Tigre eltxoaren arrautzak agertu dira Donostiako karabana gunean

Ingurua fumigatzekoa da udala; euririk ez bada, astelehenean. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko eremuan agertu dira aurretik arrastoak
Tigre eltxo bat, artxiboko irudi batean.
Tigre eltxo bat, artxiboko irudi batean. BERRIA

Arantxa Iraola -

2018ko irailak 22
Lapurdin agertu izan ohi dira aurretik; Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan ere bai, eta atzo tigre eltxoaren arrautzak Donostian agertu direla jakin zen: Estornes kalean, autokarabanentzat atonduta dagoen eremuan. Ziztaden bidez gaixotasunak zabaltzen dituen intsektu klaseetako bat da, eta berehala iragarri du Donostiako Udalak neurriak hartuko dituela: inguru hori guztia fumigatzeko asmoa du. Euririk ez bada, astelehenean bertan. Aurretik bertatik karabana guztiak erretiratu, eta ingurua lainoztatzea da udal arduradunen asmoa. Arrautzak agertu diren tokia ardatz gisara hartu, eta inguruko 50 metroak fumigatuko dituzte.

Aurkikuntza propio eltxo horien gaineko kontrolerako ipinita dauden tranpetako batean egin dute. Hainbat tokitan jarrita daude tankera horretako gailuak Donostian, eta Euskal Herriko beste hainbat tokitan. Oro har, kaietan, aireportuetan eta turista asko ibiltzen diren tokietan jartzen dira gehienetan. Pneumatiko asko dauden tokiei ere aparteko arretaz erreparatzen zaie normalean; adituen arabera, eltxoaren arrautza batek sei hilabete inguru egin ditzake gurpil batean. Ura pilatzen den tokietan ere neurriak hartu behar izaten dira sarri; izan ere, eltxoek ura ezinbestekoa dute ugaldu ahal izateko.

Munduak globalizaziora egin duen heinean, eltxoak gero eta errazago zabaltzen dira, eta horrek egin ditu kontrol neurriak ezinbesteko. Klima aldaketaren ondorioz ere antzeman dira aldaketak eltxoen kokaguneetan. Mediterraneoko kostan agertzen dira tigre eltxoak, Katalunian-eta esaterako, eta aparteko programak daude kontrolatzeko. Euskal Herrian, orain arte, bakanak eta urriak izan dira aurkikuntzak. 2016an, zika gaitza erruz zabaltzen hasi zen Hego Ameriketako hainbat tokitan, eta agerian geratu zen kontrolen garrantzia.

Asiatik barreiatua

Halako neurriekin erne jarraitu behar dela diote adituek. Izan ere, hainbat gaitz zabaltzeko bektorea izan daiteke tigre eltxoa: besteak beste, dengea, chikungunya eta zika. Ziztaden bidez zabal ditzake gaixotasun horiek; emeek egiten dute zizta. Tigre eltxoa Aedes albopictus gisa izendatzen dute zientzialariek. Jatorria Asian du, baina Afrikan, Ameriketan eta Europan ere zabalduta dago egun. Ingurumenaren babesaz arduratzen diren talde askok ohartarazi dute espezie inbaditzaile gisara egin ditzakeen kalteez, eta kontrol neurrien eskea egin dute. Zuri-beltza da; bularraldean ditu ezaugarritzen duten marrak. 5-10 milimetro luze da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna