Datorren asteko estreinaldiak

Periferia geografiko eta humanoak

Zinemaldian estreinatu ondoren, aretoetara ailegatuko da Koldo Almandozen azken filma, 'Oreina'
Paisaiak garrantzi berezia du Koldo Almandozen <em>Oreina</em> filmean.
Paisaiak garrantzi berezia du Koldo Almandozen Oreina filmean. BERRIA

Gontzal Agote -

2018ko irailak 22
Zinema aretoetara iritsi aurretik, Koldo Almandozek Donostiako Zinemaldiko zuzendari berrien atalean aurkeztu behar izan du bere film berria. Nahiko kontu paradoxikoa da Almandoz «zuzendari berritzat» hartzea, ibilbide luze eta oparoa egina baitu. Hain zuzen ere, orain dela 21 urte zuzendu zuen lehen lan zinematografikoa, Razielen itzulera.

Orduz geroztik, asko dira ondu dituen pelikulak, presarik gabe, baina modu konstantean. Belarra, Amuak, Midori, Deus et Machina, Hubert Le Blonen azken hegaldia... Akaso kontua da Almandozek genero laburra landu duela, eta horregatik askok ez zutela benetako zinemagiletzat hartzen zirkuitu komertzialetatik kanpo. Baina Almandozek beti aldarrikatu izan du film laburren balioa.

Duela bi urte, genero luzeagora jo zuen, Sipo Phantasma filmarekin. Bertan, Nosferatu, Dracula, Stoker eta Wilde elkartzen ziren itsasontzi oniriko batean. 69 minutu luze zen, ez berez pelikula luze-luzea, baina, formatu horrekin, aukera berriak zabaldu zizkioten donostiarrari. Urte hartan, Donostiako Zinemaldian hartu zuen parte Sipo Phantasma-k, Zabaltegi sailean, baita Rotterdamekoan ere.

Errealitateari lotua

Orain, Oreina azken filmarekin gonbidatu dute Donostiara. Txintxua Films etxeak ekoitzi du, eta, zuzendari lanak egiteaz gain, Almadozena berarena da gidoia. Aktoreen artean, badira euskal zinemagintzan aski ezagunak diren batzuk: Patxi Bisquert, Iraia Elias, Ramon Agirre... Haiekin batera, zineman lehen aldiz lan egin duen Laulad Ahmed Saleh dago.

Paisaiak garrantzi berezia du Oreina-n; industrialdeak eta natura elkartzen diren padura bat da agertoki nagusia. Berez, Oriako itsasadarreko Saria izeneko paduran filmatu zituzten sekuentzia horiek. Gainerakoan, Euskal Herrian dago filmatuta pelikula, Gipuzkoan gehienbat: Aginaga, Orio, Oiartzun, Zubieta, Donostia... Baita Nafarroako Elkanon ere.

Inguru periferiko horretan, Oreina-k hiru istorio gurutzatzen ditu. Batetik, Khalil gazte deserrotua dago, ahal duen moduan aurrera egiten saiatzen dena; horrez gain, elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia daude, baita inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gazte bat ere.

Almandozen beraren hitzetan, «Oreina ibai film bat da. Likidotik du gehiago solidotik baino. Pentsamendu iheskorrei irekia dago, eta periferia geografiko eta humanoak erakusten ditu: adiskidetasuna, traizioa, ezkutuzko maitasun ezinezkoak, ezberdinen arteko elkartasuna, mendekua... Oreina lanarekin, lortu nahi dugu ikusleak sentsazioa izatea errealitatea ez dela eten zinematik ateratzean. Pantailan ikusi duenak ez duela bizitza ahaztu».

'OREINA'

Zuzendaria. Koldo Almandoz.

Aktoreak. Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola.

Herrialdea. Euskal Herria.

Urtea. 2018.

Iraupena. 85 minutu.

Generoa. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna