Koronabirusa

Sagardui: «Bilakaera epidemiologikoa hazkunde fasean dago»

Hego Euskal Herrian beste 553 positibo atzeman dituzte. Txibitek esan du uda amaierarako herritarren %70 txertatua egotea espero dutela

Galdakaoko (Bizkaia) erietxeko ZIU eremua, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Hego Euskal Herrian larriagotzen ari da kutsatzeen kurba, eta osasun agintariek kezkaz begiratzen diote goranzko joerari. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo ohartarazi zuen bilakaera epidemiologikoa «hazkunde fasean» dagoela, eta aurreikusi zuen datozen egunetan intzidentzia tasak «igoera moderatua» izango duela. Haren hitzetan, datozen egunetako bilakaera garrantzitsua izango da, Bizi Berri III planean aurreikusitako 100.000 biztanleko 60 kasuetatik «urruntzen» ari baitira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 228 dira orain. Indarrean dauden neurriak zorroztea baztertu bazuen ere, argi utzi zuen datuek nabarmen okertuz gero lehendakariak Labi aholku batzordea biltzera deituko lukeela, «beharrezkoak diren neurriak» ezartzeko.

Lau lurraldeetan ari da joera okertzen. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, 11.878 proba diagnostiko egin zituzten astelehenean, eta horietatik 553 izan ziren positiboak: proba guztien %4,6. Gainera, azken hamalau egunetan 434 positibo atzeman dituzte Hegoaldean batez beste. Lurralde guztietan egin dute gora kutsatzeek: Araban atzeman dituzte positibo gutxien, zehazki 110 kasu zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 114 izan dira positiboak; Nafarroan 118 kasu atzeman dituzte; eta Bizkaian, berriz, 206.

Ospitaleen egoerari dagokionez, herenegun 56 pertsona erietxeratu zituzten gaitzarengatik Hego Euskal Herriko zentroetan. Martxoaren 5etik izan den ospitaleratu kopururik handiena da hori. Horiek aintzat harturik, oraintxe bertan 404 lagun daude erietxeetan. Zehazki, ospitaleratutako pazienteetatik 306 gela arruntetan daude, eta 98 Hegoaldeko ZIUetan.

Kutsatzeen goranzko joeraz mintzatu zen atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea ere. Azpimarratu zuen ospitaleen egoera dela kezkarako zio nagusia, eta «arretaz» aztertuko dutela pandemiaren bilakaera datozen asteetan neurri murriztaile gehiago hartu ala ez erabakitzeko. Ostalaritzari eragiten dioten neurri murriztaileei buruz, Txibitek adierazi zuen ez dutela asmorik Aste Santura begira tabernen barnealdearen itxiera agintzeko.

AstraZenecarekin berriro

Bestetik, Hego Euskal Herrian gaur hasiko dira AstraZenecaren txertoa berriz erabiltzen, iragan asteko etenaldiaren ostean. Atzo, 1.400 dosi jaso zituen Nafarroako Gobernuak, eta Txibitek nabarmendu zuen COVID-19aren aurkako txertaketa prozesua bizkortzeko «prest» dagoela gobernua. Zehazki, gobernuaren kronogramaren arabera, herritarren erdiek txertoa hartzea eta talde immunitatea «uda bukaerarako» bermatuko litzateke: «Gure datuen arabera, herritarren %40 eta %60 artean txertatuta egonen dira uda hasierarako, eta %70, berriz, uda amaitzerako».

Horrez gain, Jaurlaritzak jakinarazi zuen AstraZenecaren 27.000 dosi jarriko dituztela gaur eta igandea bitartean. Sagarduik iragarri zuen 65 urtetik beherako biztanleriaren txertaketarekin hasiko direla datorren astetik aurrera, eta adin irizpideak beteko dituztela. Oraino txertatzeko dauden funtsezko taldeen prozesuarekin batera egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.