Jose Ramon Etxebarria. EHUko irakaslea

«Beldurrak, blokeatu, eta erabaki txarrak hartzera behartzen zaitu»

Hainbat egitasmo eta borrokatan murgilduta ibili da hamarkada luzez Etxebarria: unibertsitatea euskalduntzen, Lemoizen ko zentralaren aurka... Erretiroa hartuko du ikasturtea bukatutakoan.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 10
Unibertsitateko irakasle izan da Jose Ramon Etxebarria (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) bere ibilbide profesional osoan. Ingeniaritza ikasi ostean, fisika irakasten hasi zen unibertsitatean, eta aitzindarietako bat izan zen mintegiak euskaraz ematen. Adolfo Suarez Espainiako presidenteak 1976an esan zuen ezinezkoa zela fisika nuklearra euskaraz ikastea, eta Etxebarriak garbi erantzun zion: «Horretarako, bi gauza jakin behar dira: fisika nuklearra eta euskara». Doktore tesia euskaraz egin zuen lehenengotarikoa izan zen, baina 1992an EHUtik kanporatu zuten. Hamabost urtez protestan aritu ziren pankartako irakasleetako bat izan zen, eta 2007an itzuli zen ingeniaritza ikasi zuen fakultate berera. Egun, euskara teknikoa irakasten du, baina ikasturtea amaitzearekin batera erretiroa hartuko du.

Ekintzaile izan zara betitik; nondik datorkizu sen hori?

Ez dakit. Pertsona normala izan naizela uste dut. Behin jaio egin behar zen, eta Gernikan jaio nintzen. 7 urterekin Eibarrera joan ginen. Bi herri euskaldun, baina oso ezberdinak tradizioz, eta Eibarren gauza interesgarriak ikusi nituen. Nik dena gazteleraz ikasi dut; ez zen existitzen euskarazko ezer. Bilbora etorri, eta hemen alfabetatu eta euskaltzaletu nintzen.

Zergatik?

Unibertsitatera iritsi, eta ikusi nuen bazeudela ni bezalako beste batzuk, dozena bat inguru, euskaldunak zirenak. Euskal Herriko leku ezberdinetako euskaldunak ginen, eta konturatu ginen elkarrekin hitz egiten hasterakoan arazoak genituela. Ondo ulertu ezina zegoen. Horrek eragin zigun, eta kosta ahala kosta elkarrekin euskaraz egingo genuela erabaki genuen, nahiz eta euskalki ezberdinetakoak izan.

Eta euskaraz alfabetatu zinen. Nola egin zenuen?

Anaitasuna delako aldizkari bat bazegoela jabetu nintzen, eta irakurtzen hasi nintzen. Autodidakta izan nintzen, nire belaunaldiko asko bezala. Ordurako, Anaitasuna euskara baturantz bideratua zegoen, eta forma horiek ikasten aritu nintzen.

Zein ziren Anaitasuna-ren edukiak?

Denetarikoak. Ordurako idazle onak zeuden hor: Joseba Intxausti, Joan Mari Torrealdai, Gabriel Aresti, Txillardegi... Horien lanak irakurtzen nituen. Garai hartan ez zegoen Jakin eta Anaitasuna ez beste ezer.

Anaitasuna-n ere idatzi zenuen.

1971n euskararen erlatibitatearen teoriari buruzko artikulu bat atera zen, eta bertan esaten zuen euskarak lau dimentsio zituela aditzean. Ideia polita iruditu zitzaidan, eta, ordurako fisika ikasten ari nintzenez, erlatibitatearen teoria ulertzen nuen. Beraz, erlatibitatearen teoriari buruz euskaraz idaztea pentsatu nuen. Testua Anaitasuna-ra bidali nuen, lotsatuta, eta hurrengo zenbakiaren azalean argitaratu zuten. Hori ezustekoa! Imanol Berriatuak idatzi zidan esanez, gainera, kontu batzuk zuzenduko zizkidala. Ordutik aurrera erabaki nuen Anaitasuna-n dibulgazio zientifikoari buruzko artikulu bat idatziko nuela.

Eta hortik gutxira unibertsitateko irakasle ere egin zinen.

Teknika energetikoa amaitu nuenean posible izan nuen industrian sartzea, baina ordurako garbi neukan irakasle izan nahi nuela. 1971n Euskal Herriko Unibertsitatea izango zena martxan jarri zuten, eta irakasleak behar ziren. Eskaria aurkeztu nuen, eta onartu ninduten. Leioara joan nintzenean guztiz alfabetatuta nengoen.

Baina orduan ikasketak ez ziren euskaraz ematen, ala?

Ez, baina nik nire apunte guztiak euskaraz idazten nituen. Hori erabaki pertsonal bat izan zen, eta apurka erraztasun bat lortu nuen fisika euskaraz emateko. Euskaltzaletasunaren inguruko mugimendu bat ere bazegoen unibertsitatean, eta ikasle euskaldunak bazeuden. Nik haiekin harreman guztia euskaraz egiten nuen, nahiz eta klaseak euskaraz eman ez. Galderak egitera etortzen baziren, euskaraz egiten nien, eta euskarazko apunteak ematen nizkien.

Hori izan zen abiapuntua?

1973-74ko ikasturte inguruan ikasleei esan nien nahi izanez gero astean behin borondatezko mintegi bat egingo genuela euskaraz, eta erantzun ona izan zuen. Azken finean, klase partikularrak ziren. Geroago, Leioako Euskal Kultura taldea sortu genuen irakasleen artean, eta zientzietako fakultateko lehen urteko bost irakasgaitan astean behin euskarazko klase bat egitea erabaki genuen. Hori eginda, ikusi genuen posible zela euskarazko adarra sortzea, eta eskaera egin genuen errektoretzan. 1978an izango zen hori.

Garai hartan ekintzailetza gehiago zegoela uste duzu?

Ez, ez gara hobeak. Gu ere oso gutxi ginen, ez pentsa. Ahalegina egiten genuen, baina indarrik ez geneukan. Baina jendeak beldurrarekin funtzionatzen du, eta oso garrantzitsua da beldur hori kontrolatzea.

Zuk izan duzu beldurrik?

Nik izan dut, baina gainditzen duzu. Gauzak ondo egiteko, beldurrari aurre egin behar zaio. Beldurrak, blokeatu, eta erabaki txarrak hartzera behartzen baitzaitu. Hainbat saltsa-maltsatan ibili naiz, eta beldurrarekin erabaki dudanean okertu egin naiz beti. Hori da botereak duen arma: jendea beldurtu, eta egin behar ez duena egiten du.

Lemoizko mugimendu antinuklearrean ere parte hartu zenuen ostera.

Bai, eta nire lankideei aurre egin behar izan nien. Areago, eskolako nire ikasleak izan zirenek Lemoizen lan egin zuten.

Nola hartzen zintuzten?

Ni lasai nengoen hor. Beste gauza batzuetarako beldurra neukan, baina kontu horretan sinesmen osoa neukan, ezagutza teknikoa neukalako. Txernobyl eta Fukushiman gertatu zena posibletzat geneukan guk, eta ostera ikusten duzu nolako ezkutua eraikitzen duen botereak informazioa estaltzeko. Hitzaldiak eman nituen han eta hemen.

Bazenekielako zer zen?

Noski, nik banekien zer zen zentral bat barrutik. Zentral nuklearren aurkako mugimenduan parte hartzeko, gainera, bi baldintza betetzen nituen: batetik, teknologia nuklearra ezagutzen nuen, eta, bestetik, euskaraz nekien. Saiatu nintzen jendeari gure ikuspuntua azaltzen, zergatik ginen antinuklearrak. Esperientzia zoragarria izan zen, baina horretarako beldurra galdu behar duzu.

Baina hor erabateko sinesmena zeneukan.

Noski. Lemoizen botere ekonomikoen eta armamentuko botereari aurre egin genion. Ez dakit jabetzen ote garen zer egin zuen Euskal Herriak. Badakizu nolako lorpena den hori herri mugimendu batentzat?

Ordainarazi zizuten, ordea; hiru hilabetez argia moztu zizuten etxean...

Baina hori anekdota polita eta guzti da! Iberduerori ez ordaintzeko kanpaina egin genuen, eta orduan politikan sartuta ere banengoen. Herri Batasunako kide nintzen, eta, parlamentari ere banintzenez, nolabait babestuta nengoen. Bi pertsona geratu ginen sinbolo modura, Santi Brouard eta ni. Argia moztu ziguten, eta hiru hilabetez egon ginen etxean argirik gabe. Inguruko lagunek fardelak garbitu zizkiguten, eta kanpin gasarekin prestatzen genuen janaria. Hiru hilabetez eutsi genion, eta indarra eman zion mugimenduari.

Eredu ematea tokatu zitzaizun pankartako irakasle izanda...

Hori ere eskari kolektibo bat zen. Euskal Herrirako irakasleria propio bat sortzea eskatzen genuen, begira zein sinplea. Prozesu hori abiatzea asko kosta zitzaigun, baina orain ez dut tragedia bezala hartzen. Azken batean, hamabost urte egon naiz unibertsitatetik botata, baina oso pozik nago, beldurraren aurka egin dudalako.

Ez zenuten Espainiako funtzionario izan nahi...

Nik 21 urte egin nituen behin-behineko kontratuak sinatzen. Bi aukera geneuzkan: oposizioak egin Espainiako funtzionario izateko eta konstituzioaren zina egin, edo borroka egin. Guk ez genuen funtzionario izan nahi, ez genuelako sistema hori onartzen, eta intsumiso egin ginen. 21 urtez lan egin badugu, seinale balio genuela. Beraz, finko izan behar genuen. 600 irakasle hasi ginen protestan, baina ez Euskal Herrian bakarrik, baita Espainian ere, eta, mehatxuak eginez, azkenean gu bakarrik geratu ginen. Ulertzen dut lankideek beldurra izatea; nik ere izan nuen. Hiru alaba neuzkan, eta soldata gabe geratu nintzen.

Nola egin zenioten aurre egoera horri?

Erdiarekin bi aldiz hobeto bizitzen ikasi nuen. Emazteak ere lan egiten zuen, eta, horregatik, erdiarekin bizitzen ikasi genuen. Hala ere, lankide batzuek atzera egin arren, isilpean lagundu gintuzten. Asko egon dira hori egin dutenak.

Eta pankartarekin egunero.

Pankartaren inguruan egoten ginen egun osoa. 08:00etarako joaten ginen, eta 17:00ak arte egoten ginen. Orain pentsatzen dut ea nola izan ginen gai hori egiteko. Esperientzia polita izan zen. Gogorra, baina nik babes handia izan nuen, familiak onartu zuelako nik hori egitea.

EHUko langile bezala itzuli zinen hamabost urte geroago. Nolakoa izan zen itzulera?

Erdiko atetik sartu ginen, guk proposatutako ideia batean oinarritutako lege batekin. Sei pertsonak pankarta batekin hori lortzea sinestezina da.

Eta euskara teknikoko irakasle bezala sartu zinen.

Tira, postu hori sortzea ere lortu genuen...

Azkenerako, borroka baten ondoren ingeniaritza eta euskara uztartzea lortu duzula esan daiteke. Gustura zaude?

Pentsa zein polita, nire bi gauza garrantzitsuenak uztartzen amaituko dut: irakasle izaten, eta euskararen aldeko proiektu batean. Biak, gainera, ikasi nuenaren inguruan. Zoriontsu naiz orain, eta oso pozik noa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna