Ekitaldien sarreren prezioa sexuaren arabera ezartzea debekatu du Jaurlaritzak

Ikuskizunen legea garatzeko arau bat onartu du. Prestakuntza berezi bat eskatuko diete harreretako langileei, segurtasunekoez bereizteko

Bilboko musika jaialdi bateko harrera gunea, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Erredakzioa
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Apiriletik aurrera, ikuskizunen, aisialdi ekitaldien edo joko aretoen sarrerek ezingo dute prezio diferentea izan sexuaren arabera. Horrelako jardunak berariaz debekatu ditu Eusko Jaurlaritzak, ikuskizunen legea garatzeko onartu duen lehen arauan. Are gehiago, lokaletarako sarbideak salneurri bera izango du, edozein dela bezeroaren sexua, jatorria, arraza, joera sexuala, mendekotasun mota, erlijioa edo iritzia.

2015eko abenduan onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea, eta Jaurlaritzak bi urte baino gehiago behar izan ditu lehen dekretua onartzeko. Izan ere, 125 artikulu ditu arauak, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo gobernu kontseiluaren osteko agerraldian azaldu zuenez. Besteak beste, ikuskizunak sailkatzeko irizpideak, ekitaldiok har ditzaketen tokien segurtasuneko eta higieneko betekizunak, edota sarbiderako baldintzak —batik bat, adingabeei begira— zehazten ditu testuak; halaber, atal bat eskaini dio erabiltzaileen eta bizilagunen arteko bizikidetzari. Apiril erdialdean espero dute indarrean sartzea.

Ikuskizunen eta antzeko jardueren sarreren salmentari dagokionez, prezio diskriminatzaileak debekatzeaz gain, Internet bidezko salmenta eta birsalmenta ere arautu ditu Jaurlaritzak. Halakoetan prezioak gehiegi igotzea saiheste aldera, gobernuak zehaztu du sarrerek salneurri ofiziala mantendu beharko dutela, eta gehienez ere %20 igo ahalko dela azken prezioa.

Araudiak ekarriko duen beste berritasunik handienak harrera zerbitzuetako langileei eragingo die. Figura horien funtzioak definitu ditu testuak, eta ekitaldien segurtasunaz arduratzen diren langileengandik bereizi. Edonola ere, aretoetako harrera zaintzen dutenei prestakuntza berezi bat eskatuko diete: proba teorikoak, praktikoak eta psikoteknikoak gainditu beharko dituzte; Jaurlaritzak aurrerago zehaztuko du azterketa horien edukia. Gobernuak adierazi du urtebeteko epea utziko duela prestakuntza hori jasotzeko lehen deialdia egingo duenetik egiaztagiriak eskatzen hasi arte.

Era berean, zigorren inguruko erregistro bat sortzea aurreikusi dute dekretuan; errepikatzen diren arau hausteei erreparatzea izango du helburu. Dena den, neurri hezitzaileak ere jaso ditu arauak.

Prostituzioaz aipamenik ez

Dekretuaren zirriborroak jaso arren, behin betiko testutik kanpo geratu dira prostituzioan aritzeko establezimenduei buruzko aipamenak. Beltran de Herediak azaldu du uko egin diotela halako lokalen betekizunak zehazteari, «nahasmenik» ez eragiteko, «prostituzioa arautzea ez baita dekretu honen egitekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.