Koronabirusa

Heriotzen kopuruak jaisten segitu du, baina urriko datuen parean dago oraindik

Jaurlaritzak aitortu du oker zenbatu zituela hildakoak, eta beste 30 heriotzaren berri eman du. 998 COVID-19 kasu atzeman dituzte

COVID-19a atzemateko testak, Erriberrin (Nafarroa) egindako baheketan, joan den astean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurbak egunak daramatza mila kasuren langatik hubil; haren azpian da oraindik, baina, orain koska bat baizik ez du falta muga gainditzeko. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 998 positibo atzeman ziren herenegun Hegoaldean egindako testetan. Hala, azaroaren 21etik erregistratu den kopururik handiena da atzo argitaratutakoa. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 16.085 test egin zituzten, eta, horiek oinarri hartuta, %6,1 izan zen positiboen portzentajea. Hala eta guztiz ere, aldea dago Osakidetzak eta Osasunbideak egindako proben artean; izan ere, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban %5,7 izan zen ehunekoa; Nafarroan, berriz, %8,3.

Kusatzeek Hego Euskal Herriko lurralde bakoitzean utziriko datuak aztertuta, Bizkaian atzeman zuten kasu gehien osteguneko testetan; zehazki, 412 positibo zenbatu zituzten. Gipuzkoan 239 positibo izan ziren; Nafarroan, 238, eta Araban, berriz, 100. Gainera, Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren beste bederatzi pertsonari ere atzeman zieten koronabirusa.

Egun bakoitzean atzeman den positibo kopuruari erreparatuta, gero eta agerikoagoa da transmisioaren larriagotzea Hego Euskal Herriko herrialdeetan. Dena dela, eguneko datuetan ikus daitezkeen gorabeherez haratago, goranzko joera are nabarmenagoa da epe luzeagoko datuei so. Orain, azken hamalau egunetan atzemandako positibo guztien bataz bestekoa 730ekoa da Hegoaldean. Urtarrilaren 2tik, etenik gabe hazi da batez bestekoa; zehazki, 465ekoa zen egun hartan.

Bestalde, ospitaleei dagokienez, herenegun 57 lagun erietxeratu zituzten birusaren sintomak larriagotuta, eta, horiek kontuan izanda, 565 pertsona daude ospitaleratuta; Nafarroakoak dira horietako 114, eta Osakidetzaren ardurapeko zentroetan daude gainerakoak. Guztira, 466 lagun ospitaleetako gela arruntetan daude, eta 99, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Beste era batzuetara ere sartu da birusa ospitaleetan. Donostiako Ospitalean agerraldi bat atzeman dute, onkologia eremuan. Osakidetzak ez du zehaztu kutsatuen kopurua, baina argitu du haien artean ez dela erabiltzailerik; «zenbait» langileri atzeman diete birusa. Adierazi dute agerraldia «kontrolatua» dagoela.

Okerra hildakoen datuetan

Makurtu egin dira heriotzei buruzko datuak ere, eta egoera bereziki larria da zahar etxeetan; Bizkaikoetan, batez ere. Han, aldundiak jakinarazi duenez, koronabirusarekin eri ziren lau egoiliar hil dira azken egunetan.

Halaber, Nafarroako Gobernuak beste heriotza baten berri eman zuen atzo: 92 urteko gizonezko bat. Foru gobernuak egunero berritzen du hildakoei buruzko informazioa. Jaurlaritzak, aldiz, astean behin ematen du informazioa. Azken eguneraketari loturik, berriki emandako datuetan hutsegite bat egon dela onartu du Osasun Sailak. Asteazkenean esan zuen 36 lagun hil zirela astebetean gaitzarengatik, eta orain argitu du 66 izan zirela egiazki; ia bikoitza. «Datu basearekin izandako arazo bat» gertatu dela argudiatu du Jaurlaritzak. Datu berriekin, 75 dira birusarekin astebetean hildakoak Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.