ATZEKOZ AURRERA

Bisitariz bete dira eskulturak

Asteazkenetik zabalik da Txillida Leku. Lehen lau egunetan, 3.000 bisitari inguru joan dira museora. Naturaren erdian, eskulturekin interakzioa izateko aukera izan dute. Bideoa albistearen barruan. 

Euskal Herriko eta atzerriko bisitari ugari izan ziren atzo Txillida Lekun, zabalik zegoen lehen larunbatean. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Berriro itzultzea, baina beste modu batean. Eduardo Txillida eskultorearen leloetako bat zen. Carmina Pages eta Olga Ramoni Bartzelonatik 2003an joan ziren aurrenekoz Txillida Leku museora (Hernani, Gipuzkoa), eta konpainia bereziarekin itzuli dira orain: Ramoniren ama Montserrat Lluchekin —Ernest Lluch zenaren lehengusuetako bat—. «Amets bat zen niretzat eskultura hauek ikustera etortzea», esan du Lluchek, Argiaren bila III eskulturaren barnean daudela. «Eskulturen zalea naiz, eta toki hau zoragarria da». Bisitari katalan asko dabil museoan, Aste Santuko oporraldian. Baita euskal herritarrak ere. Lehen egunean, 700 bisitari izan ziren; ostegunean, 650; eta herenegun, mila. Larunbatean, ehunka lagun ibili dira tokiaz gozatzen.

Madrildik iritsitako bisitariak ere ez dira gutxi. Carlos Van den Brule bigarren aldiz joan da museora, eta «pozik» dago. «Madrilgo Chamberi auzoan, nire etxetik 50 metrora, Txillidaren eskultura bat dago», esan du.

Eskulturak ukitu egin daitezke, eta edonor sar daiteke haien barrenean. «Eskultura baten barnean sartu ahal izatea ez da beste toki batzuetan gertatzen», nabarmendu du Iruñetik iritsitako Juan Alvarez arkitektura ikasleak. Argazkiak atera eta atera ari da. Iruñetik iritsi da Paul Zalduendo ere, anaiarekin eta gurasoekin. «Txillidak nahi zuen jendeak eskulturekin esperimentatzea, eta toki hau perfektua da horretarako». Haren aitak, Ricardok, kontzeptu bat iradoki du tokiarentzat: «Begiraden dibertsitatea».

Eskulturen informazio zehatza izateko, bisita gidatuak daude. Besarkada IVX eskulturaren parean, gida bati tentuz entzuten ari da talde bat. Materialen arteko «sinbiosiaz» ari da gida: «Eskulturak komunikazioan daude zuhaitzekin».

Bi eskultura berri daude aurreko etapan ikusi ezin zitezkeenak: Burdinaren laudoriotan III eta Argiaren bila III. Azken horren barnera sartu dira 10-11 urteko bi neska. Lezamatik (Bizkaia) iritsi dira. «Tokia zainduta dagoela ikusten da», esan dute nesketako baten gurasoek, Julen Goirik eta Ainara Dañobeitiak. Bizkaiko hiriburutik heldu da, berriz, Jose Antonio Fernandez Etxezarraga: «Ingurua nabarmenduko nuke; asko gozatzen ari gara».

Belazean edo kafetegian

Museoaren erdian, Zabalegi baserria dago. Erakusketa bat jarri dute barnean: Oyarak —izen bereko 1954ko eskultura baten izena hartuta—. 90 lan baino gehiago ikus daitezke. Eguerdi partean, jendez beteta dago baserria. Bisitarien artean, Legazpitik (Gipuzkoa) iritsitako Arantxa Altolagirre: «Pena da halako toki bat zortzi urtez itxita egon izana. Izugarri ederra da Txillida Leku. Txillidaren esentzia berehala nabaritzen da, gainera».

Bisitariak adin guztietakoak dira. Zenbait gazte belazean etzanda jarri dira. Aurreko etapan ez zegoen kafetegirik, eta berria zabaldu dute; beteta dago, eta bertatik ikus daitezke eskulturak. Museoak ematen dituen aukerak ez dira gutxi; Hondarribiko (Gipuzkoa) Pablo Garciak gogoratu du «oso esperientzia politak» izan dituela baserrian egin diren kontzertu batzuetan. Haren bikotekide Josune Lopezek oroitu du 4 urteko ikasleekin joan zela bere garaian museora. Laster hasiko dira ikastetxeetako bisitekin, zortzi urte luzeko etenaren ostean.

[youtube]https://youtu.be/YntF1oWjlv8[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.