Epaileak urriaren 30ean ebatziko du Fernandez Iradiren egoerari buruz

Eri denez, epaileak aske uztea erabaki lezake. Parisek urriaren 9an emango du Sorzabalen euroagindu ebazpena; azaroaren 20an Plarena

Fernandez Iradi askatzearen alde 2016an egindako protesta deialdia. BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre, Enekoitz Esnaola
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Atzo aztertu zuten Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegian Ibon Fernandez Iradi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971) euskal presoaren askatasun eskaera. Presoa larri gaixo dago —esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten 2012an—, eta defentsak argudiatu du eritasuna bateraezina dela kartzelarekin. Atzoko ahozko saioaren ondoren, epaileek hilabete dute orain erabakia hartzeko, eta urriaren 30ean emango du auziaren ebazpenaren berri.

Fernandez Iradi Lannemezango (Okzitania) espetxean dago. Hamasei urte daramatza espetxean, eta 2014tik bide judiziala urratzen ari da gaixotasuna dela-eta espetxetik irten ahal izateko. Atzoko saioa atzeratzeko eskatu zuen prokuradoreak, baina defentsa aurka agertu zen, eta epaileak erabaki zuen ahozko saioa egitea. Maritxu Paulus Basurko abokatuaren esanetan, prokuradorea «ez aldeko, ez aurkako; zalantzati» agertu da: «Gure eskaeraren inguruan dudak agertu ditu, baina ez da aurka azaldu». Edonola ere, epaileak hilabete du orain auzia aztertzeko, eta, ondoren, helegitea jartzeko aukera ere izango da. Paulusek, ordea, zuhurtzia eskatu du, epailearen erabakia ikusi arte.

Muinean, Fernandez Iradiren gaixotasuna espetxearekin bateragarria ote den eztabaidatzen ari dira aldeak. Paulusek oroitarazi du esklerosi anizkoitzak hainbat «eginbehar» eskatzen dituela—tratamendu jarraitua, sendagaiak, bestelako terapiak...—, eta kartzelak ez daudela prest hori bermatzeko. Epaimahaiaren esku daude adituen eta medikuen txostenak, eta ondoko hilabeteanebatzi beharko dute Fernandez Iradi libre utzi ala ez.

Sorzabal eta Pla

Frantziako Dei Auzitegiak datorren urriaren 9an emango du Iratxe Sorzabal euskal presoaren aurkako euroagindu eskaeraren ebazpena, eta David Pla presoaren kontrakoa, azaroaren 20an. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ditu bi euroaginduak, arrazoi desberdinengatik.

Sorzabalen kasuan, ETAren 1995eko Alacanteko (Herrialde Katalanak) atentatu bategatik du eskatua Madrilek euroagindua, presoa Espainian epaitzeko. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko.Dei Auzitegiko fiskala euroagindu eskaera onartzearen alde agertu zen joan den otsaileko auzi saioan. Orain arte, Auzitegi Nazionalak presoaren aurka eskatutako hiru euroaginduetatik bi onartu ditu Parisek, beste atentatu batzuekin lotuta. Bi kasu horietan ere torturapeko deklarazioak froga gisa baliogabetzeko galdegin zuen Sorzabalen abokatuak.

Plaren aurkako Espainiaratze eskaera Halboka taldeko kidea izatea egotzita egin du Madrilek—ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea, eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» leporatzen diete auzikoei—. Auzitegi Nazionalak aurkeztutako akusazioengatik, Frantziako Poliziak 2010ean atxilotu egin zuen Pla, Hendaian (Lapurdi), baina handik lau egunera aske geratu zen, epailearen aurretik pasatzeke, kargurik gabe. Madrilen akusazioak dio 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Frantzia) etakide batekin bildu zela Pla —Mintxo bezala jo zuten—, baina Cachenaut defentsa abokatuak atzo Dei Auzitegiko instrukzio ganberako auzi saioan azaldu zuen epaileak 2010ean aske utzi zuela eta Frantziak esaten duela gezurra dela Pla 2008ko hitzordu hartan egon zela; abokatuak dio egiaztatuta dagoela egun hartan kartzela batean zegoela, euskal preso baten bisitan. Hala ere, fiskala euroaginduaren alde agertu da.

Pla eta Sorzabal 2015eko irailean atxilotu zituzten azkeneko aldiz, Baigorrin (Nafarroa Beherea). Espainiako polizia indarrek ETAren zuzendaritzako kidetzat jo zituzten. Parisko Auzitegi Korrekzionalak aurtengo otsailean eman zuen epaia: bost urteko espetxe zigorra ezarri zion Plari, eta zazpikoa Sorzabali. Epaimahaiak ETAko kide modura jo zituen biak, baina zuzendaritzakoak izan zirela ebatzi gabe. Pla aurtengo apirilean atera da kartzelatik; Sorzabal Reaun (Frantzia) dago preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.