UDAKO SERIEA. Espainiako Konstituzioak 40 urte (III). Edukien azterketa.

Hitz hutsetatik harago

Espainiako Konstituzioaren atal esanguratsuenak aletu dituzte Miren Gorrotxategi eta Eneko Compains EHUko irakasleek; haien ustez, indarrean dagoen testuak ez du balio gaurko arazo politikoei aterabidea emateko.
Espainiako Konstituzioaren lehenengo artikulua erakusten duen pankarta, Independentistak sarearen ekitaldi batean, Durangon, 2017an.
Espainiako Konstituzioaren lehenengo artikulua erakusten duen pankarta, Independentistak sarearen ekitaldi batean, Durangon, 2017an. JUANAN RUIZ / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko abuztuak 23
Ez dago adostasunik Espainiako Konstituzioa baloratzerakoan. Zenbait sektorek beti aurkeztu dute konstituzioa —eta, oro har, trantsizioa deitu duten aro politikoa— prozesu eredugarri eta demokraziaren lorpen handi bezala. Denbora igaro ahala, ordea, gero eta ugariagoak izan dira testuaren gabeziak, puntu ilunak eta 78ko erregimena deritzonak konpondu gabe utzi zituen korapiloak nabarmentzen dituzten iritzi kritikoak.

Ariketa bat proposatu dio BERRIAk Konstituzio Zuzenbidean adituak diren bi irakasleri: Espainiako Konstituzioaren zenbait atal banan-banan hartu, aztertu, eta haien inguruko iritzia ematea. Eneko Compains eta Miren Gorrotxategi EHUko irakasleek egin dute ariketa hori.

2. ARTIKULUA





Hasiera-hasieratik, konstituzioak argi uzten du nazio subiranotasuna «Espainiako herriari» dagokiola, eta 2. artikuluan zehazten du «Espainiako nazioaren batasun ezin hautsizkoan» hartzen duela oinarri, «hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina». Era berean, aitortzen eta bermatzen du «Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea eta haien arteko elkartasuna».

Eneko Compainsek gogora ekarri du 2. artikulu hori «kanpotik inposatu» egin zitzaiola batzorde konstituziogileari, Jordi Sole Turak Nacionalidades y nacionalismos en España (Nazionalitateak eta nazionalismoak Espainian) bere liburuan aitortu zuenez: «Horrela ebatzi zen subiranotasunaren auzia Espainiako Konstituzioan, eta horrek erakusten du defizit demokratikoa jaiotzatik bertatik daukala».

Compainsen arabera, Espainian naziotasunaren arloan «printzipio gidaria» izan da Jose Calvo Sotelo Espainiako II. Errepublikaren garaiko politikari eskuindarrak behinola adierazitakoa: España antes roja que rota (Espainia, hobe gorria, ezen ez hautsia).

Miren Gorrotxategiren ustez, kontrajarrita dauden bi joera uztartu nahiaren ondorio da aipatutako artikulua: «Mutur batean autodeterminazio eskubidearen onarpena izango genuke, eta beste muturrean, Espainiaren batasun hautsezina. Noski, bi polo horien artean adostasuna lortzea testu bakar batean oso nekeza zen. Horregatik, konstituzioan bi printzipio jasotzen dira, batasuna eta autonomia politikoa, kontrajarrita daudenak eta denbora osoan tentsioan daudenak, eta garapen politikoaren esku utzi zen horren soluzioa».

Gorrotxategik uste du konstituzioak ez duela «ezer» ixten eta «zentralismo handiagora jotzeko zein autonomia maila handiagoa lortzeko» aukera ematen duela. Baina azken urteotako gertaerek gainditu egin dutela deritzo: «Mugak batasuna eta autonomia politikoa baldin baziren, Kataluniako prozesuan batasunarena apurtuta geratu zen, [independentziaren aldeko indarrek] beren kasa erabaki zutelako horren kontra egitea, eta autonomiarena Espainiako Gobernuak apurtu zuen autonomia bertan behera uztea erabaki zuenean. Alor horretan, gaur egun konstituzioak ez du ezertarako balio, agortuta dago, ez delako gai izan arazo politiko bati soluziobidea eskaintzeko».

8. ARTIKULUA





Artikulu horren arabera, Espainiako armadaren eginkizuna da «Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta lurralde-osotasuna eta konstituzioaren araberako ordenamendua zaintzea».

Gorrotxategik «bitxia» irizten dio artikulu horri, «Espainiako Konstituzioak oso berezkoa duena». Dioenez, garai hartan «ohituta zeuden militarrei garrantzi politikoa ematera, eta horregatik jarri zituzten militarrak azken berme gisa. Baina ez da oso ohikoa».

Compainsek beste datu bat jarri du mahai gainean: «Artikulu hori ere botere faktikoek ezarria da, eta kasu horretan itxurak ere ez zituzten gorde, artikulua alderatzen badugu frankismoaren garaiko Estatuko Lege Organikoaren 37. artikuluarekin, ikusiko dugu hitzez hitzezko kopia bat dela ia». Izan ere, konstituzioan lurreko, itsasoko eta aireko armadak aipatzen dira, eta frankismoaren 1967ko lege organikoan horiei segurtasun indarrak gehitzen dizkiete, baina ñabardura hori alde batera utzita, bi artikuluak ia-ia berdinak dira.

«Bazuten beste modu batera idaztea», erantsi du Compainsek, «baina horrela egin zuten, eta beste behin ere erakutsi zuten Espainiaren batasuna inposizio bat izan dela eta inposizio hori armez bermatu egin dela».

ESKUBIDEEN ATALA





Lehenengo titulua oinarrizko eskubide eta betebeharrei buruzkoa da, eta 14. artikulutik aurrera, batez ere bigarren eta hirugarren kapituluetan, hainbat eskubide agertzen dira testuan: batzuk oinarrizko askatasun eta eskubideei dagozkie —bizitzeko eskubidea, askatasun eta segurtasunerakoa, ohorerakoa—, baina arlo sozialeko zenbait eskubide ere agertzen dira, lan egiteko eskubidea eta etxebizitza izatekoa esaterako.

Gorrotxategik azaldu duenez, konstituzioa idatzi zen garaian ongizatearen estatua Europa osoan ezarrita zegoen, eta, joera horri jarraiki, Espainiakoan ere hainbat eskubide sozial jaso zituzten. Alde horretatik, «oso konstituzio homologagarria» da Espainiakoa. Baina estatu sozialaren oinarriak pitzatu zituen enbata neoliberalaren lehenengo aztarnak agertuak ziren ordurako, eta indarra hartu zuten hurrengo urteetan. «Horregatik, eskubide horiek, paperean jasota dauden arren, ez dira inoiz oso indartsuak izan».

Horri babes juridikoaren auzia gehitu behar zaio. «3. kapituluan dauden eskubide horiek dira babes juridikorik txikiena dutenak, eta unean uneko gobernuak bere kasa arau ditzake dekretuen bidez», azaldu du Gorrotxategik. «Adibidez, etxebizitzarako eskubidea agertzen da, baina Espainiako Estatuan ez da inoiz etxebizitza politikarik izan».

Bat dator ikuspegi horretan Compains. «Hemen eraiki zen estatu sozialak, berme konstituzionalen ikuspegitik behintzat, ahulgune oso nabariak zituen», esan du. «Eskubide zibil eta politikoek babes maila gorena dute —Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera barne—, baina, aldiz, eskubide sozialak printzipio moduan baino ez dira agertzen. Azken urteotan ikusi dugu etxebizitza eskubidea, esaterako, noraino ez den betetzen».

155. ARTIKULUA





155. artikulua denen ahotan egon da Espainiako Gobernua Katalunian ezartzea erabaki zuenetik: «Baldin eta autonomia-erkidego batek betetzen ez baditu konstituzioak edo beste lege batzuek ezarritako betebeharrak, edo Espainiaren interes orokorrari larri erasotzen dion moduan jokatzen badu, Gobernuak (...) dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu erkidegoari betebehar horiek nahitaez betearazteko edo aipatutako interes orokorra babesteko».

Compainsek dioenez, artikulu hori, praktikan, «autonomien estatuaren salbuespen egoera» da. «Konstituzio Zuzenbideko aditu eta katedradun askok esan dute artikulu horren bidez ezin zela Kataluniako herriak bozkatutakoa indargabetu, baina praktikan hori gertatu da. Artikulu horrek bide eman die autonomien estatua likidatzeko».

Gainera, artikulu hori «luzerako» agertu da, Compainsek dioenez, «orain mahai gainean jarriko diotelako horrelakoetan saiatu nahi duen edonori». Hortik ondoriozta daiteke Espainian zenbaitek «kontzesio moduan» ulertzen dutela autogobernuaren afera, eta herrialde batek berez duen eskubidea baino gehiago, edonoiz indargabetu daitekeen deszentralizazio administratiboa baino ez dela.

Alor horretan dagoen aurrekari falta eta horrek sortzen duen ziurgabetasun juridikoa nabarmendu du Gorrotxategik: «Artikulu hori orain arte inoiz aplikatu ez denez, ez da garatu, ez dago horren inguruko legerik, ez dago prozedurarik, ez ezer. Alarma, salbuespen eta setio egoeretan, adibidez, oso ondo zehaztuta dago nork, noiz, zergatik, zenbat denborarako, eta abar. 155. artikuluaz, aldiz, ez dago ezer idatzita. Errealitatea lehenago, eta modu askoz gordin eta bortitzago batez iritsi da edozein hausnarketa juridiko doktrinal baino. Eta, orduan, Gobernuak nahi izan duena egin du».

4. XEDAPEN IRAGANKORRA





Nafarroa «Euskal Kontseilu Nagusian edo hura ordezkatuko duen euskal autonomia-araubidean sartzea» arautzen du xedapen horrek. «Foru-organo eskudunari dagokio ekimena, eta osatzen duten kideen gehiengoz hartuko du hark erabakia». Horrez gainera, erabakia erreferendumean berresteko beharra ere aipatzen da.

«Norbait oso zuhurra izan zen hori proposatu zuenean», esan du Compainsek, «baina ez Euskal Herriaren ikuspegitik, estatuarenetik baizik. Nafarroa EAEri gehitzea proposatzea da Hegoaldeko euskal lurraldeen batasuna bideraezin egiteko modu bat. Jesus Egigurenek duela gutxi idatzita utzi du bide horretatik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa ez direla inoiz batuko, eta ni ados nago». Compainsen ustez, «batasunik egotekotan, berdinen artekoa izan beharko luke, eta hori konstituziogileek oso ongi zaindu zuten, eragozteko: konstituzioan debekaturik dago autonomia erkidegoak federatzea».

Edonola ere, Nafarroan badaude unionismo espainiarraren aldetik xedapen horren indargabetzea eskatzen dutenak. Gorrotxategiren ustez, xedapena «iragankorra» izateak ez du esan nahi epe jakin batean indarra galdu behar duenik. «Arau juridiko bat, deuseztatzen ez den bitartean, indarrean dago. Arazoa beste bat da, alegia, auzi honen inguruan Nafarroako gizartea oso zatituta dagoela, eta ez duela ematen epe motzean gauzatuko denik».

BALORAZIO OROKORRA





«Nire balorazioa negatiboa da, besteak beste, euskal herritar naizen aldetik, Euskal Herriari nazio izaera eta nazio eskubideak ukatzen dizkiolako», esan du Compainsek. Haren ustez, konstituzioa 1978ko «iruzur politikoaren izenpetze juridikoa» da. «Espainiar diktadura ez zen haustura demokratiko batekin bukatu, eta frankismoaren barruko sektore erreformistek diseinatu zuten operazioa. Prozesu hori demokraziari egindako iruzur gisa definituko nuke, eta prozesu horren azken burua konstituzioa da».

Gorrotxategiren ustez, konstituzioak izan ditu balio positiboak, esaterako, «estatu konstituzionalaren normalizazioa», baina uste du gizartean suertatutako aldaketek, nazioarteko testuingurukoek eta bestek «desaktibatu» egin dutela. «Berriz pentsatu beharko genuke nola eratu nahi ditugun gure bizikidetza eta harremanak. Gogoeta kolektibo bat egin beharko genuke eta prozesu konstituziogile bat abian jarri, oraingoak ez dielako erantzuten gaur egungo arazoei».

Bihar: Espainiako Konstituzioa eta genero ikuspegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna