Hegoaldeko bideetan ere, orduko 80 kilometrora

Ez dute eperik finkatu, baina Espainiako Trafiko Zuzendaritzak Hego Euskal Herriko bigarren mailako errepideetako abiadura jaitsi nahi du

Orduko 80 kilometroko abiadura muga iragartzen duen seinalea, Frantziako errepide batean. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Erredakzioa
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Joan den uztailetik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako bigarren mailako errepideetan ezin daiteke orduko 80 kilometroko abiadura gainditu. Baliteke muga hori Bizkaira, Gipuzkoara, Arabara eta Nafarroara ere hedatzea, baldin eta DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzako buru Pere Navarrok atzo iragarritakoa betetzen badu. Ez du eperik zehaztu nahi izan, baina esan du asmo hori duela buruan, eta, aurkako jarrerak agertuko diren arren, ez duela duela iritziz aldatzeko asmorik.

DGTk udako trafiko operazioen balantzea egin du, eta aitortu du datuak ez direla onak. Istripuetan, hildakoen kopuruak gora egin du. Aurtengo uztail eta abuztuan iaz sasoi berean baino sei lagun gehiago hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan. Eta, Navarroren esanetan, batez ere bigarren mailako errepideetan gertatzen dira heriotzak eragiten dituzten istripuak. Laurdenak inguru ibilgailua errepidetik atera delako gertatzen dira: erdiak abiadura handiagatik izaten dira; eta beste erdiak, alkohol edo droga kontsumoak eragindakoak. Horregatik, Espainiako Trafiko Zuzendaritzako buruak indarra egin nahi du bi faktore horietan.

Navarrok gogoratu du Frantziako Gobernuak arrazoi beragatik hartu duela erabakia: «Azken hiru urteetan, gora egin du Frantzian errepidean hildakoen kopuruak. Neurri hori indarrean jarri dutenetik, berriz, istripuak gutxitu egin dira». Frantziak baino lehen, Suitzak, Norvegiak, Herbehereek, Maltak, Finlandiak eta Danimarkak ere jaitsi dute abiadura muga orduko 80 kilometrora. Era berean, Navarrok radarren kopurua ugaritu nahi du .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.