Datorren asteko estreinaldiak

Beanekin konformatu nahi ez duen aktorea

Johnny Englishen hirugarrenaren protagonista nagusia da Maigret detektibearena egiten ari den Rowan Atkinson
Rowan Atkinson eta Olga Kurylenko dira filmeko protagonistetako bi.
Rowan Atkinson eta Olga Kurylenko dira filmeko protagonistetako bi. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko irailak 15
Askoz lehenago hasia bazen ere, Mister Beanen rolean ezaguna egin zen Rowan Atkinson. Hasieran, izugarri gozatu zuten ikusleek pertsonaia horrekin, eta zinema mutuan oinarrituta zeuden abentura irrigarriekin. Baina maitasun istorioak ez zuen luze iraun, Euskal Telebistako lehenengo kateko arduradunek erabaki baitzuten umore britainiarra oso egokia zela ikusle euskaldunontzat eta azkenerako Atkinsonen errepikapenekin eta betelanarekin nazkatu zituzten ikusleak.

Telesaila izateko jaio bazen ere, laster, pantaila handira egin zuen salto Mister Beanek, baina pelikula luzeek ez dute sekula lortu telebistarako formatuak lortu zuen arrakasta erdietsi.

Nolanahi ere, ez litzateke zilegi Rowan Atkinson soilik Mister Beanekin lotzea. Aktore lanetan ibilbide luzea du britainiarrak, bereziki komedietan. Azkenaldian Maigret inspektorearen rolean ikusi ahal izan da, eta bestelako film ezagunetan ere lan egin du, Four Weddings and a Funeral edota James Bonden Never Say Never Again.

Hain zuzen ere, orain dela hamabost urte Ian Fleming idazleak sortutako pertsonaia ezagunaren parodia argia da Johhny English. Bondekin duen harremana ez da izaera parodikora mugatzen, sailaren lehenengo pelikulan agente sekretuaren hainbat gidoi idatzi zituzten Neal Purvis eta Robert Wadek lan egin zuten.

Sail patxadatsua

2003an estreinatu zen lehenengo film hori, Johnny English izenburuarekin eta Peter Howitten zuzendaritzapean. Rowan Atkinsonen neurrira egindako pelikula zen, eta harena zen protagonismo ia erabatekoa. Hala ere, alboan beste aktore ezagun batzuk izan zituen, John Malkovich, Ben Miller eta Natalie Imbruglia.

Istorio sinplea samarra izan arren, Atkinsonen erakarpen ahalmenak lehenengo Johhny English pelikula komertzialki arrakastatsu bihurtzea lortu zuen, Britainia Handian bederen. Han, hiru astez egon zen gehien ikusitako pelikulen zerrendaren buruan.

Agente sekretuaren sailak segida izan zuen, baina ez berehalakoan. Zortzi urte pasatu ziren Johhny English Returns estreinatu zen arte. Orduko horretan, Txinako presidentearen kontrako hilketa saiakera izan zen pelikularen ardatza, baina gainerakoan ez zen aldaketa handirik, Rowan Atkinsonek segitzen baitzuen izar nagusia izaten.

Orain, hirugarrenaren txanda ailegatu da, Johnny English Strikes Again. Zibereraso baten ondorioz, Britainia Handiko agente sekretu guztien ezkutuko nortasuna arriskuan geldituko da. Johhny English izanen da erasoa egin duen hackerra harrapatzen ahalko duen bakarra, baina, horretarako, teknologiarekin dituen arazoak gainditu beharko ditu.

'JOHNNY ENGLISH STRIKES AGAIN'

Zuzendaria. David Kerr.

Aktoreak. Rowan Atkinson, Olga Kurylenko, Jake Lacy, Ben Miller, Tuncay Gunes.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2018. Iraupena. 88 minutu.

Generoa. Komedia.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna