Koronabirusa

448 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta moteldu egin da beheranzko joera

Jaurlaritzak aitortu du birusaren «beste goraldi» baten beldur dela. Ipar Euskal Herrian beste bi txertaketa gune irekiko dituzte astelehenean

Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu, Zamudioko (Bizkaia) Sibol enpresari bisita egiten. MIGUEL TOÑA / EFE.
Edurne Begiristain - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Ikusteko dago azken egunotako datuak bilakaera epidemiologikoaren joera aldaketa baten seinale diren, baina argi dago kutsatzeen beheranzko joera moteldu egin dela Hego Euskal Herrian. Izan ere, azken orduetan berriro egin dute gora koronabirus kasu berriek, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek atzo emandako datuen arabera. Koska bat gora egin dute positiboek, eta beste 448 kasu atzeman zituzten proba diagnostikoetan —Nafarroan, heriotza baten berri ere eman du gobernuak—. Positibo tasa ere igo da: egindako 9.198 probetatik %4,8 izan dira positibo; OMEk izurria kontrolatzen hasteko ezarria duen %5eko langaren azpitik dago oraindik, baina mugatik gertuago.

Bilakaera epidemiologikoa ikusita, etorkizuna zalantzazkoa dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak Pandemiaren urtebeteko memoria txostenean. Atzo aurkeztu zuen dokumentua, eta bertan dio birusaren «beste goraldi» baten beldur dela, eta ez dagoela lasaitzeko motiborik. SARS-CoV-2 birusaren aldaera berrien eraginak ere kezkatzen du Jaurlaritza, dokumentuak jasotzen duenez. Erresuma Batuko aldaera gero eta gehiago zabalduta dago hiru lurraldeetan: martxoaren 1etik 7ra bitarteko astean aztertutako laginetan jada %65etik gorakoa da, Jaurlaritzak zehaztu duenez.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua Zamudion (Bizkaia) izan ziren atzo FFP2 eta FFP3 maskarak ekoizten dituen enpresa batean bisita egiten, eta bertan banatu zuen Jaurlaritzak izurriaren urtebeteko bildumaren txostena. Bertan adierazi du azken hilabetean egoerak hobera egin duela, baina aurrera begira «ziurgabetasuna nagusi» dela, eta erabakigarria izango dela hil honen bigarren hamabostaldiko eta apirileko lehen asteetako bilakaera.

AstraZeneca, segurua

Txertaketa prozesuari dagokionez, berriz, AstraZenecaren txertoak segurtasun baldintzak betetzen dituela nabarmendu zuenJaurlaritzako Osasun Sailak, eta erantsi zuen txertaketarekin jarraituko duela Europako Botiken Agentziak kontrako irizpiderik ezartzen ez duen bitartean. Txerto horrek ez du kalte larririk eragin erkidegoan txertatutakoen artean, eta erreakzio arinak txertatutako pertsona guztien %1ean baino ez dira agertu, Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak jakinarazi zuenez.

Bestalde, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak jakinarazi zuen datorren astean NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kiroldegian txertatzen hasiko direla 80 urtetik gorakoak. Gaineratu zuen apirilean eta maiatzean txertaketa«asko bizkortuko» dela.

Ipar Euskal Herrian, berriz, astelehenetik aurrera beste bi txertaketa gune irekiko dituzte: bata Hendaian, eta bestea Kanbon (Lapurdi). Bi guneetan, 75 urtez gorako herritarrei eta zaurgarri diren 50 urtez gorakoei jarriko diete txertoa. Dagoeneko beteak dira orduak datozen bi asteetarako. Kasurako, Kanbon, 355 toki zabaldu dituzte datorren asterako, eta beste 300 hurrengorako. Izena emateko Doctolib plataformatik pasatzeko eskatu dute, edo zuzenean txertaketa guneetara deitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.