UDAKO SERIEA. Espainiako konstituzioak 40 urte (eta V). 78ko erregimena.

Sistema baten birdefinizioa

Sektore ugarik «erregimen» esan izan diote 1978ko konstituzioaren inguruan eraikitako sistema politikoari. «Estatu egitura tradizionalak» lirateke horren isla.
Espainiako errege-erreginak eta gobernuko kideak, iazko urriaren 12an, armadaren desfile batean.
Espainiako errege-erreginak eta gobernuko kideak, iazko urriaren 12an, armadaren desfile batean. ZIPI / EFE

Jon O. Urain -

2018ko abuztuak 25
Euskaltzaindia ez da xehetasunetan sartzen definizioan: erregimen bat «estatu bat gobernatzeko era» da. Ingelesez, zehatzagoa da Oxford hiztegia: «Gobernu bat, autoritarioa bereziki». Zer da erregimen politiko bat? Zerk ezaugarritzen du? Espainiakoari zergatik esaten diote «78ko erregimena» hainbat sektorek? Zergatik ezarri diktadurei erantsitako abizen hori demokratikotzat onartua den estatu bati?

Hainbat sektorek eredugarritzat jo dute Francisco Franco diktadorea hil osteko trantsizioa eta prozesu horretatik eratorritako sistema politikoa, baina, sistema horren ezaugarri ugari pitzatzen hasi diren heinean, kontzeptu bat sortu da, azken urteetan asko ugaritu dena: 78ko erregimena. «Erregimenak ezaugarritzean, erreferentzia egiten diogu sistema bati non hainbat klase menderatzailek —militar, industrial, finantzario...— sistema instituzional bat taxutzen duten beren klase interesen arabera eta, beraz, ez estatu edo nazio proiektu baten arabera», dio Jule Goikoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak: «Hori da Espainiako Estatuaren arazoetako bat: ez duela proiekturik bere herriarekin».

Sarri aipatzen dira monarkia eta estatuaren batasuna erregimen horren zutarri nagusi gisa. Goikoetxeak uste du «demokrazia baten oinarri diren sistema guztiak» diseinatuta daudela «mesede egiteko 78ko erregimen horri —hau da, konstituzioa egin zuten giza talde horiei—. Perbertsoa da zentzu demokratikotik».

Jorge Lago soziologoak bi ardatz marraztu zizkion «1978ko kontsentsuetatik sortutako erregimen politikoari»: ezker-eskuin ardatza, eta «zentro-periferia» ardatza. Iazko irailean Contexto aldizkarian idatzitako artikulu batean, Lagok azaldu zuen «muga bikoitz» horrek «integrazio sozial eta kohesio nazional garrantzitsua» ahalbidetu zituela: «2008an hasitako baina lehendik bazetorren krisi politiko, sozial eta ekonomikoarekin, ordea, adostasun horiek apurtu egin ziren, eta agerian geratu haren muga eta kontraesanak». Goikoetxeak ikuspegi ekonomikoa gehitu dio: «Zeintzuk dira erregimenaren zutabe nagusiak? Klase politikoa eta sozioekonomikoa. Izan ere, Espainiako nazio eraikuntza bere sistema oligarkikoarekin lotu behar da. Erregimena, Francorena nahiz 78koa, oligarkia moduko bat da».

Goikoetxearen iritziz, 78ko erregimena «eskubide sozialekin, gizarte babes murritzarekin eta ongizate estatuarekin» erlazionatu behar da: «Erregimena zenbat eta indartsuago eta kohesionatuago egon —orain gerta daitekeen moduan—, orduan eta gizarte babes eta balio demokratiko gutxiago, bateraezinak direlako bataren eta bestearen interesak».

Podemosen sorrera izan zen alderdi tradizionalen krisiaren adierazle bat, eta oligarkia hori seinalatzeko hitz bat zabaldu zuten alderdiko buruzagiek: kasta. Goikoetxeak «IBEX35ean» antzematen du oligarkia hori: «Elite politikoaren atzeko aldea dira; horregatik dira oligarkia, elite politikoa eta ekonomikoa bera delako». Segurtasun indarrak ere sartzen ditu ekuazioan: «Estatu egitura tradizionalak, funtsean. Hori igaro da belaunaldi batetik bestera». Aitzitik, uste du «arazoa» ez dagoela «soilik kastan edo estatu aparatuetan: frankismo soziologikoa oso indartsua da».

Haustura, nazioetatik

Kataluniako prozesu subiranista izan da Espainiako sistema politikoaren krisiaren azken adierazpidea. Francoren erregimenarekiko hausturaren eta erreformaren arteko dikotomian, autonomia erkidegoen estatuak eman zion forma erreformari, autodeterminazioaren aitortzan mamitutako haustura baztertuta. Gerora, estatuak zentralizaziora jo du, eta iazko urriaren 1ean Katalunian eginiko autodeterminazio erreferenduma 78ko erregimen horren hausturatzat identifikatu da. Horrela adierazi zuen Andres Gil Eldiario.es hedabideko Politika Saileko erredaktore buruak erreferendumaren biharamunean: «1978ko konstituzioak frankismoko eta antifrankismoko eliteen arteko itun handi bat du oinarrian». Eta erantsi: «M-15ean, Juan Carlosen [Espainiako errege ohiaren] abdikazioan eta [2015eko] abenduaren 20ko eta [2016ko] ekainaren 26ko hauteskundeetan, 78ko ordena ez zen guztiz hil, eta ordena berria ez zen jaiotzen. U-1ak, ordea, eraikin konstituzionala eta instituzionala astin dezake, eta beste bat eraikitzeko aukera ematen du».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna