.

Oztopoak oztopo, Korrikaren aldeko ekitaldiak egin ziren atzo Iruñean. I. URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Ea, hankak berotu behar ditugu. Nola egiten duzue lasterka tokian geldirik?». Iruñeko Iturrama auzoan bildutako haurrak hankak astintzen hasi ziren, lasterka ariko balira bezala. «Azkarrago, azkarrago». Agudo hasi ziren. «Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa...», denek batera erantzun zuten, oihu bakar batez: «Korrika!». Maider Irurozki Iturramako Korrika batzordeko antolatzailearen aginduak ederki bete zituzten atzo, Korrika bestan. «Sumatzen da patioan lasterka egiten duzuela», erantzun zien Irurozkik.

Korrika grina agerikoa zen atzo Iruñean. Korrika bestak antolatu zituzten Iturraman, Sanduzelain, Arrotxapean, Txantrean, Donibanen eta Alde Zaharrean. Egun handirako prestatzeko baliatu zuten Donibanen eta Alde Zaharrean, Korrikaren simulakroak eginez. Iruñeko Udalak ez zuen baimenik eman ekitaldietan errepideak mozteko; beraz, espaloian ibili behar izan zuten. Iturraman erraldoiak etxean geratu ziren, espaloitik ezin direlako ibili. AEK-k udalaren jarrera salatu zuen, eta ohartarazi ekitaldiak espaloietara bideratzea «arriskutsua» zela.

Oztopoak oztopo, musika eta irribarrea ahoan atera ziren Iturramako bizilagunak karrikara. Korrikaren pankartaren atzean dozenaka haur eta guraso abiatu ziren Amaiur ikastolako ataritik, albokarien eta trikitiaren doinuei jarraikiz. Haurretako asko sorbaldatik helduta, dantzan, Egun da Santimamiña kantatzen. Eskuetan zeramatzaten kartelak ahalik eta gorena altxatu zituzten, auzo guziak ikus zitzan. «Bertako jendearengan eragina dute horrelako ekitaldiek, inplikatu egiten dira, eta bada ere Korrikak jendeari zerbait itzultzeko modua, kultura eta euskara auzoan sustatuz», azaldu zuen Irurozkik.

Espaloiak jendez mukuru ziren kalejira pasatzean, udalak ukatutako baimenen erruz, eta antolatzaileak arduratu ziren denek zebra bideak segurtasunez igarotzeaz. Geldialdietan Korrikari buruzko informazioa eman zuten bozgorailuak baliatuz, eta Amaiur taldekoak arduratu ziren euskal dantzak emateaz.

Iruñeko Alde Zaharrean AEK-ren banderolek gurutzatzen zituzten zenbait karrika balkoirik balkoi. Kale bazterretan jendea zain zen, bere taldearen txanda noiz ailegatu, urduri eta gogotsu lekukoa hartzeko. Korrika simulakroa deitu zuten, apirilaren 2rako beroketa saioa, baina benetako Korrika zirudien karrika estuetan barrena euskararen aldeko aldarriak ozen barreiatzen ziren uneetan: San Migelen, San Nikolasen, Estafetan, Xabierren, Caldererian, Mañuetan, San Lorentzon edo Jarautan.

Laster egiteko prest

Iruñezar euskaltegitik abiatu zen simulakroa, lekukoaren kopia bat eskuan zutela. Aurrean bizikleta berezi bat: Nor Rodriguez gidari, eta Amaia Kanbra esatari. Bozgorailuetatik musika, eta ohiko oihuak: «Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika» eta «auzoan ere, euskararen alde». Herri mugimenduetako eta elkarteetako kideek ibili zuten lekukoa eskuz esku: abiada bizian tarte batzuetan eta arnasestuka Nabarreriako maldan gora. «Maia, entzun, Iruñea euskaldun» ozen aditu zen korrikalariek Udaletxe plaza zeharkatu zutenean.

Malen Garaikoetxea, Itziar Martin eta Martina Martikorena gazteek hasi eta buka egin zuten lasterka. «Gustuko dugu korrika», esan zuen Martinek. «Euskara hemen dagoela aldarrikatu nahi dugu», Martikorenak. Santa Ana plazan bukatu zen ekitaldia, talde argazki bat egin eta indarrak berritzeko askaria janda. Zangoak ez ezik, gogoa ere bero dute Iruñean. Astebete falta da Korrika handik pasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.