ATZEKOZ AURRERA

Urduritasuna, piezaz pieza

First Lego League-ren finalak jokatu dituzte Donostian, Arrasaten eta Bilbon. Ikasleek hainbat hilabetez landutako proiektu berritzaileak eta robotak aurkeztu dituzte.

JON URBE / @FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lau gurpileko robotak plataforma bat altxatu du; aurrera joan, eta hesi batekin oztopatutako zabua kulunkan jarri du; blokez osatutako dorre bat zirkulu batean utzi du; garabi batetik zintzilik dagoen zama jaitsarazi du; eta aldapan gora igo da.

Santo Tomas lizeoko batxilergoko ikasleen robotak egin du hori guztia, mahai handi bateko zirkuituan. Naroa Larruskain eta Beñat Barcena ikasleak robota egokitzen ari dira, kontzentratuta: ordenagailu eramangarrian agindu bat aldatu, robotari pieza bat jarri edo kendu...

Donostiako zientzia museoan daude, eta First Lego Leagueko finaleko parte hartzaileak dira. Arrasaten (Gipuzkoa) eta Bilbon ere jokatu dira finalak. Innobasquek bultzatu du egitasmoa, 6 eta 16 urteko haur eta gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzeko. Finaletako bi talde onenek Espainiako lehiaketan parte hartuko dute, martxoan. Munduan ehun herrialdetako 500.000 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute.

Larruskainek, Barcenak eta ikaskideek ikasturte hasieran abiatu zuten erronka. Alde batetik, beren inguruko espazio batean arazo bat antzeman eta hori konpontzeko irtenbide berritzaile bat proposatu behar zuten: birziklatze kanpaina bat proposatu zuten ikasle gazteenentzat.

Bestetik, robot bat sortu eta programatu behar zuten, zenbait erronka gainditzeko, Legoren teknologia baliatuz.

«Probak eginez, Interneten bilatuz eta aurreko ikasturteetako ikasleen laguntzaz» lortu dute robota osatzea eta programatzea. Ikasgela osoaren proiektua da. Lehiaketan, baina, hamarrek baino ezin dute parte hartu.

Hilabeteetako lana

Eguerdian, gustura daude. Bigarren doaz. Hala ere, lehiaketari garrantzia kendu nahi izan diote. Beren buruarekin lehiatzen ari dira, «hilabeteetan egindako lana ondo atera dadin».

Robot batzuk txikiak eta arinak dira. Beste batzuk, berriz, oso handiak; Orixe ikastolarena, esaterako. Hala ere, ondo moldatzen da ibilbidean. Taldeko kideek publizitatea dute elastikoetan.

Zientzia Museoko korridoreetan, ikasle urduriak, antolakuntzako boluntarioak eta gurasoak dabiltza aurrera eta atzera. Ikasleek kaxetan daramatzate robotak, piezak eta kableak, eta azken probak egitera doaz, Da Vinci aretoan jendaurrera azaldu aurretik.

Zientzia Museoko finalaren antolatzailea da Donostiako Sustapena, garapen ekonomikorako agentzia. Ainhoa Aldasoro teknikariaren iritziz, halako egitasmoak bokazio teknologikoak eta gaitasun pertsonalak lantzeko eta sakontzeko esparruak dira. «Ia sei hilabete daramatzate lanean, ez bakarrik eskola orduetan», nabarmendu du.

Bitartean, Lehen Hezkuntzako ikasleak Lego piezekin eraikitako eraikin koloretsuak erakusten eta azaltzen ari dira, Newton aretoan; batzuek baita ingelesez ere. Mozorrotutako talderen bat ere bada.

Guztiek nabarmentzen dute beren eraikina guztientzat irisgarria, ingurumena errespetatzen duena eta sendoa dela. Gehienek dituzte eguzki panelak edo haize errotak. Indurain taldearenak baita igerilekua eta jacuzzia ere.

Bilboko Artxandape ikastolako LH4ko Happy taldearen Lego eraikineko igogailua ez dabil. «Lasai, nire etxeko igogailuak ere ez du beti funtzionatzen», lasaitu ditu epaimahaikide batek. Ixonek, taldearen izenean, azaldu du aurrena ate txikiago bat jarri zutela, baina konturatu zirela horrela gurpil aulkiak ez zirela sartzen, eta aldatu egin zutela.

Ander Atxikaallende Artxandapeko irakasleak gogora ekarri du zer ekarpen egiten dizkieten halako lanek ikasleei: «Egoera batetik abiatuta, erantzun bat eman behar dute, taldean, sormena eta ekimena erabiliz, eta erabakiak hartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.