Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gobernuaren erabakiak

Franco ateratzeko xedean, irmo

Diktadorearen hilotza Erorien Haranetik ateratzeko ekinaldi definitiboa egin nahi du gobernuak
Erorien Harana, artxiboko irudi batean.
Erorien Harana, artxiboko irudi batean. J.J. GUILLEN / EFE

Arantxa Iraola -

2019ko otsailak 16
Francoren hilotza Erorien Haranetik ateratzeko bidea abuztuaren 24an hasi zuen Espainiako Gobernuak; diktadorearen gorpuzkiak ohorea erakusteko toki batean egoteak «biktimenganako errespetu falta» erakusten zuela adierazi zuen orduan Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok: «Demokrazia ez da bateragarria Francoren memoria goresten duen hilobi batekin». Udan gobernuak gorpuzkiak lekuz aldatzeko onetsi zuen lege dekretua ez da aski izan, ordea, asmoa gauzatzeko. Eragozpenak gailendu dira, eta Franco, gaur, Erorien Haranean dago oraindik: orain dela 44 urte hil zenean ohorezko keinu artean hobiratu zuten leku berean. Gobernuak azken arnasa eman nahi du, ordea, Franco toki horretatik aterata: atzo bertan, gobernu batzarrak akordio bat onartu zuen xedea betetzeko. Hamabost egun eman dizkiote diktadorearen familiari gorpuzkiak nora eraman nahi dituen jakinarazteko; gainerakoan, gobernuak erabakiko du zer egin horiekin.

Justizia ministro Dolores Delgadok eman zuen atzo gobernuaren asmoen berri. Nabarmendu zuen familiak ezingo dituela eraman, inondik inora ere, Francoren gorpuzkiak Almudenako katedralera —Madrilen dago, hiriaren erdialdean—. Nahi hori adierazi izan du sendiak, baina gobernuak lehendik ere esana du ez zaiola batere egokia iruditzen hautu hori: Francoren hilotza han dagoela jakinda, «ordena publikoko arazoak» sortzeko arriskua ikusten du. Francoren aztarnak toki horretara eramanda Memoria Historikoaren Legea ez litzatekeela beteko adierazi zuen atzo Delgadok, aukera legokeelako han diktadorea «duintzeko» keinuak egiteko. Aintzat hartu behar da, gorpuzkiak lekuz aldatzeko albistearekin batera, eta ultraeskuina inoiz baino hanpatuago dabilela, hauspotu egin direla diktadura zuritzen duten ahotsak ere.

Orain Sanchezen gobernuak hasi duen ekinaldiak bidean zer eragozpen dituen ikusi beharko da hemendik aurrera. Orain arteko prozesua «zaila» izan dela onartu zuen atzo Delgadok; kritika asko jaso dituzte, eta hainbat helegiteri egin behar izan diete aurre. Francoren familiak prozesua geraraz dezakeen kezka adierazi zuten atzo, esaterako, hainbat iturrik; inoiz ez dute leku aldaketa errazteko jarrerarik erakutsi, eta Auzitegi Gorenari gobernuaren erabakiak gerarazteko eskatuko diotela adierazi dute aste honetan bertan. Erorien Haranean dagoen komunitate erlijiosoko prioreak ere —beneditarrak dira— trabak ipini ditu hainbatetan, eta auzitan jarri du gobernuaren jardunbidea. Justizia ministroak atzo defendatu zuen, hala ere, hartzen ari diren erabakiak ongi txertatzen direla Memoria Historikoaren Legearen barruan, eta aurrera egitea espero dutela.

Hainbat hedabidek atzo jakinarazi zutenez, Francoren gorpuzkiak dauden tokitik ateratzeko plana prest du gobernuak. 3.700 euro pasatxoko aurrekontua izango lukete lanek, eta egiten errazak lirateke: garabi batekin hilarria altxatu, eta gorpua atera egingo lukete, beste toki batera eramateko. Leku aldaketa egiteko astirik egongo den ez dago argi, ordea, bozak aurreratuta azken hatsean baitago legealdia.

Frankismoaren ikurra

Francoren diktaduraren ikur esanguratsuenetarikoa da Erorien Harana; 1958an inauguratu zuten, erregimen betean, eta, hura kudeatzen duten monje beneditarren artxiboen arabera, 33.833 gorpu daude haraneko kripta, hobi komun eta mausoleoetan. Tartean, Hego Euskal Herriko 1.300dik gora errepublikazaleren gorpuzkiak daude; bakan batzuk senideen oniritziarekin eraman zituzten hara, baina asko, inori deus esan gabe. Francoren aginduz egin zen, eta, diktadura zuritu nahi dutenek «adiskidetzeari egindako monumentu» bat izan zela esaten badute ere, Memoria Historikoaren legeak jomugan du. Diktadorea ez ezik, han hobiratuta dago Falangearen sortzailea ere: Jose Antonio Primo de Rivera. Ohorezko toki bat dute biek haraneko basilikan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna