Datorren asteko estreinaldiak

Eremu berrien bila abiatu da Pixar

Dan Scanlonen 'Onward' filmak osagai fantastikoak eta errealitate hurbila uztartzen ditu

Izaki fantastikoak inguru urbano batean erakusten ditu animazio filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Eztabaida zaila da: Disney etxearen eragina zenbateraino hiltzen ari den garai bateko Pixarren sormena. Erantzuna zaila da, baina nahiko argi dago animazioaren urrezko aroa igaro dela. Kontua da zer arrazoi dagoen horren atzean: Pixarren filmak ez direla behialakoak bezain apartak, edo ikusleak ohitu egin direla bikaintasun mailara, eta animazio film berrienganako interesa galdu dutela.

Disneyren eragin posiblera itzulita, datu bat nahiko argigarria da: joan den hamarkadan sekuelak izan ziren Pixarrek egin zituen film gehienak: Toy Story 3; Cars 2; Monsters University; Finding Dory; Cars 3; Incredibles 2 eta Toy Story 4. Eta soilik lau ekoizpen original sortu zituen Pixarrek: Brave; The Good Dinosaur; Inside Out eta Coco.

Hortaz, zerrendari erreparatuta, ematen du baietz, nolabait asmo komertzialak gailendu direla. Hala ere, Pixarren alde esan beharra dago sortu zituen lau film horietan ongi baino hobeki eutsi ziola kalitateari —Disneyren morrontza handiegia zuen The Good Dinosaur-en salbuespenaz—.

Horiek horrela, ematen du Pixarrek beste norabide bat hartu nahi duela hasi berri den hamarkada honetan; sekuelak eta gisakoak alde batera utzi, eta originaltasunari tarte handiago zabaldu. Aurten, bederen, bi film estreinatuko ditu: Onward hau eta uda aldean ailegatuko den Soul, Pete Docter eta Kemp Powersen zuzendaritzapean.

Magiaren mundua

Gainera, Onward-ekin eremu berri batean sartu da ekoiztetxea. Izan ere, izaki fantastikoak —elfoak, gnomoak, trollak, adarbakarrak, maitagarriak, ziklopeak...— baliatzen ditu filmak, baina horiek inguru urbano batean txertatu ditu, istorioa hiri bateko auzune batean gertatzen baita. Modu horretan, fantasia eta errealitatea uztartu nahi ditu filmak.

Bi anaia elfo dira protagonistak, Ian eta Barley Lightfood. Umetan aita hil zitzaien, eta, geroztik harekin noizbehinkako harremana izatea lortu badute ere, aitarekin egun bat pasatzea da anaion ametsa. Horregatik, horretarako modua emango duen magiaren bila abiatuko dira.

Dan Scanlon da Onward-en zuzendaria, eta, hain zuzen ere, haren bizipenetan oinarrituta dago filmaren istorio nagusia. Scanlonek ere gaztetan galdu zuen aita, eta hark utzitako grabazio misteriotsu bat izan zen utzi zion testigantza. Bizipen horretatik tiraka sortu zuen Lightfood anaien istorioa.

Ohikoa denez, Scanlon Pixar ekoiztetxearen korridoreetan trebatu da. John Lasseter ahalguztidunarekin, Mater and the Ghostlight film laburra egin zuen 2006an, eta, bakarka, Monsters University zuzendu zuen, 2013an.

'ONWARD'
Zuzendaria. Dan Scanlon.
Herrialdea. AEB. Urtea. 2020.
Iraupena. 96 minutu.
Generoa. Animazioa.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.