UDAKO SERIEA. Espainiako Konstituzioak 40 urte (II). Erreferenduma.

Zilegitasunaren inguruko gatazka

1978ko abenduaren 8an egin zuten Espainiako Konstituzioari buruzko erreferenduma; Euskal Herrian, abstentzioa handia izan zen, eta herritarren %34,55ek baino ez zuten babestu.
Espainiako Konstituzioaren heriotza aldarrikatzen duen pankarta, Bilbon, 2000. urtean.
Espainiako Konstituzioaren heriotza aldarrikatzen duen pankarta, Bilbon, 2000. urtean. XOUSE SIMAL

Gotzon Hermosilla -

2018ko abuztuak 22
Rafael Arias Salgado UCDren diputatuak —gero ministro izan zenak Adolfo Suarezen gobernuan— argi esan zuen 1978ko maiatzaren 12an, Espainiako Kongresuan, konstituzioaren zirriborroaz eztabaidatzen ari zirela: «Testu konstituzionalak Euskal Herrian edo Katalunian boto gutxi lortuko balu edo atzera botako balute, jatorrizko akats larri batekin jaioko litzateke, Espainiako gainerako lurraldeetan gehiengo handiz onartuta ere». Espainian, baiezkoa arazo handirik gabe gailendu zen 1978ko abenduaren 8an egindako erreferendumean. Hego Euskal Herrian, baina, Arias Salgadok aipatzen zuen «jatorrizko akats» horrekin sartu zen indarrean Espainiako Konstituzioa.

Ia hamazortzi milioi lagunek eman zuten botoa erreferendum hartan, erroldatutakoen %67,11k; baiezkoa aise gailendu zen —botoen %91,81—. Baina Hego Euskal Herrian emaitzak oso desberdinak izan ziren. Botoa emateko eskubidea zuten 1.913.980 lagunetatik, 934.005ek baino ez zuten botoa eman; erdira ere ez ziren iritsi. Abstentzioa %51,21ekoa izan zen.

Emandako botoen artean, baiezkoak aise gailendu ziren: 661.412; hau da, %70,81. Baina erroldari erreparatuz gero, eta abstentzioa hain handia izan zenez, ondorioa da Hego Euskal Herriko herritarretatik %34,55ek baino ez ziotela oniritzia eman Espainiako Konstituzioari 1978an; hirutik batek, gutxi gorabehera.

Beste zenbait arlotan bezala, erreferendumaren emaitzen inguruan ere kontakizunen arteko borroka egon da azken hamarkadetan. Emaitza horietan oin hartuta, ezker abertzaleak behin baino gehiagotan adierazi du Euskal Herriak arbuiatu egin zuela Espainiako Konstituzioa.

Oso bestela interpretatu izan dute alderdi eta hedabide unionistek: soilki emandako botoei erreparatuta, haien ustez, argi dago euskal herritarrek baiezkoa eman ziotela konstituzioari. Interpretazio hori, baina, ez dator bat azken urteotan garatu duten diskurtsoarekin: Kataluniako auziaren harira, behin baino gehiagotan azaldu dute euren ustez herritarren erdien babesa ez litzatekeela nahikoa izango komunitate baten estatus politikoa erabakitzeko.

Interpretazioak interpretazio, Espainiako Konstituzioak Euskal Herrian duen zilegitasuna zalantzan egon da azken 40 urteetan, eta eztabaida horrek gaur arte iraun du.

Eider Landaberea Abad doktorea da Gaur Egungo Historian, eta eskolak ematen ditu Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultatean, Donostian. Los 'nosotros' en la transicion (Gu-ak trantsizioan) izeneko liburua argitaratu zuen, 2016an; Euskal Herriko tradizio politiko nagusiek urte haietan izan zituzten diskurtso eta praktika politikoak aztertu ditu lan horretan.

Konstituzioaren aurrean eta erreferendumari begira tradizio politiko horiek «jarrera desberdinak» izan zituzten, «kultura politiko bakoitzak bere jatorria eta berezko mundu ikuskera duelako, eta bere helburu propioak lortu nahi dituelako», Landaberearen hitzetan. Hark dioenez, autonomien inguruko atala —VIII. titulua—, eskubide historikoena —lehen xedapen gehigarria— eta lurraldetasuna —laugarren xedapen iragankorra— izan ziren eztabaidaren puntu nagusiak.

PSE, UCD eta AP, baiezkoan

PSE, UCD eta AP baiezkoaren alde agertu ziren, nahiz eta haien jarreretan desberdintasun handiak izan: APren kasuan, esaterako, ezin da ahaztu Espainiako Kongresuan eskuineko alderdi horren bost diputatu konstituzioaren kontra agertu zirela, eta hiruk abstentziora jo zutela, batez ere «nazionalitateen» inguruko aipamenekin ados ez zeudelako eta Espainiarren batasuna arriskuan ikusten zutelako.

Bere diskurtsoan, UCDk «adostasunaren ideia» nabarmendu zuen; haien ustez, konstituzioak «Euskal Herriaren eta Espainiako gainerako herrien eskubideak» aintzat hartzen zituen, «separatismoari» bide eman gabe.

Sozialistek, berriz, Etorkizuna eraikitzea zure esku dago goiburua erabili zuten kanpainan. Haientzat, konstituzioa zen «diktadura frankistaren bukaeraren ikur eta aro historiko demokratiko berri baten hasiera», Landabereak dioenez. «Euskal sozialistek babesa eman zioten testuari, pentsatzen zutelako ez zela inongo alderdiren jabetza edo ideologia bakar baten isla, eta guztientzat idatzita zegoela».

Oso bestelakoa izan zen ezker abertzalearen jarrera. Garai hartan, bi ziren ezker abertzalearen antolakunde politiko nagusiak: Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuna. Biek ala biek kontrako botoa eskatu zuten konstituzioari buruzko erreferendumean.

Euskadiko Ezkerra koalizioa 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetara aurkeztu zen, eta bi ordezkari lortu zituen: diputatu bat —Francisco Letamendia; erreferenduma baino hilabete lehenago, 1978ko azaroaren 8an, dimisioa aurkeztu zuen, eta geroago HBrekin bat egin zuen— eta senatari bat —Juan Maria Bandres—; hortaz, konstituzioari buruzko eztabaida prozesuan parte hartzeko modua izan zuen. Baina aurkeztu zituzten proposamen eta zuzenketak atzera bota zizkieten, eta erreferendumean ezezkoari eutsi zioten. Konstituzio honi ez leloa erabili zuten kanpainan.

Landabereak dioenez, Euskadiko Ezkerrak lau baldintza jarri zituen konstituzioari babesa emateko: lehenik eta behin, testuan jasotako askatasun eta eskubideek «benetan demokratikoak» izan behar zuten; bigarrenik, arlo sozioekonomikoan konstituzioak anbiguotasun nahikoa izan behar zuen merkatu libreko sistema bati zein sistema sozialista bati bide eman ahal izateko; hirugarrenik, autodeterminazio eskubidea jaso behar zuen, eta, azkenik, autogobernu maila handia bermatu behar zien Espainiako Estatuaren baitako nazioei, estatuaren egituren barruan iraun bitartean. EEk iritzi zion proposatutako testuak ez zituela lau baldintza horiek betetzen, eta abenduaren 8rako antolaturiko erreferendumean ezezkoa ematea erabaki zuen.

Herri Batasunari dagokionez, agertu berria zen Euskal Herriko esparru politikoan —1978ko apirilaren 27an egin zuten aurkezpen ofiziala—, eta, Landabereak gogorarazi duenez, konstituzioaren kontrakoa izan zen antolatu zuten lehenengo kanpaina. Denboraren poderioz eta, batez ere, EEren bilakaera ideologikoaren eta hauteskunde gainbeheraren ondorioz, hurrengo urteetan HB izan zen konstituzioaren kontrako jarrerari eta erreforma deitu zuten prozesua salatzeari eutsi zion indar politiko bakarra.

EAJren abstentzioa

PSEk, UCDk eta APk —PCEk ere baiezkoa eman zion konstituzioari— osatutako multzoaren eta EEk eta HBk osaturikoaren artean zegoen EAJ, orduko alderdi politiko nagusia, eta argi zegoen jeltzaleen jarreraren pentzutan egongo zela, neurri handi batean, konstituzioak hurrengo urteetan Euskal Herrian izango zuen zilegitasuna. Haien eskakizunetako batzuk, autonomiari bidea zabaltzea eta eskubide historikoen aipamena esaterako, jasota zeuden testuan, baina EAJk aurkeztutako beste hainbat zuzenketa ez zituzten onartu. «Etsigarria» izan zen EAJk eztabaida definitzeko erabili zuen hitza, eta, azkenean, abstentzioaren alde egitea erabaki zuen.

«EAJk ezin zion konstituzioari baiezkoa eman», esan du Landabereak, «ez zuelako jasotzen Euskal Herriaren eskubide historikoen onarpenean oinarrituriko estatu eredu bat; baina ezezko botoa ere baztertu zuten, uste zutelako testuak bazituela alde positiboak: adibidez, diktadurarekin haustea, eta askatasun indibidualak errespetatzen zituen zuzenbide estatua ezartzea».

Azkenean, abstentzioaren alde egin zuen EAJk. Eta horrek eragin nabarmena izan zuen erreferendumaren emaitzetan. Parte hartzea ez zen erdira ere iritsi; Bizkaian, abstentzioa %57,5 izan zen, eta Gipuzkoan, %54,6. «Hain abstentzio handia ezin da zuzen interpretatu kontuan hartu gabe eskatutako aukera izan zela», azaldu du Landabereak. «Abstentzio aktiboa izan zen, militantea, gaur egun EAE Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeetan 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetan boto gehien bildu zituen alderdiak eskatua».

Horri gehitu behar zaio ezezko botoen pisua. Baiezkoak baino gutxiago izan baziren ere, Espainiako batez bestekoa baino askoz gehiago izan ziren: %29,19 izan ziren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, eta Gipuzkoan, esaterako, %35,4 ere izan ziren. Espainian, %8 ere ez ziren izan.

«Hori kontuan hartuta, uste dut ez dela guztiz okerra esatea konstituzioak ez zuela lortu euskal herritar gehienen babesa», esan du Landabereak.

Berrogei urte igaro dira konstituzioari buruzko erreferenduma egin zenetik, eta, denbora tarte horretan, zilegitasunaren inguruko gatazka horrek gorabeherak izan ditu. Zenbait analista politikok uste dute herritarrek 1978an ukatu zioten legitimitatea eman ziotela indarrean dagoen esparru juridiko-politikoari autonomia estatutuak onartu zituztenean —Gernikako Estatutua 1979an onartu zuten; Nafarroako foru hobekuntza 1982an sartu zen indarrean, nahiz eta ez zuten erreferendumik egin—.

EEk, berriz, 1988an agerraldia egin zuen, hamar urte lehenago hartutako jarreran atzera egin eta konstituzioari babesa emateko. Geroago, PSErekin bat egin zuen EEk. 2014an Ahal Dugu sortu zen, Hego Euskal Herrian garapen azkarra izan zuena eta bere oinarri ideologikoetan 78ko erregimena eta itun konstituzionala ezbaian jartzen duena.

Landabereak azaldu duenez, «1978ko konstituzioak zedarritutako lurralde antolakuntza eta sistema politiko, ekonomiko eta soziala ezbaian dago azken bolada honetan batzuen eta besteen aldetik, oso sutsuki gainera. Badirudi horrek adierazten duela beharrezkoa dela konstituzioaren atal bat baino gehiago berriro aztertzea».

Bihar: Espainiako Konstituzioaren edukien azterketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna