Koronabirusa

Zalantza hauspotu dute AEBek

SARS-CoV-2 birusaren jatorria argitzeko eskatu die Biden presidenteak zerbitzu sekretuei

Joe Biden AEBetako presidentea, COVID-19ari buruzko agerraldi batean. OLIVER CONTRERAS / EFE.
Juanma Gallego.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuek SARS-CoV-2 birusaren jatorriari buruzko zalantzak berriro azalarazi dituzte. Agertoki gorenetik egin dute, gainera: Joe Biden presidentearen adierazpen baten bitartez. Atzo argitaratutako agiriaren arabera, orain arte herrialde horretako zerbitzu sekretuek ez dute argitu birusaren jatorria zein den, animalietatik gizakietara modu naturalean igaro ote den ala Txinako Wuhango Birologia Institutuko laborategian gertatutako istripu baten ondorio ote den.

Martxoaren erdialdean, gaiari buruzko txosten bat egiteko agindu zuela gogoratu zuen Bidenek. Bertan jasotako emaitzek ez omen dute presidentea gogobete: «Gaur-gaurkoz, AEBetako zerbitzu sekretuen komunitatea bi agertokiren inguruan bildu da, baina ez du gaiaren bueltan behin betiko ondorioa atera». Hortaz, beste txosten bat eskatu du. Gaia argitzeko, 90 eguneko epea eman die zerbitzu sekretuei, eta «ahaleginak handitzeko» agindu die. Are gehiago, Txinari begira gaiari buruzko «galdera zehatzak» planteatu dituela adierazi du.

Etxe Zuri barruko iturriak aipatuta, The New York Times egunkariak atzo adierazi zuen presidenteari txostena aurkeztu ziotenean eztabaida sortu zela: bertan jasotako hainbat informazio ezagutaraz zitezkeen; hortxe eztabaidarako motiboa. Isilik geratzea hautatu zuten, baina informazioaren zati bat, bederen, beste bide batetik ailegatu da. Joan den astean The Wall Street Journal egunkariak argitaratu zuen Wuhango laborategiko hiru langilek COVID-19rekin bateragarriak ziren sintomak izan zituztela 2019ko udazkenean, hots, izurria hasi baino lehen. Informazioa ez zen guztiz berria, baina datu gehiagoz hornituta zetorren.

Txina, jomugan

Laborategiaren teoria aipatzeaz gain, Bidenek kolaborazioa eskatu dio orain Pekini. «Nazioartean antzeko ikuspegia duten kideekin batera, AEBek lanean jarraituko dute Txinari presio egiten», esan du. «Ebidentzietan oinarritutako ikerketa osoa eta gardena» abiatu behar dela erantsi du, eta Txinak «datu eta ebidentzia» guztietarako sarbidea bermatu behar lukeela.

Enegarrenez, Txinak ukatu ditu gaiaren inguruan izan direnzalantzak, eta «faltsutzat» jo ditu. Pekinek AEBetan duen enbaxadak atzo zera adierazi zuen: «Gezur kanpainetan eta errua beste norbaiti leporatzeko ahaleginetan ari dira berriz ere, eta laborategiko ihesaren konspirazio teoria berriz ari da azalera ateratzen». Txinak argudiatu du pandemia aurretik atzemandako kutsatzeen gaineko zantzuak egon direla munduko beste zenbait lekutan ere.

Martxoan OME Osasunaren Mundu Erakundeko adituek Txinako ikertzaileekin batera egindako txosten batean ondorioztatu zuten birusa laborategi batetik irten izanaren aukera txikia zela. Orain arte babes gehiago izan duen hipotesiaren alde egin zuten adituek; hots, litekeena dela animalia batetik gizakietara igaro izana, zoonosi gisa ezagutzen den prozesuan. Halere, ikertzen jarraitzeko beharra erantsi zuten. Alabaina, txostenak ez zituen aditu guztiak gogobete. Adibidez, maiatzaren 14an Science aldizkarian argitaratutako gutun batean, ikertzaile talde batek laborategiaren hipotesia ez baztertzeko eskatu zuen, eta OMEren txostenaren emaitzak zalantzan jarri zituzten. Haien esanetan, Txinako zientzialariek jasoz zituzten datuak, eta gainerakoak datuen analisiaz besterik ez ziren arduratu.

Ez da sintetikoa

Eztabaida ez da berria. Iazko martxoan Nature Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketa batek demostratu zuen birusaren jatorria ez zela sintetikoa. Horretarako, zientzialariek haren genoma aztertu zuten, eta laborategian zeuden beste hainbatekinalderatu zuten; ondorioztatu zuten ezaugarriak ez zetozela bat jatorri sintetiko baten hipotesiarekin.

Hortaz, mahai gainean dagoen eztabaida ez da birusa nahita sortuta edo eraldatuta ote dagoen. Aitzitik, erabat argitzeke dagoena da birusaren jatorria zuzenean naturan ote dagoen, ala saguzarrekin lotutako birusen inguruko ikerketa batean jazotako istripu baten ondorio ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.