UDAKO SERIEA. Gaztaren bidea (II). Ekoizpena.

Sor marken gerizpean

Euskal Herriko ardi gazta ekoizle gehienek hiru jatorri izendapenen arauei jarraituz egiten dute gazta, produktua errazago eta garestiago sal baitezakete. Ossau-Irati da handiena, eta Erronkari txikiena.
Latxa Esnea kooperatibako, Idiazabal eta Erronkari sor marketako, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, iaz egindako agerraldi batean.
Latxa Esnea kooperatibako, Idiazabal eta Erronkari sor marketako, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, iaz egindako agerraldi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Aitziber Arzallus -

2019ko abuztuak 8
Euskal Herrian gaztaz hitz egiten denean, ardi gaztaz hitz egiten da. Oraintsu arte hala izan da behintzat. Beste mota batzuetako gaztak beti egin izan diren arren, ardi esnez eginikoek lortu dute izena eta ospea. Sor marken indarrak lagundu du horretan, jatorri izena duten Euskal Herriko hiru gaztak ardi esnez egindakoak baitira. Erronkari, Idiazabal eta Ossau-Irati gaztak dira.

Erronkari Nafarroako ipar-ekialdeko bazterrean dagoen ibar bat da. Han daude Euskal Herriko mendirik garaienak, 2.000 metrotik gorakoak. Kokapen geografiko hori dela eta, berezko gazta berezia sortzen dute hango gaztagileek. Latxa arrazako ardien esne gordina erabilita egiten dute, eta klimak modu berezian ontzen du, mikroklima dagoela esaten baitute. Ibarra osatzen duten zazpi herrietan —Uztarroze, Izaba, Urzainki, Garde, Bidankoze, Burgi eta Erronkari— dauden gaztandegietan soilik egin daiteke Erronkari gazta, Pirinioen magalean hazitako ardien esnearekin. Azken kanpainan bost gaztandegik jardun dute gazta egiten, 131 artzainek ekoitzitako esnearekin. 2,8 milioi litro erabili dituzte eta haiekin 385.000 kilo gazta ekoitzi.

Gaztagile eta esne hornitzaile kopuruari eutsi egin diote eta ekoizpenari ere bai. Baina aurki arazo «handiak» izan ditzaketela ohartarazi du Patxi Zalbak, maiatzera arte Erronkari sor markako lehendakari izandakoak: «Erronkari biztanleria galtzen ari da, eta zortzi edo hamar urte barru ez da egongo artzain eta gaztandegi nahikorik».

Idiazabalen, hobeto

Ez du halako arazorik espero Miriam Molina Idiazabal sor markaren zuzendariak, «bestela, zerbait gaizki egiten ari garenaren seinale». 2018an, 1.357.725 milioi kilo gazta egin zituzten jatorri izenean dauden 123 gaztandegiek. Zenbaki horien bueltan ibili ohi dira urtero, nola ekoizpenari hala gaztandegien kopuruari dagokionean. «Batzuek sektorea uzten dute erretiroa hartzeko garaia iritsi zaielako, baina urtero sartzen dira hiruzpalau berri, eta oso jende gaztea izaten da gainera. Erreleboa badago, eta alde horretatik pozik gaude».

Hego Euskal Herri guztiko ekoizleek egin dezakete Idiazabal gazta. Hiru motatako ekoizleak bereizten dituzte: baserrikoak, ertainak eta handiak. Baserrikoak dira gehienak, ehun inguru, eta gazta egiteko etxeko ardien esnea bakarrik erabiltzen dute. Ekoizpenaren %41 egiten dute.

Ertainek ehun tona arteko ekoizpena dute eta gazta egiteko behar duten esnea —guztia edo parte bat —beste artzainei erosten diete. Kooperatibetan elkartuta dauden artzainak talde horretan daude. Hogei bat dira, eta ekoizpenaren %22 egiten dute.

Azkenik, gaztandegi handiak daude: ehun tonatik gorako ekoizpena dute eta gazta egiteko behar duten esne guztia artzainei erosten diete. Idiazabal ekoizpenaren %37 egiten dute.

Nafarroako Basaburuko Udaben dago Idiazabal gazta gehien ekoizten duen gaztandegia, Dorrea. Hamazazpi langile ditu, eta iaz 170 artzaini hartu zien esanea, 400.000 kilo gazta egiteko. 2017an baino %25 gehiago ekoitzi zuen. Euskal Herrian ez ezik, Espainian, AEBetan, Japonian, Alemanian eta Frantzian ere saltzen du.

Ardi gaztari dagokion hirugarren sor marka, handiena ekoizpen aldetik, Ossau-Irati da. Ipar Euskal Herriak, Biarnoko parte batek eta Pirinio Garaiak departamenduko hiru herrik osatzen dute sor marka horren eremua, eta 3,5 milioi kilo gazta inguru merkaturatzen dituzte urtean.

Ipar Euskal Herrian 3.700 etxalde daude, eta erdiek inguruk ardi esnea ekoizten dute. Esne guztia Ossau-Irati sor markak zehaztutako arauen arabera ekoizten dute, eta ordaindu ere, hala ordaintzen diete. Dena dela, erdia inguru erabiltzen dute Ossau-Irati gazta egiteko. Iparraldeko artzain gehien-gehienek ekoizten duten esne guztia saldu egiten dute. Bezero nagusietako bat Heletako Agour gaztandegia da. Lapurdiko eta Nafarroa Behereko 130 artzainen esnea erabiltzen du gazta egiteko. Beste 150en bat artzainek euren etxaldean bertan eraldatzen dute esnea. ?

Zuzeneko publizitatea

Jatorri izen guztiek bi egiteko nagusi izaten dituztela azaldu du Molinak. «Batetik, ekoizpena kontrolatzen dute, alegia, araudiaren barruan zer gazta sartzen den eta zer ez esaten dugu. Eta bestetik, sor marka sustatzeko eta ezagutzera emateko jarduerak antolatzen ditugu». Ahalik eta toki gehienetara joaten saiatzen dira Idiazabal sor markakoak. «Telebistan publizitatea egiteko dirurik ez daukagunez, beste estrategia batzuk erabili behar izaten ditugu. Muturra sartzen dugu ahal dugun toki guztietan, bai Euskal Herrian, baita gure mugetatik kanpo ere». Nazioarteko lehiaketetara joaten dira, dastaketa komentatuak antolatzen dituzte, prentsan azaltzen saiatzen dira... Eta horrez gain, harremanak lantzen dituzte. Udalekin, beste erakundeekin, turismo bulegoekin, beste sor markekin, eta beste produktu batzuekin. «Daukagun harreman sarea da gure altxorra».

Idiazabalek 30 urteko ibilbidea du, eta egindako lanaren emaitza da gaur egun merkatuan duen lekua eta nazioartean duen sona. Joaten diren lekura joaten direla, «Idiazabal sor markatik gatozela esatean, ateak parez pare irekitzen dizkigute eta irribarre handiarekin hartzen gaituzte».

Bihar: Etorkizuneko artzainak eta gaztagileak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna