Elizako sexu abusuen inguruko ikerketa batzordea, PSOEren zain

Kongresuan batzorde bat sortzeko eskaerak lehen tramitea gainditu du, baina sozialistak aztertzen ari dira aditu talde bati agintzea ikerketa

Elizgizonen abusuen biktima batzuk, atzo, Espainiako Kongresuaren atarian, Unidas Podemoseko kideekin. E. NARANJO / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Eliza katolikoaren barruan adingabeei egindako sexu abusuak ofizialki ikertzeko eskatu duten ahotsak ozendu egin dira azken urteotan, eta apurka hainbat erakundetara iritsi da haien oihartzuna. Espainiako Kongresuan eztabaidagai dute ikerketa batzorde bat sortzeko aukera, eta proposamenak lehen urrats parlamentarioa gainditu zuen atzo, baina PSOEk zalantzak agertu ditu formatuaren inguruan: kongresuan batzorde bat eratzea egokia ote den, EH Bilduk, Unidas Podemosek eta ERCk eskatu duten moduan, ala ikerketa hori aditu talde bati agintzea komeni den, EAJk galdegin duen bezala.

Ez da sozialistek abusuon ikerketaren inguruan agertutako duda bakarra. Atzo, Espainiako Kongresuko Mahaiak tramiterako onartu zuen ikerketa batzordea sortzeko eskaera, PSOEren babesarekin; alderdiak bezperan argitu zuen proposamenaren alde bozkatuko zuela, Gorteetako legelarien txostenak batzordeari oniritzia eman eta gero. Orain, osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu beharko dute eskaera, Bozeramaileen Batzordeak gai zerrendan txertatzen duenean; ikerketa galdegin duten talde politikoek PSOEri eskatu diote pauso hori ez trabatzeko. Mertxe Aizpurua EH Bilduren eleduna aukera baliatu beharraz mintzatu da: «Indar politikoek urrats hau egiten duten lehen aldia da».

Baina, PSOEren inguruko iturriek berri agentziei azaldu dietenez, sozialistek ez dute nahi kongresuko batzordea «ikuskizun» bihurtzea, eta aztertzen ari dira talde independente baten alde egitea. Hain justu, horixe eskatu zuen EAJk joan den astean: legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, ikerketa hori aditu talde baten esku uzteko, hark gerora txosten bat helaraz diezaion kongresuari; jeltzaleen ustez, formatu hori «egokiagoa» da, parlamentuko ika-mika ideologikoetatik aldentzen delako eta biktimekiko «errespetua» hobeto zaintzen duelako.

Zalantzak zalantza, auzia ikertu egingo dela adierazi zuen atzo Isabel Rodriguez EspainiakoGobernuaren bozeramaileak: «Egingo dugu, eta ondo egingo dugu». Nola egin erabaki bitartean, Elizaren sexu abusuen biktimekin bilduko da Pedro Sanchez gobernuburua bihar.

Gasteizen ere eztabaidagai izango da auzia laster. EAJk kongresuan egindako eskaera Eusko Legebiltzarrera ekarrita, legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen atzo Elkarrekin Podemos-IU koalizioak: Eusko Jaurlaritzari galdegin dio elizgizonek adingabeei eginiko abusuak aztertzeko «ikerketa batzorde independente bat» sortzea.

Fiskaltzaren agindua

Baina eremu politikoan ez ezik, justizian ere izan dira mugimenduak. Elizaren erakundeetan gertatutako sexu abusuen inguruan zabalik dauden auzibideen berri izan nahi du Estatuko Fiskaltza Nagusiak, beraz, autonomia erkidegoetako fiskalei agindu die salaketa eta kereila guztiak bidaltzeko hamar eguneko epean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.