Euskal presoen urruntzea.

Espetxerako bidaiek higatuta

Euskal presoen urruntzeak adinekoei zer kalte egiten dien aztertu du Etxerat-ek txosten batean. Ondorio argia du: kartzelarako joan-etorriek okertu egiten dute 60 urtetik gorako senideen osasun fisikoa eta psikologikoa.
Euskal presoen guraso ia gehienek 70 urtetik gora dauzkate, eta milaka kilometro egin behar dituzte seme-alabak ikusteko.
Euskal presoen guraso ia gehienek 70 urtetik gora dauzkate, eta milaka kilometro egin behar dituzte seme-alabak ikusteko. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Edurne Begiristain

2018ko otsailak 6
Euskal presoak urruntzeko politikak kalte nabarmena egiten dio 60 urtetik gora dituzten senideen osasunari. Hori da Etxerat elkarteak osasun alorreko hainbat profesionalen laguntzarekin landu duen txostenaren ondorio behinena. Mediku taldeak egindako azterlanean, espetxeetarako bide luzeek adineko jendeari sortzen dioten «higadura» aztertu dute, arlo fisikoan zein psikologikoan. Martxoaren hasieran hasiko da Etxerat horren berri ematen Euskal Herriko auzo eta herrietan, hitzaldi sorta baten bidez. Txostenarekin batera, lekukotasunak jasotzen dituen bideo bat ere zabalduko du.

Ana Pereda Garcia de Olano medikuak eta Ixone Legorburu psikologoak landutako txostenekin egin du Etxerat-ek azterlana. Osasun alorreko 30 profesional inguruk babestu dituzte lan horiek. Adituek ondorioztatu dute urruntze politikak eragin «kaltegarria» duela adinduen osasun egoeran, fisikoki zein psikologikoki. Txostenak osatzeko presoen senideekin egindako elkarrizketetan lortutako datuak baliatu dituzte, bai eta eremu klinikoan egoera hori pairatu izan dutenekin lan egindako profesionalen esperientzia ere; izan ere, horri buruzko ikerlan ofizialik ez dago gaur egun.

Etxerat-ek txostenean azpimarratu duenez, kolektibo horrekin lotura afektiboak dituzten guztiek pairatzen dituzte, salbuespenik gabe, euskal presoen urruntzeak senide eta hubilekoengan dituen ondorio gogorrak. Baina ondoriorik kaltegarrienak, ezbairik gabe, egoerarik «zaurgarrienean» daudenek sufritzen dituzte: haurrek, gaixoek eta adinduek.

Jakina denez, euskal presoen %70 jaioterritik 600 eta 1.100 kilometrora arteko distantzian daude kartzelatuak; %21, berriz, 400 eta 590 kilometrora daude, eta %9 soilik dituzte 400 kilometrora baino gutxiagora. Hortaz, batez beste, senideek 600 eta 800 kilometro artean egin behar izaten dituzte, preso duten hurkoa 40 minutuz bisitatu ahal izateko.

60 urte baino gehiago dituzte espetxean dauden euskal presoen guraso ia guztiek (%98k), eta horietatik gehien-gehienek, 70 urte baino gehiago. Gurasoak ez ezik, osaba-izebak eta aitona-amonak ere adin berekoak dira. Urruntze politikaren ondorioz, ia denek 10 eta 30 urte artean daramatzate espetxeetarako bidaia «etengabe, luze eta garestiak» egiten, Etxerat-ek ohartarazi duenez.

Gaitzak garatzeko aukera

Espetxeetara bidaiatzeak adinekoei egozten dien zama ez da nolanahikoa. Etxerat-ek gogoratu du bidaien baldintzak ez direla oso egokiak izaten: arazo bilakatzen dira espetxe bakoitzaren ordutegiak, ordutegi horiek bidaia luzeekin uztartzeko zailtasunak eta azken orduko ustekabeak, besteak beste. Horrek denak «urduritasuna» eta «presioa» eragiten die bidaiatu behar duten senide adindu eta gaixoei. Egoera hori denboran luzatzen denez, «larriak» eta «ekidiezinak» izaten dira osasunean dituen ondorioak; maiz baita bizia arriskuan jartzeko modukoak ere.

Hala, hainbat gaitz garatzeko aukera handiagoa dute espetxeetara bidaiatu behar izaten duten senideek. Besteak beste, zirkulazio arazoak, hipertentsioa, bizkarreko minak, artrosia, lunbagiak, kardiopatiak, ondoeza, mina, zorabioak eta akidura pairatzen dituzte. Gainera, gero eta «nekezago» eta «makalago» indarberritzen dira.

Mediku taldeak egindako azterketak agerian utzi du urruntzeak oso ondorio «ankerrak» izaten dituela ume, adineko eta gaixo dauden senideen osasunean, eta uste dute ezinbestekoa dela politika hori amaiaraztea. Estres egoera da, lan horren arabera, presoen gurasoek pairatzen duten gaitzik ohikoena. «Adinduen organismoek nekez kontrola dezakete estresa, eta esperientzia horrek arazo fisiko zein psikologikoak larritu besterik ez die egiten», medikuek diotenez. Gainera, gehiegizko estresak bestelako eritasun larriagoak sortzen dizkiela nabarmendu dute, eta horien artean aipatu dituzte gluzemia, frekuentzia kardiakoa eta tentsio arteriala igotzea, midriasia eta arnas frekuentziaren handitzea.

Espetxera bidaia luzeak egiten direnean, senideek ordu asko ematen dituzte autobusean edo autoan, eta denbora luzez jarrera berean egoteak arazoak sortzen dizkie maiz lepoan eta bizkarrean. Medikuek diotenez, hanketako edemak izaten dira gaitzik ohikoenak, eta horrek areagotu egiten die zainetako tronbosi sakona izateko arriskua. Bidaia luzeek areagotu egiten dituzte adin jakin batzuetan ohikoak izaten diren eritasun batzuk izateko aukerak; besteak beste, gaixotasun kardiobaskularrak, hepatitis kronikoak eta hezurrekin, arnasarekin eta digestioarekin lotutako eritasunak.

Espetxeetarako joan-etorriak arlo psikologikoa ere minduta uzten du. Adinduek zein gaixo dauden senide askok ezin diete aurre egin halako bidaiei: batzuk urtean bitan edo hirutan soilik joaten dira espetxera, eta beste batzuek urteak ematen dituzte preso dagoen senidea bisitatu ezinik. Horietako asko, gainera, senidea ikusi gabe hiltzen dira. 65 urte baino nagusiagoak diren pertsonen %20k bi edo hiru gaixotasun kroniko dituzte, eta bidaia luzeak egiteak osasuna larriagotzen die, txostenaren arabera. Antsietate handia sortzen die bidaiatzeak, eta, sarri askotan, familiak erabakitzen du bisitak etetea. Osasun alorreko profesionalek diote horrek senideei «inpotentzia, tristura, eta atsekabea» sortzen dizkiela.

Poltsikoa eta pentsioa

Osasunean ez ezik, poltsikoan ere nabari dituzte senideek urruntzearen ondorioak. Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko pentsiodunen plataformak «kezka» hori jaso du txostenean. Gogoratu dute senide askok arazoak dituztela bidaia luzeak egiteko, pentsio txikiak dituztelako: gehienek 700 eurotik beherako pentsioak dauzkate.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna