Hirugarren sator zuloa

Bilboko metroaren hirugarren lineako trenek gaur ekingo diote bideari. Zortzi urteko lanen ondoren, atzerapenarekin inauguratuko dute. Hiriaren iparraldeko auzoei emango die zerbitzua, aspaldiko eskaerari erantzunez. Izan ere, erdigunera begira eraiki zen lehen linea, duela 22 urte.

Hirugarren sator zuloa.
Bilbo
2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azkenean, iritsi da. Periferiako auzoetara zabaltzen hasi da Bilboko metroa, iparralderantz. Hirugarren linea gaur estreinatuko dute Otxarkoagak, Txurdinagak, Zurbaranbarrik, Uribarrik eta Matikok. Langileen auzoen aspaldiko aldarrikapena gauzatzen hasi da, baina batzuek itxaron egin beharko dute oraindik. Errekalde eta Iralara eramatea aztertzen ari dira; Kastrexana, Olabeaga eta Zorrotza ingururako, ordea, asmorik ez dago.

Zazpi geltoki dauzka linea berriak, Matikotik Kukullaga-Etxebarriraino, 5.885 metro luzean. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, erdi bana: 280 milioi euro, 28 tren unitateen 150 milioiez gain. Euskal Trenbide Sarearen (ETS) datuen arabera, 71.000 biztanleri emango die zerbitzua, eta eguneko 16.000 bidaiari espero ditu. Astegunetan, zazpi minutu eta erdiko maiztasunaz ibiliko da, eta hamabi minutu beharko ditu ibilbidea osatzeko. 2009ko maiatzean abiatu zituzten eraikitze lanak.

Bilboko Metroak ez, Euskotrenek kudeatuko du hirugarren linea, bere sareko gainontzeko lineekin bat egingo baitu metroak. Aldaketa mailakatua izango da. Lehenengo, Txorierri eskualdeko trenbidea hirugarren linearekin elkartu dute, eta, gaurtik aurrera, Kukullaga-Etxebarriraino joan ahalko da, trenetik jaitsi gabe.

Metroaren lehen eta bigarren lineekiko lotura Zazpikaleetako geltoki berrituan egongo da —Bilboko Metroak kudeatzen ditu—. Orain arte, Bilbo eta Lezama (Txorierri) elkartu ditu Euskotrenen bideak, Artxandaren azpitik. Bide bikoitzeko, tunel berria egin dute, eta lehena bigarren mailako erabilerarako utziko dute.

Linea berriaren lanak egin bitartean, Txorierriko trenak Erandiora bideratu dituzte, antzinako bidetik. Lutxanako geltokian egin izan dute aldaketa metrora, Bilbora joateko. Linea hori sei hilabete gehiagoz edukiko dute martxan, proba moduan; epe hori igarota erabakiko dute betiko eutsi edo ez.

Lezamatik Donostiaraino

Txorierri tren sarean sartzeak ondorio gehiago ere ekarriko du. Izan ere, Urdaibaitik eta Donostiatik datozen trenekin lotuta egongo da linea berria, Kukullaga-Etxebarri geltokian. Eta, laster, trenez aldatu gabe jarraitu ahalko dute Lezamaraino. ETSk iragarri duenez, Donostiako trenek ekainean egingo dute aldaketa, eta Urdaibaikoek, 2018ko irailean. Gaur egun, Atxuriko geltokian (Bilbo) amaitzen dute ibilbidea, baina, aldaketa osoa gauzatzen denean, Atxurik bere erabilera galduko du. Beraz, trenak Lezama edo Matikotik atera, eta, metroaren hirugarren linearen bitartez, Etxebarri, Bermeo eta Donostiaraino joango dira.

Prezioei kritika

Linea berriarekin, metroaren eta Euskotrenen arteko txartel bateratua ere iritsi da, baina protestak eragin ditu: metroan, Euskotrenen eta tranbian erabilgarri dauden Bidai eta Oro txartelen —bidaia edo egun kopuru jakin baterako balio dute, baina berriro kargatu daitezke— tarifak «neurrigabe» igo direla salatu dute ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta LSB sindikatuek, eta mobilizazioak abiatu dituzte. EH Bilduk ere prezioen igoera salatu du asteon: «Euskotrenen, %40raino; Bilboko Metroan, %30eraino. Ez da onargarria!». Tarifa bakarraren aldeko apustua egin du.

Hain zuzen, horri buruz eztabaidatzeko eskatu diete sindikatuek Bizkaiko Batzar Nagusiei, eta hainbat irizpide proposatu dituzte: edozein garraiobide erabiltzeko prezio bera ordaintzea; garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, orduan eta merkeago izatea; prezioa norbere errentaren arabera zehaztea; zerbitzu «publikoa eta kalitatezkoa» bermatzea; eta txartelak Bizkai osoan erabilgarri izatea —baita autobusetan ere—.

Etorkizunean, zer?

Hirugarren linearen inaugurazio eguna hurbildu ahala, askoren ahotan izan dira metroaren etorkizuneko proiektuak: laugarren linea —Errekalde auzora—, bosgarrena —Galdakaora—, eta hirugarren linearen aireporturako lotura. ETSk azaldu duenez, gaur- gaurkoz, ez dago ezer erabakita, horrelako azpiegiturek diru inbertsio «oso handia» eskatzen dutelako, eta zer egin aztertzen ari direlako. Hain zuzen, Bilbo hegoaldeko auzokideen elkarteek eta eragileek laugarren linea egiteko proiektua abia dezatela eskatu diete erakundeei. Metro Linea 4 plataformak salatu du «historikoki baztertuta» egon direla; 75.000 pertsona bizi dira auzo horietan.

Metroaren lehen linea 1995ean abiatu zen: Bilboko Zazpikaleak eta Plentzia lotu zituen. Handik hiru urtera heldu zen Santutxu auzora. Ezkerraldeko herriek, berriz, 2002ra arte itxaron behar izan zuten metroaren lehen geltokiak erabiltzeko; izan ere, bigarren linea hura apurka egin zuten. Gaur egun, Kabiezes (Santurtzi) eta Basauri lotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.