Koronabirusa

Osakidetzako langileek «egiturazko gabeziez» abisu emango dute gaur

Grebarako deia egina dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Gutxieneko zerbitzuak, larunbatetakoen parekoak

Osakidetzako langileak, protesta batean, abenduan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Prekaritatea» eta «egiturazko gabeziak» salatzera deituta daude gaur Osakidetzako langileak, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egindako greba deialdiaren bidez. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen araberako arta emango dute osasun zentroetan: larunbatetakoaren parekoa.Greba deialdiaren harira, eguerdian mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian; Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatuko da manifestazioa; Gasteizen, Txagorritxuko erietxetik, eta Donostian elkarretaratze bat egingo dute Bulebarrean. Mobilizazioen soka bati atxikita dator greba deialdi hau; Araban greba egin zuten urriaren 29an, Gipuzkoan azaroaren 5ean, eta Bizkaian azaroaren 12an. Azken asteotan ere hainbat protesta egin dituzte.

Aldarrietan, osasun publikorako diru gehiago jartzeko eskatuko dute: aurrekontuetan alor horretako diru sailak handitzea ezinbestekotzat daukate sindikatuek. Eskarien artean sartu dute, era berean, Osakidetzako egiturazko lantaldea handitzea, eta era horretan egun dagoen behin-behinekotasuna apaltzea. Bestalde, gogora ekarri nahi dute lan baldintzak arautzeko akordioak iraungita daramatzala 11 urte, eta berritu egin behar dela, urteotan osasun sistema publikoan egin behar diren «murrizketek» eragindako gabeziak konpontzera egin behar dela, geratu egin behar direlahainbat zerbitzuren «pribatizazioan» egin diren aurreraurratsak, eta hobetu egin behar dela langileen lan osasuna.

Greba egiteko eragozpenak

Kexua adierazi zuten atzo langileen ordezkariek Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen inguruan. «Ia inork ere ezingo du grebarik egin», deitoratu zuen UGT sindikatuko ordezkari Ana Vazquezek. Osasun agintariek ebatzi dute, pandemiak eragindako beharrak tarteko, COVID-19aren diagnostikoa eta jarraipena egiteko zerbitzuek bete-betean jarraitu behar dutela lanean, eta txertaketa programan ere etenik ezingo da egin.

Abenduaren 10ean egin zuten grebarako deia sindikatuek, Osakidetzako buruzagiekin mahai sektorialean elkartu ostean. Sindikatuen arabera, Osakidetzak «mobilizazioen bidea baino» ez zien utzi, argudiatuta bilera hartan ez zutela jorratu langileek eramandako aldarrikapen bat ere. Salatu zuten «lantaldea zukutzen jarraitzera eta haren eskubideak murriztera» bideratuta zeudela landu dituzten edukiak. Aurreko bilera azaroaren 26an egin zuten.Bilkura horretatik alde egin zuten sindikatuek, entzuten ari zirenarekin ados ez zeudela erakusteko.Sindikatuen iritziz, osasun sistemaren «gabeziak» ez dira berriak, baina «larriagotu» egin dira COVID-19aren pandemiaren eraginez. Uste dute Jaurlaritzaren irizpidea «aurreztea» dela, «giza baliabideetan eta materialetan», eta «elkarrizketarako borondatea dutelako plantak» egiten ari dela. Aurrez, ekainetik biltzeko zegoen mahai sektoriala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.