Datorren asteko estreinaldiak

Bonden itzulera berantiarra

007 agentea beste misio batekin itzuliko da, 25. aldiz, 'No Time to Die' filmean. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, urte eta erdiko atzerapenarekin

James Bond, pistola eskuan duela, No Time to Die filmeko eszena batean. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hiltzeko lizentziarekin, baina denborarik gabe itzuliko da zinemako agenterik ezagunena. Cary Joji Fukunagaren zuzendaritzapean, Daniel Craig aktoreak bosgarrenez eta azkenekoz jokatu du James Bonden rola, No Time to Die filmean. Uste baino beranduago, baina heldu da ziurrenik urteko estreinaldirik esperotakoena izango dena: 25. misioa, eta orain arteko luzeena.

Zerbitzua utzi zuenetik, bizimodu lasai eta atseginaz gozatzen ari da Bond, Jamaikan. Atsedena labur geratuko zaio, ordea, Felix Leiter CIAko kide eta lagunaren bisita jasotzen duenean. Bahituta daukaten zientzialari bat erreskatatu beharko du oraingoan, baina plana uste baino konplexuagoa izango da. Izan ere, gaizkile misteriotsu bat izango du aurrez aurre; Safin, zeina teknologia berri eta arriskutsuen jabea den.

Alabaina, espioi ospetsua ez da bakarrik arituko. Alboan izango ditu aspaldiko bidelagunak: M, Moneypenny eta Q. Baita kide berriak ere: Nomi agentea eta Paloma CIAko kidea. Madeleine Swan doktorea ere bueltan izango da, eta aurreko misioan lagun izandakoak buruhausteak ekarriko dizkio Bondi: gordetzen dituen sekretu ilunek arriskuan jarriko dute.

Sei urteren ondotik heldu da sagaren atal berria. Behar zuena baino beranduago, baina ohiko osagaiekin: akzioa, tentsioa, ezkutuko misioak, tiro hotsak, auto ikusgarriak eta glamourra. Pandemia aurreko udaberrirako iragarrita zegoen filma, baina zinema aretoak itxi zirenez eta estreinaldi handirik ezin zenez egin, atzeratu egin zuten itzulera; hilabete batzuk hasieran, urte eta erdi azkenerako.

Estreinaldia bezain gorabeheratsua izan du prozesua ere. Danny Boyle zuzendariaren ezusteko ezezkoaren ostean, Cary Joji Fukunagak hartu zuen zuzendaritza. Neal Purvis eta Robert Wade izan dira gidoilariak, azken sei filmetako berberak. Filmeko abesti nagusia Billie Eillish abeslari ospetsuaren lana izan da.

Azken misioa Craigentzat

Zinemako pertsonaiarik ezagunenetakoa eta identifikagarrienetakoa da James Bond; eta oraindik ikusmina sortzen du agentearen rola nork jokatuko duen jakiteak. Daniel Craigek antzeztu du azken lanean, aurreko lau filmetan egin zuen moduan. Azkeneko aldia du, ordea. Azken hamabost urteetako espioiak erantzi du traje beltza.

1962an lehen filma estreinatu zutenetik (Dr.No), agentearena egin duen seigarren aktorea izan da Craig. Sean Conneryk antzeztu zuen aurrenekoz, eta bost aldiz jokatu zuen haren rola 60ko hamarkadan. 1971n, espioi lanetara itzuli zen, azkenekoz, tartean izandako George Lazenbyren ondotik. Hurrengo hamarkadan, Roger Moorek hartu zion lekukoa, eta hura izan da orain arte pantaila aurrean gehien ikusi dena: zazpi film egin zituen.

Timothy Dalton aritu zen gero, bi filmetan, eta 90eko hamarkada Pierce Brosnanek itxi zuen. Lau aldiz Bond izandakoa Craigek ordeztu zuen, 2006an, gaur arte. Sagak zilarrezko ezteiak bete dituen honetan itxi du zikloa, eta atea ireki dio zazpigarren agente sekretuari.

'NO TIME TO DIE'
Zuzendaria. Cary Joji Fukunaga.
Aktoreak. Daniel Craig, Rami Malek, Ralph Fiennes, Naomie Harris, Ana de Armas, Ben Whishaw.
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2021.
Iraupena. 163 minutu.
Generoa. Akzioa.
Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.