Jaurlaritzak DBHrako deitutako LEPeko emaitzek «ezinegona» eragin dute

Elkartzen hasi dira hainbat hautagai, kexu. Emaitzak apalak izan dira hainbat etsaminetan; Steilasen ustez, lekuen %25 inguru ez dira beteko

Irakaskuntzako lan deialdi baterako etsaminak Barakaldon, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
«Ezinegona». Sentimendu hori gainetik kendu ezinik dabiltza bigarren hezkuntzan irakasle lanpostu bat lortzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako lan eskaintza publikoan izena emanda dabiltzan hautagaiak; izan ere, etsaminetako emaitzak aski apalak izan dira hainbat adarretan, eta posturik gabe geratuko dira irakasle asko horren ondorioz;lanpostu asko, halaber, finkatu gabe. Steilas sindikatuak egindako kalkuluen arabera, lekuen %25 inguru bete gabe geratuko dira.Erreklamazioen inguruko ebazpenak argitzeko daude oraino, hala ere; emaitza behin betikoak falta dira.

Lan eskaintza ulertzeko eta antolatzeko eran ikusten dute arazoaren muina sindikatuan, eta horren gaineko ohartarazpena egin zuten atzo propio gaia hizpide hartuta plazaratu zuten ohar batean: «Inposaturiko oposizio eredu honekin ez gatoz bat, izan ere, irakasleen trebetasuna ezin da prozesu memoristiko inpertsonal baten bidez ebaluatu, irakaskuntza azterketa hauetan ezin froga daitezkeen gaitasun anitzen konbinazioa baita». Prozedurak behar baino «gardentasun» gutxiago duela erantsi zuen sindikatuko ordezkari Nagore Iturriotzek, eta aldaketak behar direla. Horregatik, zerrendatuak dituzte Hezkuntza Sailarentzako hainbat eskari. «Azterketak ez baztertzaileak izatea, gaitegiak eta curriculumak berritzea, eta zuzenketa eta errebisio prozeduraren gardentasuna bermatzea».

Gainditu ezinik

Sare sozialen bidez antolatzen hasi dira hainbat hautagai, azterketetako emaitzekin arduratuta. «Hainbat etsaminetan %30 baino gutxiago izan dira gainditu dutenak», azaldu du eskaintza publikoan parte hartu duen irakaslegaietako batek —ez du izenik eman nahi—. «Baina orokorra izan da». Bere adarra adibide: gaztelania. Hiru epaimahaitan banatu zituzten hautagaiak: bakoitzean 65 irakaslegai inguru ebaluatu zituzten. «Batean hemeretzi hautagaik gainditu zuten; bestean, hemezortzik; hirugarrenean, hamazazpik». Erreklamazioa jartzera joandakoan, eragozpenak. Legez, azterketarik ezin dute ikusi hautagaiek, eta zinetan burugabea iruditzen zaie. «Nola hobetuko dugu horrela?». Esan du ebaluazio irizpideak ere eskatu zituztela, baina horiek ere ez zizkietela eskura jarri. Emaitzarekin ados ez daudenak erreklamatzera animatu ditu Steilasek.

Onartu du, hala ere lan eskaintza publikorako epaimahaietan dauden profesionalek «lan zama» handia dutela gainean, eta haien «lan baldintza egokien» alde ere egin behar dela. Horregatik, funtsean, langile publikoak aukeratzeko eredu berri baten alde egin behar dela adierazi du. Langileen ordezkariekin «oposizio prozedura zilegi eta errealista» bat negoziatu behar dela argudiatu du: «Bada garaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.