Koronabirusa

COVID iraunkorra duten erien bilakaera aztertzeko eskatu du legebiltzarrak

Diagnostiko «egokirako» probak galdegin dizkio Jaurlaritzari. Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformak arta espezifikoa aldarrikatu du

Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformako kideak, atzo, Eusko Legebiltzarraren atarian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19a gaindituta ere sintomak luzaroan dituzten pertsonen arta nola hobetu eztabaidagai izan zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eraman zuen ekinbidea osoko bilkurara: haren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu zion COVID luzea edo iraunkorra gaixotasun gisa aitortzeko eta ikerketak martxan jartzeko. Proposamenak, baina, ez zuen nahikoa babes lortu, eta, haren ordez, EAJk eta PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa batek egin zuen aurrera. Gobernua sustatzen duten alderdiek onartutako ebazpenak hiru eskaera egiten dizkio Eusko Jaurlaritzari: batetik, kontsultetan COVID-19 iraunkorra duten gaixoen bilakaera aztertzeko, eritasunaren diagnostiko «egokirako» beharrezkoak diren probak egiteko, eta pazienteei eta senideei «laguntza emozionala» emateko.Eta, bestetik, Osakidetzari galdegin diote lehen mailako arretatik COVID-19 kronikoari buruzko ikerketa lerroak sustatu ditzala.

OMEk aitortua du COVID iraunkorra existitzen dela, baina Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu zuen oraindik pauso asko geratzen direla eri horien aitortza eta arreta egokia lortzeko. «Osakidetzak gaixotasun gisa aitortu ezean, pertsona hauek ahaztuta geratuko dira, ikusezin». EH Bilduren proposamenarekin bat etorri zen Elkarrekin Podemos-IU, eta taldeko legebiltzarkide Jon Hernandezek Osakidetzari eskatu zion eritasuna ikertzeko «ahalegina» egiteko. PPko Laura Garridok azpimarratu zuen COVID iraunkorra «errealitate» bat dela eta ezinbestekoa dela gaixoen «diagnostiko azkarra» eta kontrol egokia egitea.

Luis Javier Telleriak (EAJ) eta Ekain Ricok (PSE), berriz, ohartarazi zuten COVID iraunkorrari buruzko «zalantza ugari» daudela oraindik, eta komunitate zientifikoan ez dagoela adostasunik. Ikerketak egiten diren bitartean, oraindik sintomak dituztenei arta egokia ematea defendatu zuten.

Plataformakoen aldarria

Euskal Herriko COVID Iraunkorra plataformako kideak Eusko Legebiltzarreko bilkurara gonbidatu zituzten atzo, eta saioa hasi aurretik euren aldarrikapenak azaldu zituzten komunikabideen aurrean. Begoña Toquero eta Isabelle Delgado plataformako kideek salatu zuten Osakidetzako lehen mailako arretako medikuen artean ez dagoela gaixotasunari buruzko informazio nahikorik, eta osasun agintariek ez dutela borondaterik gaixotasuna ezagutzeko. Gaixo daudenen diagnostiko egokia ere galdegin zuten, gogora ekarrita diagnostiko horretarako ezin dela eskatu PCR positiborik, izurriaren lehen olatuan ez zirelako nahikoak egin, ezta antigorputzen proba positiborik ere, gaixo guztiek ez dituztelako sortu.

Hori horrela, lehen mailako arretan gaixotasunaren tratamendurako unitate espezifikoak sortzea aldarrikatu zuten, Nafarroan egin duten moduan. «Gure sintomak iraunkorrak eta askotarikoak dira; oraingoz, hainbat espezialistak artatzen dituzte, baina arreta holistikoa eta integrala behar dugu». Gaixotasuna ikertzeko ere galdegin zuten, baita osasun agintarien inplikazioa ere. «Ez gaude sendatuta; eta ez dugu baztertzea merezi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.