ATZEKOZ AURRERA

Sorginen aldarrikapena

'Sorginak!' izeneko erakusketa kolektiboa jarri du ikusgai EmPoderArte kolektiboak Donostiako Okendo kultur etxean. Inkisizioan hildako emakumeak izan dituzte gogoan.

Eskultura eta koadroak ikus daitezke erakusketan. JON URBE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Erakusketa gelara sartu bezain pronto, parez pare suontzi bat ikusiko du bisitariak lehen begi kolpean. Une oro piztuta dagoen garra dario instalazioari, eta aurrean duen kristal batean mezu argi bat dauka idatzita: «In memoriam mulieris». XV. eta XVIII. mendeen artean munduan sutan erre zituzten 250.000 emakumeren omenezko lana da Marta Lage de la Rosa artistarena, eta Donostiako Okendo kultur etxean atzo zabaldu zuten Sorginak! erakusketan egongo da ikusgai apirilaren 17ra arte. Sorginkeria egotzita hil zituzten emakumeak ditu gogoan EmPoderArte taldeak sustatutako egitasmoak, eta 44 artistaren lanak biltzen ditu.

Emakumeen aurkako zapalketa bat du gogoan, baina Miren Atxaga artista eta erakusketaren komisarioetako batek argi azaldu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian jazarpen hori oraindik ez dela amaitu: «Gaur egun ez gaituzte erretzen, baina oraindik hiltzen gaituzte; burua ateratzen duen oro oraindik zapaltzen dute».

EmPoderArte artisten taldeak duela bi urte erabaki zuen sorginen inguruko erakusketa bat egitea, eta, horretarako, elkarren artean asko eztabaidatu dute. Pepa Santamaria beste komisarioetako batek azaldu zuenez, denek irakurri zuten Silvia Federici ikerlariaren Caliban eta sorgina lana, eta ondoren hasi ziren gaiaren inguruko hausnarketak egiten. «Prozesua oso aberasgarria izan da». Elkarren artean izandako gogoetak gizarteratu dituzte erakusketarekin, baina horrekin batera beste helburu bat ere izan dute: «Asmoa ez da izan erakusketa polit bat egitea, ikusleengan hausnarketa sorrarazi nahi duen erakusketa egitea baizik».

Horretarako aukera ematen dute ikusgai dauden artelanetako askok. Gurutzean iltzatutako emakume bat ageri da oihal batean, Kristo iltzatua imitatuz. Gurutzearen gainean Mulier idatzia dago, eta oihalaren albo bat erreta ageri da. Sabaitik zintzilik dagoen beste oihal batean sukaldeko amantalaren forma hartzen duen irudi bat dago, eta barruan hitz ugari daude idatzita: «Jakintsuak, sorginak, emakumeak, ausartak, askeak, intsumisoak, garaiezinak». Erakusgelaren beste puntan, maniki batzuen bi buru daude, eta probeta itxurako kristalezko ontzitxo batzuetan erakusketan parte hartu duten emakume denen ile xerlo bana dago. Sorginen esentzia izena darama artelanak, gaur egun sorgin izateak esan nahi duena irudikatzeko asmoz. «Sorginak emakume izateagatik, ahaldunduta egoteagatik, borrokatzeagatik...», dio artelanaren ondoan dagoen azalpenak.

Gutxiespena amaitu

Sorgin hitza erabili dute erakusketaren izenburuan, eta baita bertan ikus daitezkeen artelan askotan ere. Erabilera hori ez da ausazkoa, Sara Beiztegi erakusketako beste komisarioaren hitzetan: «Hitzaren erabilerarekin emakumeak deabru bihurtu nahi izan zituzten». Medikuntzako jakintza izateak botere handia ematen baitzien, eta hori amaitzeko saiakera bat izan zen sorginkeria salaketak, Beiztegik dioenez. «Emakume izateagatik hil zituzten, gizon horien mandatuen arabera bizi nahi ez zutelako».

Horregatik, gaur egun oraindik oso erabilia den sorgin hitzaren erabilera negatiboari buelta eman beharra nabarmendu zuen Beiztegik atzoko ekitaldian. «Emakume ahaldundua eta nahi duena izatea esan nahi badu sorgin izateak, izaera hori aldarrika dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.