ATZEKOZ AURRERA

Uztaileko festa berrituz

1978ko San Fermin Txikiak eta haiek antolatzen aritu zirenak omendu dituzte Iruñeko Nabarreria plazan. 78ko uztailean itzalitako besta giroa berriz piztu izana eskertu diete.
Alde zaharreko besta batzordeko kideak, omenduekin.
Alde zaharreko besta batzordeko kideak, omenduekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko irailak 22
Uztailean bete ziren 40 urte Espainiako Poliziak German Rodriguez gaztea hil zuela Iruñeko San Fermin jaietan. Besta ilundu egin zuen gertakariak, eta udalak sanferminak bertan behera uztea erabaki zuen. Urte hartako San Fermin Txikiak izan ziren Iruñeko besta nagusiak, eta hori gogoratu nahi izan zuten, atzo eguerdian, Iruñeko Nabarreria plazan egin zuten omenaldi baten bidez.

«Sanferminak bertan behera utzi ondotik, inoizko San Fermin Txiki onenak izan ziren 78ko haiek. Omenaldi honen bidez, urte hartako San Fermin Txiki jaiak eta horiek antolatzen ibili zirenak omendu nahi ditugu», azaldu zuen Toni Irargi Iruñeko Alde Zaharreko jai batzordeko kideak, ekitaldia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Nabarreria plaza jendez gainezka zen 13:30erako. Irati Majuelo bertsolari gaztearen ahotsak hasi zuen omenaldia. Ondotik, Alde Zaharreko jai batzordeko bi kide igo ziren agertokira, eta 78ko uztailean Iruñean gertatutakoa kontatu zuten. Hiria «itzalita» utzi zuten gertaerak aipatu ondotik, hiria «biziberritu» zuten San Fermin Txiki jaiak gogorarazi zituzten. Iraileko bestak antolatzen ibili ziren Peñen Federaziokoei eta bestetako komisioa osatu zuten herritarrei eman zizkieten eskerrak bereziki. Txalo zaparrada handia jo zuen jendeak, eta hunkituta igo ziren hamahiru omenduak oholtzara.

Oihane Larramendi dantzariak dantzatu zien agurra, eta alde zaharreko besta batzordeko kideek zapi laukiduna jarri zieten lepoan omenduei. Emozioa nabari zen oholtza gainean zein bertaratutako jendearen artean. Denen ahotan zen uztailean herriari kendutako alaitasuna eta besta giroa berriz ekarri zituela alde zaharrak San Fermin Txiki jaietan, eta kaleak berriro «herriarenak» izan zirela.

Piru Zabaltza zen bereziki hunkituta zegoen omenduetako bat. Esker oneko hitzak bertzerik ez zuen besten antolatzaileentzat: «Ilusio handiz hartu dugu omenaldia. Pozgarria da 40 urte geroago ere bestaren izaera herritarrek aurrera eramatea», adierazi zuen. Hala ere, gogorarazi zuen «egia, justizia eta erreparazioa» eskatzen jarraitu behar dela.

Fermin Valenciak German Rodriguezen omenez egindako Hilarria kantarekin bukatu zuten omenaldi xume eta hunkigarria; Iker Alfontsok kantatu zuen. Alfontsoren ahotsari hainbat herritarrena batu zitzaion abestiaren errepikan: «Maite zenuen hiriak nahi du zure oroitarria, baina, batez ere, maitia, zure irria».

Txalo zaparrada luzea jo zuten bertaratutako herritarrek, eta bestak bere bideari jarraitu zion alde zaharreko kaleetan.

Haurren txupinazoa

Omenaldia baino lehen, ordea, alde zaharreko haurrek urteko unerik berezienetako bat bizitzeko aukera izan zuten. Urtero, auzoko bortz haurrek osatzen dute suziria botatzeko ardura izaten duen korporazio txikia. Iazko korporazio txikiko bortz kideek zapi laukiduna jarri zieten aurtengoei lepoan, eta, korrika, «ilusio handiarekin» joan ziren txupinazorako lekura. Suziria lehertzearekin bat hasi zen besta.

Benetako besta, ordea, handik minutu gutxi batzuetara hasi zen. Ohitura da korporazioak litxarreriak botatzea San Fermin Aldapakoaren elizako leihotik, eta haur guztiak zain zeuden unea noiz helduko. Litxarreriak botatzen hasi zirenean, erabat aztoratu ziren denak. Nahikoa goxoki bildu ondotik, kalejiran joan ziren denak kilikien atzetik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna