Datorren asteko estreinaldiak

Gizontasuna westernaren ispiluan

Hamabi urteren ostean, Jane Campionek 'The Power of the Dog' film luzea ondu du. Giza harremanetako bortxan sakondu du orain ere, baina gizonezkoak protagonista izanik

Jane Campionen The Power of the Dog filmeko irudi bat. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Jane Campionen The Power of the Dog film berriko lehen sekuntzietako batek biolentzia sozialeko eszena bat dakar; filmaren istorio eta tesi posibleen inguruko argi printza batzuk emateaz gain, zinemagile zeelandaberritarraren filmografia osoaren zertzeladak ere ematen ditu. Gizon zabar-zabar batek, westernetako maskulinitate estandarraren ezaugarriak zuzen eta zintzo demonio konplitzen dituenak, gogor eta gordin jokatzen du bere begietara «femeninoegi» den mutil batekin; nazkaz eta erdeinuz begiratzen dio. Inguruko gainerako gizonek ere alfa arraren jarrera hartuko dute, eta isekaz eta burlaizez tratatuko dute mutikoa.

Filmak, oinarrian, Thomas Savageren izen bereko nobela dauka, eta westerntzat har liteke, bai kokapenarengatik eta bai pertsonaien profilengatik; dramarantz egiten duen western deseraikitzat, nahi baldin bada. Phil eta George Burbank anaien istorio dramatikoa kontatzen du, Benedict Cumberbatch eta Jesse Plemons aktoreek antzezturik, hurrenez hurren. AEBetako Montanan girotutako istorioa da, 1920ko hamarraldian.

Bi anaiak etxalde handi bateko nagusiak dira, cowboy saldoa dute morrontza lanetan, eta Philen tratu lakar, manipulatzailea eta nagusikeria pairatu beharko dute. Haren rolaren ifrentzua jokatuko du Georgek; atsegina da langileekin, ulerbera, berak ere anaiaren larderiazko jarrera pairatu behar izan baitu bizitza osoan. Bai janzkeran eta baita itxura fisikoan ere, guztiz desberdinak dira bi anaiak.

Merkatura egindako bidaia batean, jatetxe batean sartu eta Rose (Kirsten Dunst) eta haren seme Peter (Kodi Smit-McPhee) ezagutuko dituzte. Philek jarrera oldarkorra eta desatsegina izango du, hasiera-hasieratik, bai Rosekin eta baita Philekin ere; George, aldiz, erabat liluraturik geratuko da. Roserekin ezkonduko da.

Behin ezkontza hori gertatzen delarik, Phil are desatseginago eta arriskutsuago bilakatuko da, eta bi-biei, Roseri eta Peterri, tratu txarrez jazarriko zaie, abusu psikologikoz eta abarrez. Rose hondoratu egingo da, eta alkoholismoan jausiko da.

Aktore lanak, goraipatuta

Benedict Cumberbatch aktorearen lana nabarmendu egin dute filma aurkeztu duten jaialdietan, hala nola Veneziakoan eta Torontokoan, eta Oscar sarietarako hautagai nagusien zerrendan dago dagoeneko. Era berean, goraipatu egin dute Campionen beraren lana: hamabi urte igaro dira Bright Star (2009) orain arteko azken film luzea ondu zuenetik. Netflix plataformaren bitartez zabalduko da han-hemenka film berria, eta The Piano-z geroztik ez du jaso hain kritika lausengarririk. Protagonisten profilak modu iradokitzailean marraztu dituela diote kritikek.

Jane Campionek berak nobelaren edertasunari egotzi dio arrakasta: «Nobela bikaina da: merezi zuen pantaila handian bizia hartzea. Ezin nion istorioan pentsatzeari utzi; benetan tormentatzen ninduen. Maskulinitatearen, biolentziaren eta traizioaren gaiek nahasketa oso iradokitzailea dakarte. Lehen aldia da protagonista maskulinoa dudala, eta hori erronka izan da».

'THE POWER OF THE DOG'
Zuzendaria: Jane Campion.Aktoreak: Benedict Cumberbatch, Jesse Plemons, Kirsten Dunst, Kodi Smit-McPhee, Thomasin McKenzie.Herrialdea: Zeelanda Berria.
Urtea: 2021. Iraupena: 128 min.
Generoa: westerna.
Estreinaldia: azaroaren 19an estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.