Koronabirusa

Hego Euskal Herriko ospitaleetan 598 paziente daude COVID-19ak jota

Azken bost asteetako ospitaleratu gutxien da Hegoaldean; ZIUetan 175 eri daude. Osasunbideak eta Osakidetzak 549 kasu atzeman dituzte

Mediku eta erizainak, Gurutzetako ospitaleko gela batean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ospitaleetako presioa handia da oraindik, baina hasi da arintzen, apurka izanik ere. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, birusarekin eri diren 598 paziente daude Hegoaldeko zentroetan erietxeraturik. Apirilaren 5etik, kopurua ez da inoiz izan 600 lagunen langatik behitikoa; orain arte. Apaltzea aski nabaria da izurritearen laugarren olatuak utzitako daturik beltzenen aldean: apirilaren 26an 938 ziren ospitaleratuak.

ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ere sumatu da beherakada. Azken datuen arabera, 175 gaixo daude unitate horietan; apirilaren 26an 230 ziren. Hala eta guztiz ere, larritasuna agerikoa da oraindik. Esaterako, aipatzekoa da Hegoaldean gaitzagatik erietxeratzen duten pertsona kopurua: Osakidetzak eta Osasunbideak 62 lagun ospitaleratu zituzten asteazkenean. Halaber, azken hamalau egunetako batezbestekoa are handiagoa da: eguneko 73 ospitaleratu.

Nafarroako Gobernuak birusarekin loturiko beste bi heriotzaren berri eman zuen atzo: herenegun 93 urteko emakumezko bat hil zen gaitzak jota. Gainera, 66 urteko gizonezko bat zendu zen aurreko egunetako batean. Jaurlaritzak ez du egunero ematen heriotzei buruzko informazioa; iragan asteari dagokiona da argitaratutako azken zenbaketa. Hegoaldean, gutxienez 46 lagun zendu ziren maiatzaren 3tik 9ra.

COVID-19aren tranmisioari dagokienez, datuek erakusten dute intzidentzia egonkortzen ari dela Hego Euskal Herrian. Hirugarren egunez jarraian, egun bakarrean zenbatutako kasu kopurua 500en bueltakoa izan da: zehazki, herenegun 549 positibo detektatu zituzten Hegoaldean egindako testetan. 11.907 diagnostiko proba egin ziren, eta, beraz, %4,6 izan zen positiboen ehunekoa. OME Osasunaren Munduko Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean jartzen hasteko gehienezko mugarria.

Hegoaldeko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien, beste behin: 276 izan ziren. Gipuzkoan 152 detektatu zituzten; Nafarroan, 92, eta Araban 27.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.