AEBtako bozak. Erreakzioak

AEBetako «demokraziari» babesa agertu dio munduak

Kezka, ardura eta nahigabea azaldu dute nazioarteko ordezkariek AEBetan izandako gertakariengatik. Lasaituta ere azaldu dira, Bidenen garaipena berretsi dutelako.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, bere alderdiaren ekitaldi batean. KAY NIETFELD / EFE.
inaki petxarroman
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Munduko potentzia nagusietako baten parlamentuan izandako erasoak hamaika erreakzio eragin ditu. Istiluak eragin dituztenekiko errefusa agertu dute gehienek.

ERRESUMA BATUA

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak «lotsagarritzat» jo zituen Kapitolioan ikusitako irudiak, herenegun iluntzean Twitterren zabaldutako mezu baten bidez. Atzo, AEBetako Kongresuak Joe Bidenen garaipena berretsi ostean, egoera bere onera itzuli zela nabarmendu zuen Erresuma Batuko Gobernuak. Dominic Raab Atzerri ministroak agerraldi batean adierazi zuenez, Bidenen garaipena berresteak AEBetako herritarren borondate demokratikoaren gaineko «mezu garrantzitsu bat» izan da. «Herriaren borondate demokratikoari ezin zaio desafiorik egin gutxiengo bortxazale baten aldetik. Erresuma Batuak errotik gaitzesten du atzo (herenegun) gertatutako indarkeria», adierazi zuen.

EUROPAKO BATASUNA

Europako Batasuneko erakundeetako ordezkariek gogor gaitzetsi zuten herenegun AEBetako Kongresuari egindako erasoa, eta Joe Bidenen garaipenaren legitimotasuna berretsi. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak «demokraziaren eredutzat» jo zuen AEBetako Kongresua, eta ikusitakoak «zirrara» eragin diola aitortu. «AEBek boterearen eskualdatze baketsua bermatuko dutela espero dugu», gaineratu zuen. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere azpimarratu zuen AEBetako «demokraziaren» eta erakundeen sendotasuna, eta gaineratu zuen Bidenek irabazi zituela hauteskundeak. David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak «kezka sakona» agertu zuen gertatutakoarengatik, eta boto demokratikoak errespetatzeko eskatu.

Europako herrialde nagusietako agintariek ere euren kezka eta haserrea azaldu zuten. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak propio egin zuen agerraldi bat Kapitolioaren erasoa salatzeko. Munduko «demokraziarik zaharrenetako» baten aurkako erasoa txarretsi zuen Macronek, eta ziurtatu Frantzia Washingtonen ondoan egongo dela, «irmotasunez» demokrazia babesten, «gutxiengo bortxazale baten aurrean». Ildo horretan, gaineratu zuen konfiantza daukala «Amerikako demokraziaren sendotasunean».

Angela Merkel bere alderdiaren ekitaldi batean mintzatu zen AEBetako gertakariei buruz, eta Donald Trumpi egotzi zion gertatu denaren erantzukizuna, hauteskundeak galdu zituela ez onartzeagatik. «Horrek sortu du testuingurua bortxazko gertakariak izan daitezen». Hala ere, Kongresuak Joe Bidenen eta Kamala Harrisen garaipena berretsi izanak «lasaitu» egin duela gaineratu zuen Alemaniako kantzilerrak.

ERRUSIA

Errusiako Atzerri Gaietarako komunikazio kabineteko buru Maria Zarajovak «zaharkitutzat» jo zuen AEBetako hauteskunde sistema. Haren esanetan, sistemak ez die erantzuten egungo «ezaugarri demokratikoei». Halaber, «urraketa ugari» gertatzeko zirrikitua uzten duela gaineratu zuen. Istiluak AEBen barruko aferatzat jo zituen, eta «Amerikako herri adiskideari» opa zion berehala gainditzea «duintasunez» bere historiaren pasarte «dramatiko» hau. Moskuk eta Vladimir Putinek gogor kritikatu izan dute azken urteotan Washingtongo jokabidea, eta haren sistemaren «gardentasunik eza». Ildo horretan, gainerako herrialdeei kontuak eskatzeko zilegitasuna falta zaiela egotzi izan diete. Ideia horri heldu zion atzo Konstantin Kosatxev, Errusiako Federazioko Kontseiluko Atzerri Gaietarako batzordeko presidenteak.

TXINA

Txinako hedabideek eta sare sozialek luze eta zabal jorratu zituzten atzoko gertakariak, eta gogora ekarri zuten Hong Kongen izandako herritarren protestei AEBek eman zieten babesa. Hong Kongen protestan aritu zirenak heroitzat hartu zituztela, eta Kapitolioari eraso egin diotenak bortxazaletzat zergatik jo dituzten galdetu dute Asiako herrialde handiko hedabide ofizialek. Gobernuak ere ildo horretatik jo du. Hua Xunjing Atzerri Ministerioko bozeramaileak AEBei gogoeta egiteko gonbita egin zien, ea zergatik hartzen dituzten horren modu ezberdinean Hong Kongen eta AEBetan izaten diren mobilizazioak. Halaber, AEBei opa zien ahalik eta lasterrena «bakea, egonkortasuna eta segurtasuna» berreskuratzea.

BRASIL

Jair Bolsonarok uko egin zion AEBetako Kongresuko istiluei buruzko balorazioa egiteari, baina hauteskundeetan «iruzurra» egon zela ziurtatu zuen. «Pandemia posiblearen harira posta bidezko botoa bultzatu zuten han, eta, horren bidez, egon da hiru eta lau aldiz botoa eman dutenak, hildakoek ere botoa eman zuten... Inork ezin du hori ukatu». Hauteskundeetako emaitzetan dagoen mesfidantza horrek eragin du, Bolsonaroren arabera, orain AEBetan gertatzen ari den egoera. Eta ohartarazpen bat egin zuen: «Hemen, Brasilen, 2022an, gauza bera gertatuko da».

KANADA

Twitterren bidez zabaldutako mezu baten bidez gaitzetsi zituen Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak Kapitolioko istiluak. «Kanadarrak arduratuta gaude gure bizilagun eta aliatu nagusi diren AEBetan demokraziari eraso egin diotelako. Herriaren borondatea sekula ezingo da bortxaren bidez irauli. Demokrazia errespetatu egin behar da AEBetan, eta hala izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.