PSE-EEk eta PPk soilik egingo dituzte Gernikako itunaren aldeko ekitaldiak

Urkulluk esan du duela 40 urteko estatutuak baino akordio «zabalagoa» behar duela hurrengoak. Mendiak dio aurrera egin dela «herri gisa»

Josu Erkoreka, Arantxa Tapia eta Iñigo Urkullu, atzo, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren 40 urte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek EAEko estatutua onartu zutela erreferendum batean. Hala ere, Jaurlaritzak edo Eusko Legebiltzarrak ez dute ospakizun ekitaldirik antolatu. Jaurlaritzak Patxi Lopez lehendakarizela (2009-2012) egin zuen azkena. PSE-EE eta PP izango dira itunaren aldeko ekitaldiak egingo dituzten talde bakarrak. Biharko deitu dituzte biek: PSEk Donostian, Miramongo parke teknologikoan, eta PPk Gernika-Lumon (Bizkaia), Batzar Nagusietan. Espainiako Gobernuak oraindik 30 eskumen pasa dauzka igortzeko.

Jaurlaritzako egungo lehendakari Iñigo Urkullu atzo Vocento taldeko egunkarietan mintzatu zen estatutuaren 40. urteurrenaz, iritzi artikulu batean, baita legebiltzarrean ere, talde parlamentarioek galdetuta. Adierazi du urteurrenak balio duela «duguna baloratzeko», baina ituna berritzearen alde egin du.

Espainiako Estatuaren «birzentralizazioa» deitoratu du Urkulluk, eta euskal eragile batzuek estatutua «borrokatu eta boikotatu» izanari ere egin dio kritika. Ituna aintzat hartu beharraren garrantzia nabarmendu du, baina ohartarazi du ez dela etorkizunera begirako berme bat. Horregatik deritzo akordio berri bat behar dela, eta akordioa «zabaldu» egin behar dela 1979kotik. Orduan, alderdi nagusien artean, alde agertu ziren EAJ, PSE, EE eta UCD, abstentzioa eskatu zuen HBk, eta kontrako botoa APk.

Urkulluk azaldu du estatutu berri bat izateko bideak «instituzionala» behar duela. Uste du bermea duen aldebiko itun bat lortu behar dela EAEren eta Madrilen artean. «Baina hori ez da berria, eredu arrakastatsua baita Kontzertu Ekonomikoa». Azken berrogei urte hauetan erkidegoan «aurreratu» egin dela esan du, «eta orain berriro bide eraikitzailea, bideragarria, eraginkorra eta praktikoa adostea da kontua».

PSE-EEren aitortza

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazpen bat zabaldu du bideo baten bidez, berak ere Gernikako ituna goresteko. «Autogobernuari esker, euskaldunok lortu dugu politikoki egituratzea, eta herri bezala aurrera egin dugu. Autogobernua da gaurko ongizatea eta ezberdinen arteko elkarbizitza lortzeko tresna».

Mendiak esan du estatutuari esker EAEk «administratu» izan dituela bere baliabideak eta bermatu izan dituela zerbitzu publikoak. «Hori ahalbidetu zuten guztiei zor diegu; diktadura eta errepresioa pairatu zituztenei, eta ETAren terrorismoaren aurrean erresistitu zutenei. Estatutuaren 40. urteurren honetan, akordio haien protagonista izan ziren guztiak aitortu nahi ditut».

Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea ere 1979ko itunaren alde agertu da, hura delakoan «Euskadin elkarbizitzaren eta erkidegoa Espainiako parte izatearen bermea». Aldiz, adierazi du subiranotasuna «kaos bat» dela. «Abertzaleen eta ez-abertzaleen elkargunea da estatutua». EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean estatus politiko berriaren oinarrietan lortua duten akordioa kritikatu du Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.