Jaurlaritza «muturreko» ratioak ezartzen ari dela salatu du ELAk

Hezkuntzako murrizketen aurkako manifestazio bat. Artxiboko irudia.
Hezkuntzako murrizketen aurkako manifestazio bat. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ / FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko azaroak 9
Eusko Jaurlaritza ikasleen ratioekin izaten ari den jokabidea salatu du ELA sindikatuak, gaiari buruzko datuak aurkeztearekin batera. ELAko ordezkari Mikel Elizondok ohartarazi du Hezkuntza Saila «muturreko politika» ari dela egiten: «Ikasleen pilaketan oinarritzen da». ELAk dioenez, ikasleen kopurua handitu egin da 2003tik hona, baina lanpostuen eta ikasgelen kopurua, ez. Azken hamarkadan ratioak %9 hazi dira, sindikatuaren arabera. Kalkulatu du ikasleen gorakada horri aurre egiteko 2.388 lanpostu sortu behar zirela, baina 176 jarri dituela Jaurlaritzak. Hezkuntza Sailaren aurka jo du, horrenbestez, Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak: «borondate politikoa» falta dela baliabide gehiago jartzeko.

Elizondok garbi du arazoaren muina: «Matrikulazioa handitzean, ikastaldea handitzen da nahitaez, baina ez langile kopurua. Matrikulazioaren eta langile kopuruaren arteko harremana ratioak sortzen du, eta ratioa ez da zenbaki bat, tarte bat baizik». Lehen Hezkuntzan ratio maximoa 25 ikaslekoa da, eta kasu batzuetan 28ra iristen da. Minimoa ezarrita ez dagoen arren, 11 ikasleko kopurua erabiltzen dute.

«Legez kanpoko» ratioak

Sindikatuak azaldu duenez, ikasgeletan 25 ikasle baino gehiago sartu ahal izateko, dekretu bat aldatu zuen Jaurlaritzak, eta bi salbuespen ezarri zituen: ikaslea errepikatzailea izatea edo berandu matrikulatu izana. Egoera horretan daude hamabi ikastetxe. Ordea, ELAk salatu duenez, beste 39 eskolatan ez dituzte salbuespena egiteko baldintza horiek betetzen, baina, hala ere, 26 edo 27 dituzte geletan. Kopuru horietako ikasgelak sortu izana «legez kanpokoa» da, ELAren esanetan.

Sindikatuko ordezkarien aburuz, murrizketetan oinarritutako politika egiten ari da gobernua. «Hezkuntza publikoa deskapitalizatzen ari dira», salatu du Maialen Aranburu ordezkariak. Inbertsioari buruzko datuak eman ditu: BPG barne produktu gordinaren %3,5 bideratzen duela Jaurlaritzak hezkuntzara, duela hamar urte baino 0,8 puntu gutxiago. Inbertsio handiagoa behar dela aldarrikatu dute.

Egoera horretan, ELAk berretsi du mobilizazioa behar dela hezkuntza publikoan, eta horretarako deia egin die LABi eta Steilasi. Txartzat jo du sindikatu horiek —eta CCOOk eta UGTk— Jaurlaritzarekin maiatzean sinatutako akordioa. Salatu duenez, mobilizazioetan aldarrikatzen zituzten 1.800 postuetatik %10 soilik sortu ditu Jaurlaritzak. Areago, nabarmendu du lanpostu horiek «prekarioak» direla: «Behin-behinekoak eta partzialak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna