Telesailak

Ongi etorri irudimenaren dimentsiora

'The Twilight Zone' zientzia fikziozko telesail aitzindaria eguneratu dute, estreinatu zenetik 50 urtera

Zuri-beltzetik koloretara aldatu da telesaila. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Bada bosgarren dimentsio bat, gizakiaren jakituriatik harago. Denbora bezain handia, eta infinitua bezain atenporala da dimentsio hori. Argien eta itzalen arteko erdibidea da, zientziaren eta superstizioen artekoa. Beldurren zuloaren eta ezagutzaren gailurraren arteko erdibide hori bera. Hori da irudimenaren dimentsioa, hori da The Twilight Zone».

Hitz horien bitartez abiatu zen duela mende erdi telebistaren noranzkoa betiko baldintzatu zuen obra. Rod Serling sortzailearen ahotan entzun izan da mezu hori telesaileko atal bakoitzaren hasieran. Aurkezpenaren ostean etorri ohi ziren, antologiazko formatuan landu eta amaiera propioa izanik, askotariko gaiak jorratzen zituzten atal laburrak. Gizakiek komunitatean bizitzeko duten beharra, Estatuaren kontrola, heriotzari dioten beldurra, handinahikeria, mendekua... horiek eta beste hamaika gai jorratu zituen sortzaile estatubatuarrak bost urteko tartean ondutako 156 ataletan.

Hain justu, The Twilight Zone estreinakoz emititu zenetik 50 urte betetzen diren honetanosatu du telesailaren moldaketa modernoa Jordan Peelek. Artista estatubatuar gazteak arrakasta lortu du azken urteotan Hollywooden. Aktore lanak alboratu,eta sortzaile ardura hartu duenetik plazaratu ditu beldurrezko generoan harrera ezin hobea izan duten Get Out eta Us filmak, eta berehala eutsi dio erronka erraldoiari. Telesail klasikoa eraberritu, Serlingen azalean barneratu,eta aurkezle eta narratzaile lanetara igaro da.

Hamar atalez osatu du Peelek estreinako denboraldia, eta, jatorrizkoaren aldean, baditu hainbat ezberdintasun. Batetik, iraupenari dagokiona. Serlingek 25 minutuko atalak osatu zituen, Peele, ordea, 37 eta 60 minutu arteko tartean mugitu da. Formatu laburraren maisu zen Serling; egungo telesailetako egituren hurbilekoa, aldiz, Peele. Bi ereduak dira balekoak, baina aldaketa esanguratsua da, inondik ere, telebista saioaren nortasun narratiboa bera eralda dezakeelako.

Zuri-beltzetik kolorera igaro izana da telesailaren beste berritasun nagusietako bat. Aldaketa horrek eta egungo baliabide teknikoek aukera dramatikoak biderkatu dituzte sortzaileentzat.

Baina gogoratu behar da Serlingen eskola zaharreko estiloak ez duela egun freskotasunik galdu. Bere lorpen nagusia izan zen zinema klasikotik zuzenean edaten zuen estiloa findu eta ahots propioa garatzea, argazki zein narrazio lanetan mundu ilun eta ezin pertsonalagoa eraikitzea.

The Twilight Zone iraultzaile izan zen orduko telesailgintzan, entretenimendua eta filosofia uztartuz bidea urratu zuen ordura arte esploratu gabeko uretan. Moldeak hausten dituen orok ez du nahi bezainbesteko onarpenik izaten garaikideen artean, baina Serlingen lana hainbatetan saritu zuten: Gidoirik Onenaren bi Emmy eskuratu zituen 1960eko hamarkadan, baita zuzendari eta ekoizlerik onenaren Urrezko Globoa ere.

Ezin ahaztu Jordan Peelen moldaketa baino lehenago izan direla telesail klasikoaren beste bi eguneratze ere, zehazki 1985ean eta 2002an; horretan, Forest Whitaker aktore entzutetsua gidari. Atalik ezagunenak eguneratzearekin batera berritu du telesailak urteen poderioz diskurtso propioa. Alde horretatik egin lezake ekarpenik aberasgarriena Peelek; izan ere, Serlingek esan ohi zuenez: irudimenaren mugak norbere garunaren mugak besterik ez dira.

'THE TWILIGHT ZONE'

Sortzailea: Jordan Peele.

Aktoreak: Taissa Farmiga, Steven Yeun, Greg Kinnear, Sanaa Lathan, Kumail Nanjiani, Adam Scott, Allison Tolman, Jacob Tremblay.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Syfy.

Atal bakoitzaren iraupena: 50 minutu.

Generoa: Zientzia fikzioa. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.