Koalizioak osoko zuzenketa jarriko die aurrekontuei Gasteizen

xabier martin
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
EH Bilduk ez ditu babestuko Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontuak. Koalizioak jakinarazi du itxitzat jotzen duela gobernuarekin zabalik zuen negoziazioa. EH Bildun ez dute ikusi «akordio batera gerturatzeko inolako asmorik» gobernuaren aldetik.

Hirugarrenez elkartu dira koalizio subiranistaren batzorde bat eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren taldea aurrekontuen inguruan negoziatzeko. Proiektua EAJren eta PSE-EEren gehiengoarekin aterako da aurrera, edonola ere, baina babes hori Jaurlaritza osatzen duten alderdiak ez beste taldeekin handitzeko saio batean da Azpiazu. Ordu erdiko batzarra nahikoa izan da, ordea, EH Bilduko kideek azken erabakia hartzeko. Maddalen Iriarte bozeramaileak azaldu du ez dutela ikusi «negoziatzeko benetako asmorik»: «Ez gara antzezteko ariketa batean egongo».

«Jaurlaritzak ez dio erantzun EH Bilduk egindako proposamen bakar bati ere», azaldu du Iriartek. Osakidetza indartzea «ezin da atzeratu», haren arabera; ezta alokairuen prezioen arazoa, energiaren auzia eta politika fiskalaren aldaketa ere. Koalizioak «betetzeko erraza den eskaera» bat egin du zergen alorrean, Iriarteren hitzetan: «eztabaida irekitzea».

Jaurlaritzako Ogasun Sailak, berriz, uste du EH Bilduren proposamenaren funtsean koalizio horren oinarrizko interesak jasotzen direla, eta ikusi du aurten «ez dela tarterik egon» akordio bat lortzeko. 2022ko aurrekontuetan akordioa egin zuten biek. 450 milioi euroko balioko proposamena onartu zuen koalizioak; aurten, berriz, 54 milioikoa jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.