Banku zentralen asmoek ez dituzte lasaitu merkatuak

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Finantza krisiaz geroztik izandako asterik gogorrenaren ostean, burtsek eta dibisa merkatuek itxaropentsu hasi zuten atzo astea, munduko banku zentral nagusiek zantzuak eman zituztelako prest daudela ekintza bateratuak egiteko, koronabirusak eragindako ziurgabetasunei eta kezkei aurre egin eta ekonomia akuilatzeko xedez. Hala ere, mezu horiek ez ziren nahikoa izan merkatuak baretzeko eta ekonomiari buruzko kezkak uxatzeko. OCDEren aurreikuspen ilunek zenbaki gorriak ekarri zituzten atzera, %1 ingurukoak.

Banku zentralen esku hartzearen zantzurik indartsuena Japoniako Bankuak eman zuen, atzo, ohar batean adierazi zuenean prest dagoela «likidezia zabala eskaintzeko eta finantza merkatuen egonkortasuna bermatzeko, merkatu eragiketa egokien eta aktiboen erosketen bidez».

Aurretik, Erreserba Federalak esan zuen «oso hurbiletik» ari zela gertakizunaren berri izaten, eta «ekonomia laguntzeko behar bezalako» ekintzak eta tresnak aipatu zituen.

Banku zentralek 2008. urtean egin zuten halako ekintza bateratu bat, AEBetako subprime hipoteken krisia ekonomiara hedatzen hasi zenean. Orain, ikusteko dago esku hartze bateratu hori zertan gauzatuko den, baina finantza agentzia eta aholkulari nagusiek jada interes tasen jaitsierak iragartzen dituzte eurogunean, AEBetan, Erresuma Batuan, Indian, Hego Korean...

Banku zentralekin batera, gobernuak ere hasi dira ekonomia akuilatzeko neurriak iragartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.